Beroaldia (2026ko ekaina)

San Juan bezperako gauari begira, prebentzio mezua zabaldu du Aldundiak

Hasier Larrea 2026ko ekainaren 23a

Jaietan suteak ekiditeko jarraibide zehatzak eman ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, segurtasuna eta herritarren ardura erdigunean jarriz.

Hainbat herritan ohiturazko ospakizuna den San Juan jaiez zentzuz gozatzeko dei egin du Aldundiak, ingurumena eta pertsonak arriskuan jarri gabe.

Suak egiteko debeku eta gomendio zerrenda bat zabaldu du. Suak ezin dira egin auto, eraikin, gas-hodi, linea elektriko edo landareetatik gertu. Gainera, basoetatik eta landaretza handiko guneetatik urrun egon behar dute; landa-guneetan, landaretzatik gutxienez 40 metrora.

Pizten diren suek ezingo dute lau metro baino gehiagoko garaiera izan, eta haize handia dabilen kasuetan, ezingo dira piztu. 

Sua pizteko papera edo lasto lehorra erabiltzea gomendatzen da, eta guztiz debekatuta dago gasolina, alkohola edo disolbatzaileak erabiltzea. Halaber, ezin da sutara bota produktu piroteknikorik, sprayrik, pneumatikorik edo plastikorik, ke toxikoak sortzen baitituzte.

Inguruko leihoak eta balkoiak itxi egin behar dira txinpartak sar ez daitezen. Adin txikikoei dagokienez, heldu batek kontrolatu behar du sua uneoro eta adin txikikoak gainbegiratu. Gainera, suaren gainetik salto egitea saihesteko eskatu du Aldundiak. 

Lekua utzi baino lehen, ziurtatu behar da ez dagoela ez sugarrik ez erretxinik. Hondakinak lurrarekin edo harearekin estaltzea da gomendioa. Prebentzio gisa, komeni da su-itzalgailu bat edo mangera bat eskura izatea.

Edozein gorabehera gertatuz gero, berehala deitu behar da 112 (SOS Deiak) telefonora. "Gauean zehar suhiltzaile-parkeak eta baso-suteak itzaltzeko baliabideak erabat operatibo eta alertan egongo dira", esan dute Aldundiko arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak