Beroaldia (2026ko ekaina)

Bero-boladari aurre egiteko gomendioak

Mirari Altube Arrese 2026ko ekainaren 22a

Herritar bat guardasolarekin astelehen goizean.

Euskal Meteorologia Agentziak ezarritako alarma gorriaren aurrean Segurtasun Sailak LABIren Larrialdi Fasea deklaratu du: 0 egoera, gertakariaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egiteko. Era berean, Osasun Sailaren 2026ko Bero Planak jasotzen dituen gomendioak jarraitzeko aholkatu du.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, muturreko tenperatura altu eta iraunkorren aurrean, eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko, Osasun Sailaren 2026ko Bero Planak jasotzen dituen babes-gomendioak jarraitzea aholkatu du. Hona hemen horiek:

Aire zabaleko berotik babestea

  • Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
  • Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
  • Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
  • Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.

Etxea fresko mantentzea

  • Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
  • Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
  • Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
  • Haizegailuak kontuz erabili, 35 gradutik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
  • Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
  • Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, klimatizatutako lekuetara jo, esaterako, eraikin publikoetara.

Deshidratazioa saihestea

  • Edan sarri ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
  • Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
  • Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
  • Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.

Pertsona zaurgarrienak zaintzea

  • Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
  • Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
  • Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.

Laneko arriskuen prebentzioa

  • Lanak planifikatzea, bero handieneko orduetan ez egiteko.
  • Etengabe hidratatzea.
  • Ur edangarrirako sarbidea duten eremu hoztuak gaitzea, atsedenaldiak maiz egin ahal izateko.
  • Arropa arina eta eguzki-babesa erabiltzea.
  • Intsektuak uxatzea eta ur geldiko eremuak saihestea, bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko.

Larrialdietan, 112 telefono zenbakira deitu behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak