Elorzak azaldu du 2026a "garrantzi historiko eta politiko berezikoa" dela Euskal Herriarentzat. "Izan ere, bi efemeride nagusi betetzen dira: batetik, 1876ko uztailaren 21eko foruen abolizioaren 150. urteurrena; eta, bestetik, 1976an Bergaran bildu zen Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena".
Azken horretatik mende erdia pasa bada ere, "gaurkotasuna osoa" duela gaineratu du. "Euskal Herriak ukatuta jarraitzen duelako, zatituta eta burujabetza nazionalik gabe. Izan ere, Euskal Herriak ez ditu oraindik berreskuratu ez bere lurraldetasuna, ez bere burujabetza osoa; eta, ondorioz, bere etorkizun politikoa modu libre, demokratiko eta burujabean erabakitzeko gaitasun mugatua du oraindik ere".
Uztailaren 19koa ez da izango oroimen historikoaren aitortza ekitaldi bat, alkateen esanetan, "gaur egungo autogobernuaren inguruko eztabaida politiko eta instituzionala elikatzeko modu bat" baizik. "Berresten dugu Euskal Herriaren nazio izaera, bere lurraldeen arteko lotura historiko, kultural, linguistiko eta politikoa, eta herritarrek beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko duten eskubidea", nabarmendu dute.
Azkenik, zera berretsi du Oñatiko alkateak: "Beharrezkoa da foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea; eta, horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzea, gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz".