Zalantza gabe, GFFak antolatutako bosgarren sari banaketako ekitaldian arratsaldeko protagonista nagusia Mikel Etxarri entrenatzaile ohia izan zen. –Gipuzkoako mitoaren saria jaso zuen, eta aurrerantzean Gipuzkoako Futbol Federazioko entrenatzaileen eskolak Mikel Etxarriren izena izango du–. Hunkigarria izan zen aretoko ikusle guztiak zutik ikustea, Manu Diaz presidenteak eman berri zion oroigarria jasota, Etxarri txalotzen.
Pastelaren ginga izan zen hori, momentu bereziena, baina lehenago, bertaratutakoek Realak irabazi berri duen Errege Kopa bertan ikusi ahal izan zuten, urteko kirol lorpen modura. Arratsaldeak Gipuzkoako beste protagonista asko izan zituen, baina Debagoienera etorrita, nabarmentzekoak izan ziren Mondratek jaso zuen areto futboleko talde onenaren saria –Bigarren B mailara igo dira–, Bergarako senior mailako neskek lortutako igoera –Emakumezkoen talde onenaren saria–, Mondrako jokalari Martzel Azpilikueta –denboraldiko gol onenetako baten saria–, eta Mondrateko kadeteek jasotako Kiroltasunaren saria.
Hala, ekitaldian Bergara Futbol Taldeko zuzendaritzako kide koadrile ederra joan zen neskak babestera, eta Mondratetik ere zenbait ordezkari bertaratu ziren saria jasotzera, nahiz eta taula gainera Kevin Barranca presidentea igo zen. Eskerrak eman zituen arrasatearrak, eta areto futbolak merezi duen lekua erreibindikatu zuen.
Taula gainera igo zen, baita ere, Josu Diaz, Realeko neskekin batera, hark zuzentzen duen Real Sociedad B taldeak Kirol lorpen onenaren saria jaso duelako. Eta sariak ematen ibili ziren beste zenbait debagoiendar, federazioko ordezkariak direnak. Manu Diaz presidentetik hasita Oneida Zubia presidenteordea, Josu Zubia entrenatzaile eskolako zuzendaria, edota Jabi Ibarra batzordekidea.
Eta aurpegi ezagun asko batu zituen ekitaldiak, besteak beste Etxarriren omenaldia galdu nahi ez zutelako: Realeko jokalari ohi Mikel Labaka, Jon Ansotegi, Xabi Prieto edota entrenatzaile ohi Sergio Francisco. Edota aurpegi ezagun beteranoagoak, Athleticeko atezain ohi Jose Angel Iribar edota Jesus Mari Zamora moduko lagunak.