"Gizarteak antsiolitiko larregi hartzen ditu, ez dagoelako ondo ikusia triste edo urduri egotea"

Txomin Madina Milikua 2026ko ekainaren 16a

Izaro Oiarbide Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidentea (Argazkia: Txomin Madina)

1995 eta 2000. urteen artean Farmazia ikasketak egindakoa, 2001a ezkero Bergaran dihardu lanean Izaro Oiarbidek (Eibar, 1977); 2014tik hona, San Antonio auzoan duen botika propioan. Azken urteetan Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Gobernu batzordean egon ostean, presidente izateko aukeratu berri dute.

Atzo, ekainaren 15ean, hartuko zuen Izaro Oiarbidek Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente kargua. "Ilusioarekin" hartuko duela dio, baina, aldi berean, "erantzukizun handia" izango den jakitun izanda.

Zerk animatuta aurkeztu zinen presidentetzara?

Aurretik ere banengoen Gobernu Batzordean, eta lantzen ari ginen hainbat proiektu geneuzkan esku artean; etorkizunera begira horiekin jarraitzea garrantzitsua iruditzen zitzaigunez, ni presidente izatea hori ziurtatzeko eta bide berari eusteko modua zela ikusi genuen. 

Zenbat kide ditu elkargoak? Eta zein lan mota egiten duzue?

1.200 kide inguru izango gara, eta %80k baino gehiagok botiketan, farmazia komunitarioetan, egiten du lan. Baina baditugu ospitaleetako farmazietan, banaketa-zerbitzuetan, administrazioan... lan egiten dutenak ere. Gainera, kideen %80 baino gehiago emakumeak gara; oso sektore feminizatua da.

Eta zergatik da oso sektore feminizatua?

Kulturalki, zaintzen bueltako ikasketak emakumeei oso lotuta egon direlako. Elkargoan izan ditugu emakume presidenteak, baina azken presidenteak gizonezkoak izan dira, eta uste dut sektorearen egoera zein den ikusita logikoena ere badela Gobernu Batzordearen gehiengoa emakumez osatuta egotea eta presidentea bera emakumea izatea; hala, Gobernu Batzorde berrian zazpi emakume eta hiru gizon egongo gara. Aktiboki egin dugu horren alde. 

Zein da elkargo ofizial baten helburua?

Lanbide batean, gure kasuan farmazialarien etxe profesionala da elkargoa, eta kidea denak horrela dela sentitu behar du. Zer eskaintzen duen? Formakuntza; mota askotako aholkularitza; administrazioarekin gerta daitezkeen tirabiretan bitartekaritza; egunerokoan sortzen diren zalantzei buruzko laguntza; farmazien garapenean laguntzen duten proiektuak... Errezeta batekin laguntzetik, formakuntza sakona eskaintzera doazen zerbitzuak izatera.

Zerbitzu profesionalen sustapena da adierazi duzuen lehentasun estrategiko nagusietako bat. Zertarako?

Bai, zerbitzu profesionalak lantzea da gure erronka handietako bat. Farmazia beti erlazionatzen da produktuen eta medikamentuen dispentsazioarekin edo banatzearekin. Baina guk sinisten duguna da farmazialari bat, duen formazioagatik eta eskaini dezakeenagatik, askoz ere gauza gehiago egiteko gai dela, gizarteari askoz ere gauza gehiago eskaini diezazkiokeela. Eta horietako bat da zerbitzu profesionala. Gaur egun, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Departamentuarekin adostuta eta Osakidetzaren onespenarekin, asma eta arnasketak arazoak dituzten pazienteekin proiektu bat dugu esku artean: denbora faltagatik, pneumologoek, askotan, ezin diete paziente horiei behar duten arretarik eskaini, eta guk egiten diegu jarraipena. Konturatu gara pertsona batzuek ez dituztela medikamentuak behar duten beste erabiltzen, eta gu saiatzen gara atxikimendu hori sustatzen. Eta, beste alde batetik, inhalagailuak erabiltzeko teknika oso zaila denez, guk birpasatzen dugu pazienteekin, akatsak zuzendu. Hori da zerbitzu profesional bat. Zer lortzen den? Batetik, pazienteak medikamentuak hobeto erabiltzea, gutxiago gaixotzea eta, azken finean, osasun-sistemari lan-karga arintzea. Era berean, planteatzen dugu norbaitek gaixotasun txikiren bat badu, katarro apur batekin edo dermatitis txikiren batekin etortzen bada farmaziara, modu protokolizatuan eta irizpide kliniko batzuk jarraituz haiei zerbitzua ematea: erregistratu, jarraipena egin eta, beharra badago, medikura bideratzea. Horretan guztian sakondu nahi dugu. Formakuntza handia eta gure partetik konpromiso sendoa eskatzen ditu horrek, baina baita komunikazio handia osasun-sistemarekin ere. Izan ere, askotan, pazientea bakarra den arren, komunikazio faltagatik modu paraleloan artatzen ditugu: haiek modu baten eta guk beste zerbitzu bat emanaz.

Hortik dator azpimarratzen duzuen beste helburuetako bat; hau da, farmazia komunitarioen eta osasun-sistemaren arteko integrazioa eta komunikazioa hobetzeko nahia?

Bai, hori da gure beste erronka handi bat. Dagoeneko egin dugu proiektu piloturen bat; adibidez, Bergaran: errezeta elektronikoaren bidez, osasun zentroko medikuarekin komunikatzen ginen farmaziak pazienteren baten inguruan egon zitezkeen intzidentziak argitzeko eta informazioa partekatzeko. Horrez gainera, komunikazio programaren pilotua Aretxabaleta eta Eskoriatzara zabalduko dugu, hobekuntzekin. Nahi dugun beste gauza bat da hori bi noranzkokoa izatea; izan ere, orain arte, guk helarazi geniezaiokeen mezua medikuari, baina hark ezin zigun erantzun. Modu horretan, gainera, pazienteak elkarlanean ari garela ikusiko luke, osasun-sisteman integratuta gaudela.

Medikuak horren aldeko ikusten dituzue?

Programa ezagutu eta konturatzen direnean lan-karga kentzen zaiela, bai noski! Gertatzen dena da gauzak hainbat hierarkia-mailatan adosten direla, oinarrizko medikuari ez zaiola mezua ondo iristen, eta ezagutza faltagatik hasierako erreakzioa beti dela: "Ez nazatela saltsetan sartu!". Baina profesionalok elkar ezagutzen dugunean, elkarri aurpegia jarri eta elkarlanean hasten garenean, konturatzen dira sekulako abantaila dela bai haientzat, bai guretzat eta, batez ere, pazientearentzat.

Zein da botikarien eta bezeroen, herritarren, arteko harremana?

Osasungintzako profesionalen artean, harreman sakonena eta konfiantzazkoena gurekin daukate herritarrek. Kontuan izan gaixo kronikoak gutxienez hilean behin datozela botikara; batzuk, astero-astero. Eta, gainera, harreman horiek luzaroan lantzen ditugu. Izan ere, botiketan dugun beste abantaila bat da pertsonala egonkorra dela: ez da gauza bera osasun zentrora noan bakoitzean mediku ezberdin batek artatzea edo botikara noanean farmazialaria beti pertsona bera izatea. Horrek dakar herritarrekin konfiantza-harremanak sortzea, haien testuinguru klinikoa eta soziala ezagutzea eta, ondorioz, hobeto lagundu ahal izatea.

25 urte inguru daroatzazu botikari. Asko aldatu da zuen jarduna?

Asko, eta onera! Niri betidanik gustatu izan zait nire lana, pazienteekin harremana; baina lehen aipatutako zerbitzuen profesionalizazioa azken urteetan ikusi dugu, eta uste dugu hori dela bidea. Gaur egun dugun plataforma eta logistika guztiarekin, saldu, edozeinek saldu dezake; baina zerbitzu ona eskaini eta pazienteak medikamentuen erabilera ona egiten duela ziurtatu botikariak bakarrik egin dezake. 

Medikamentuen erabilera egokia egiten dugu ala gehiegi hartzen ditugu?

Denetik dago. Badago medikamentuak usaindu ere nahi ez duena jendea. Eta beste aldean, gizarteak antsiolitiko larregi hartzen ditu; batez ere, adin batetik aurrerakoa den jendeak, lo egiteko, urduritasuna baretzeko... erabiltzen dituenak. Gizarteak larregi hartzen ditu, gaur egun ez dagoelako ondo ikusia triste edo urduri egotea. Era berean, gizartea gero eta nagusiagoa eta kronikoagoa da, eta hor ez dago abusurik, beharra baizik: gero eta medikamentu gehiago hartzen ditugu gero eta gehiago bizi garelako, gero eta hobeto bizi garelako eta gero eta tratamendu eta diagnostiko hobeak daudelako. Ez ditzagun beti tratamenduak deabrutu: beharrezkoak dira eta bizi-kalitate ona ematen digute.

Produktu homeopatikoak medikamentuak dira ala ez?

Ez, ez dago hori erakusten duen ebidentziarik; Espainiako Osasun Ministerioak ere horixe esan du aurten: ebidentziarik erakusten ez duen produktu batek ezin duela medikamentu izena eduki. Eta ni beti egon izan naiz ados horrekin. Egia da, Espainian hainbeste gertatu ez den bezala, Frantzian eta Alemanian, adibidez, garrantzi eta inpaktu handia izan duela homeopatiak; baina egia da baita ere azken urteetan eskaria asko jaitsi dela. Eta hori ez da botikariok ikusten dugun moduagatik bakarrik, gizarteak ikusten duen moduagatik ere bada. 

Hasieratik zabiltza farmazialari Bergaran; gustuko duzu herria?

Ni ia bergararra naiz! 25 urte daramatzat San Antonion, eta jendea jaiotzen, hazten, elkartzen, hiltzen... ikusi dut. Esan dezaket nire auzoa dela, eta baita Bergararen zatitxo bat ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak