'Lilium pyrenaicum' landarearen 450 ale aurkitu dituzte Debagoienean eta, Jose Antonio Aperribai botanika adituaren esanetan, "inportantzia handiko aurkikuntza" da espezie horren biziraupenerako. "Orain arte ale bakan batzuk aurkitu izan ditugu, baina elkarrengandik urrun eta gutxi. Aurkikuntza honek orain arteko eskema guztiak apurtu ditu. 450 ale baino gehiago topatu ditugu, loraldi maila altuarekin, gainera", nabarmendu du.
Gaineratu du aurkikuntzak lagunduko duela landare "enblematiko" horren kontserbazioari buruzko azterketa gehiago egiteko. "Hazi egingo da landare hori kontserbatzeko bideragarritasuna, hazien sakabanatze naturalaren ondoriozkoa zein laborategi bidezkoa, Olarizuko Lorategi Botanikoko ikertzaileek erakutsi duten moduan".
Debagoienean aurkitu duten Lilium pyrenaicum landarearen multzo hori, Aperribairen esanetan, "zonalde kantabriar-piriniar osoan dagoen handiena" izan daiteke, eta zera gehitu du: "Ez daukagu inolako zalantzarik, guztion elkarlanarekin, landare horren kontserbazioa bermatu dezakegula".