Puntua aldizkariaren 503. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Txupinazoarekin edo jaitsierarekin hasi ohi dira herrietako jaiak Debagoienean. Festak dirauen bitartean, ordea, musikak janzten ditu egunak, eta ezinbesteko elementu bihurtzen da, izan kalejiretan, kontzertuetan edota taberna eta txosnetan. Musika popularrak ere badu lekua, eta abestietako askok badute antzekotasun bat: jai horretarako propio sortu diren kantuak dira eta festetako une bereziak alaitzen dituzte: jaien hasiera, kontzertuen une bat, danborradak.... Gainera, herritarrek sortuak izan daitezke, eta horiek ekarri ditugu orri hauetara.
Bergaran, aita-semeen doinuak
Musikarekiko tradizioagatik jaietarako doinu gehien dituen Debagoieneko herria da Bergara, eta bi egile nabarmentzen dira: Miguel Gonzalez Bastida eta Alfredo Gonzalez Chirlaque aitasemeak. Musikari lotutako familia baten oinordekoak dira. Biak izan dira, besteak beste, Bergarako Musika Bandako zuzendari eta biek sortu dituzte Pentekosteetan eta sanmartinetan entzuten diren doinuak. Gonzalez Bastidarenak dira Bitorianatxoren jaitsierako Pobres y alegres (50eko hamarkada), San Martin jaietan egiten zen errepresentazioko Nagasaki 1597 (1963) eta San Martin eta San Martzial egunetako estanpak. Gonzalez Chirlaquek, berriz, sanmartinetako danborradan entzun daitezkeen hainbat doinu –herriko hainbat elkarte gastronomikoei eskainiak– eta bere nahiagatik sortu zuten nahiz Pentekosteetako Musika Bandaren zenbait kontzertutan entzun ohi den Bergarako ereserkia (1994) sortu ditu.
MUSIKAREKIKO DUEN TRADIZIOAGATIK HERRIKO FESTETARAKO DOINU GEHIEN DITUEN DEBAGOIENEKO HERRIA DA BERGARA
Gonzalez Chirlaquek gaineratu du Bergarak "sekulako altxorra" daukala musika popularrari dagokionez: "Nire aita izan da horretan lan asko egin duenetako bat. Bergaran obra asko egin ditu. Adibidez, Bitorianatxoren jaitsierarako erabiltzen den Pobres y alegres. Dagoeneko mundu guztiak ezagutu eta kantatzen du". Aitortu du kantua ez zela propio jaietarako sortua izan: "Bandan jotzen zen kontzertuetan. Musika Bandan zuzendari sartu nintzenean, 1987an, esan nuen herri guztietako jaiek zeukatela beren melodia partikularra txupinazorako edota jaitsierarako. Zergatik ez erabili kantu bat jaiak islatzen dituena. Pobres y alegres, adibidez, ezta? Pobreak gara, baina pozik gaude jaietarako. Sinplea da, polita, eta gogoratzeko erraza. Oso aproposa da festak hasteko", azaldu du.
Elgetan, kantu-jiran eta danborradan
Bere alea ere jarri zuen Gonzalez Chirlaquek Elgetan, Elgetako ereserkia (1993) sortu baitzuen, eta Valen Moñux bergararrak jarri zizkion hitzak. Elgetan 2001era arte jaietan egiten zuten danborradarako ereserkiaren bertsioa ere egin zuten, eta iazko urrian Domingo Iturbe Fest jaien lehen aldian egin zuten danborradan berreskuratu zuten. Hala ere, hilero herrian egiten duten kantu-jiran ere abesten dute kantua, eta festetan izaten duten hitzordua plazan amaitzen dute, ereserkia abestuz.
Eskoriatzan ereserkia, txupinazoan
1988an sortu zuten Eskoriatzako ereserkia: Juan Carlos Irizarrek musika eta Jose Aranburuzabala Trankil-ek jarri zizkion hitzak. Musika Bandak jaietako txupinazoaren ondoren jotzen du ereserkia, besteak beste, baina eskoriatzarrek hobeto ezagutzea nahi zuen Eskoriatzako Musika Eskolako zuzendari Araceli Telletxeak, eta, iaz, Gorosarri abesbatzarekin eta Eskoriatzako Musika Bandarekin, hiru ahotsetara grabatu zuten. Bandako zuzendari Jesus Urrutiak egin zituen moldaketak, eta iazko San Pedro jaietan estreinatu zuten bandak eta Gorosarri abesbatzak zuzenean. Gainera, iaz, baita ere, Musika Eskolako gitarra irakasle Aitor Morenok proposatuta, rock bertsioa egin zuten eta jaietako txosnen irekieran aurkeztu zuten.
Arrasaten, sanjuanak eta santamasak
Datorren hastean ospatuko diren sanjuanetako doinua Errementari dantza da. 1993. urtean sortua, herriko gaiteroen, txistularien, trikitilarien, Arrasate Musikaleko musikarien, Goikobalu abesbatzaren eta dantza taldeen eskutik jaio zen. Jose Ramon Vitoria musikari arrasatearrak sortutakoa da eta Jon Iñaki Izarzelaia bertsolari arrasatearrak jarri zizkion hitzak. Vitoria Arrasate Musikalen zuzendaria zen garai hartan, eta, ordura arte, ekainaren 23an salbea egiten zen lehenengo, eta, ondoren, danborrada. Batetik besterako denbora-tartea luzea zenez, jendeak afariak egiteko aprobetxatzen zuen; gaur egun, arrasatearren ekintza kuttunenetakoa da, eta ekainaren 23an iluntzean hasita dantzatzen dute Lore Gazteak eta Txikitxu-Arrostaitz taldeetako dantzariek. Doinua konposatzeko, Vitoria Legazpiko Mirandaolara joan zen, eta han entzun zituen kolpe gordinen hotsetan oinarritu zen. Lau zati ditu: Aurreko paseoa, Alkate dantza, Inguratxoa eta Polka.
Aurrekariak ere badituzte Vitoriak eta Izarzelaiak; izan ere, haiena da santamasetan egiten den Txerri dantza (1991) ere. San Frantzisko Xabier ikastolaren 25. urteurrenerako abesti bat sortu zuen Vitoriak. Hura aurkezteko, ikuskizun bat antolatu zuen, Arrasateko gaiteroen, txistularien eta trikitilarien, Arrasate Musikaleko musikarien, Goikobalu abesbatzaren eta dantza taldeen ekarpenekin. Hura ikusita, santamas egunerako talde bakoitzeko agerraldia egin beharrean, talde guztiekin batera zerbait berria egitea proposatu zuen. Orduan, norbaitek esan zion Vitoriari ezinezkoa zela akustikoki musika instrumentu horiek guztiak bateratzea. Erronka horri heldu, eta Txerri dantza abestiaren doinua konposatu zuen, Jon Iñaki Izarzelaiak egindako koplekin osatuta.
Izarzelaiak gogoan du"Arrasate burdinarekin lotutako herria izanik, herensugea, sua eta elementu horiek jaia pizteko" erabili zituela Errementari dantza-ko kopletan. "Txerri dantza-n, berriz, Gabonetako kontuak, baserritarren nostalgia... ezberdina zen. Uste dut udako solztizioarekin lotutako kantua alaiagoa dela".
Alardea Antzuolan
Iazko uztailaren 19a ezkero dauka Alardeak Ion Gurutz Biteri musikari antzuolarrak sortutako martxa berria. Parte-hartzaileen artean zeresana eman zuen Alardearen martxa aldatzeko iritziak, baina Antzuolako Udalak, Alardearen elkarteak, Alboradak txistulari taldeak, Oinarin dantza taldeak eta hainbat herritarrek "Alardearen batzordea sendotzeko eta Alardearen martxaren aldaketaren inguruan jarduteko" egindako lan-prozesu baten emaitza da martxa berria.
Alabaina, ez da Alardean entzun daitekeen debagoiendarrek konposatutako abesti bakarra. Alfredo Gonzalez Chirlaquek Mairu erregea azaltzen zen unerako martxa konposatu baitzuen; baita Alardearen kantua ere. Bergarako bandarako konposizio bat egin zuen, Alardearen martxako melodiak eta Iparragirreren bertsoak batuz. Ordutik hona, Bergarako Bandak urtero Antzuolako jaietan ematen duen kontzertuan jotzen da. Oso pieza ezagun bihurtu da herrian, eta ikus-entzuleek konposizioko zatirik erritmikoenak txaloak joz laguntzen dute. Musika horri hitzak gehitu dizkiote, eta, Alardearen azken edizioetan, abesbatzak eta Alardea ikustera joaten direnek kantatzen dituzte. Horrekin osatzen da Alardearen bukaera eta agurra.
Danborradak Oñatin eta Aramaion
San Migel jaietan egiten dituzte haurren eta helduen danborradak Oñatin, eta bost pieza dira propio Oñatikoak direnak eta Antonino eta Inazio Ibarrondo aita-semeek –Oñatiko Musika Bandako zuzendari izanak– sortutakoak. Desperta juventud eta Desde Udana a Zubillaga martxak eta Mirentxu jota Antoninorenak dira, eta 1949an egin zituen hirurak. Inaxiok egin zuen Larraingain elkarterako pieza, 1985ean; bigarrena, Pedro Mari, 2017an. Danborradaren sustatzaile izan zen Pedro Mari Igartuari eskaini zion martxa.
Halaber, Aramaioko sanmartinetan, uztailaren 6an, danborrada berreskuratuko dute, 50 urteren ostean, eta, berezitasun bezala, San Sebastian martxa-ren bertsoak egokitu eta aramaioartu egin dituzte Aramaixo Herri Eskolako hirugarren zikloko ikasleek, Peru Abarrategi bertsolariaren gidaritzapean, eta danborradan Alaiak kantu tailerreko kideek abestuko dituzte.
Debagoieneko jaietako doinuak sortu dituzten egileak

Juan Carlos Irizar (Aizarnazabal 1951-2021) bere ibilbidean hainbat orkestratako eta udal bandatako zuzendari izan zen. Debagoienean, Arrasateko Aita Menni ospitaleko abesbatzako zuzendari izan zen; baita Oñatiko San Migel parrokiako organo-jole ere. Eskoriatzako ereserkia sortu zuen 1988an.

Jose Ramon Vitoriak (Arrasate, 1961) musikarekin lotura estua izan du, eta, sanjuanetako Errementari dantza eta santamasetako Txerri dantza abestiak konposatzeaz gain, ibarreko zenbait elkarteri ereserkiak egin dizkie. Arrasate Musikaleko banda sortu zuen 1994an.

Miguel Gonzalez Bastida (Bergara, 1920-2013) eta Alfredo Gonzalez Chirlaque (Bergara, 1956) aita-semeak euskal musikagintzan figura garrantzitsu izan dira. Biak Bergarako Musika Bandako zuzendari izan dira. Gonzalez Bastida Bergarako Orfeoiko zuzendari ere izan zen, eta bandarako, ganberamusikarako eta abesbatzetarako hainbat obra sortu zituen. Gonzalez Chirlaquek, berriz, Aritzeta abesbatza eta Bergarako Orkestra Sinfonikoa sortu zituen, eta haren konposizioengatik eta beste egile batzuen lanen moldaketengatik nabarmendu da Debagoienean, baita euskal musikagintzan ere.

Konpositore eta musikari Antonino Ibarrondo (Oñati, 1914-1985) eta Iñaxio Ibarrondo (Oñati, 1942) aita-semeak, biak izan dira Oñatiko Musika Bandako zuzendari: aita, Antonino, 1940-1970 urteen bitartean. Haren konposizioen zerrenda luzea da, eta, besteak beste, Oñatiko danborradako hainbat pieza egin ditu. Semea, Iñaxio, 6 urte zituela sartu zen Oñatiko bandan eta 73 urte egin zituen han. 1979tik 2021era arte bandako zuzendari izan zen, baina parrokiako abesbatzaren zuzendari ere bada. Aitak bezala, baditu bereak diren eta Oñatiko danborradan jotzen diren konposizioak.


