Datozen hamar urteetarako, gizarte erronka estrategia aurkeztu du Euskalgintza Kontseiluak, 2036rako 300.000 euskaldun berri sortzea helburu duena. Hau da, egungo euskalduntze erritmoa bikoiztu gura dute: urtean 15.000 hiztun berri izatetik 30.000ra igarotzeko Euskal Herri osoan. Kontseiluak ohartarazi duenez, euskarak eta euskal hiztun komunitateak "larrialdi linguistikoa" bizi dute; izan ere, azken urteetako diagnostikoen arabera, normalizazio prozesuaren "motelaldia" egon delako, eta zenbait eremutan, "atzeraldi arriskua" ere bai. Horregatik, Kontseiluaren arabera, gaur egungo datuak "ez dira nahikoak" euskararen biziberritze ziklo berri bat abiatzeko, eta ezinbestekoa da ezagutzan eta erabileran aldi berean eragitea.
Helburu eta estrategia zehatzak
Helburu zehatzak ere ezarri dituzte lurralde bakoitzerako. EAEn, urtean 25.000 euskaldun berri lortu gura dira; Nafarroan, 3.700era iritsi nahi da; eta Ipar Euskal Herrian, ostera, 1.300era. Gaur egun, kopuru horiek askoz txikiagoak dira: 13.000, 1.500 eta 440, hurrenez hurren. Euskararen ezagutzarekin batera, erabileraren igoeran ere eragin nahi du Kontseiluak. Hala, datozen hamar urteetan euskararen erabilera aitortua %15,3tik %20ra igotzea proposatu dute. Erakundearen esanetan, "hiztun kopurua handitzeak erabilerarako aukerak sendotu behar ditu".
Erronka hori gauzatzeko, bost arlo estrategiko identifikatu ditu Kontseiluak. Lehenengoa hezkuntza arautua da. EAEn euskarazko eredua orokortzea proposatu dute, gaur egungo ereduen sistema gaindituz; Nafarroan, murgiltze eredua %40ra zabaltzea; eta Ipar Euskal Herrian, euskarazko murgiltze ereduen hedapena indartzea. Bigarren ardatza helduen euskalduntze-alfabetatzea da. Kontseiluaren arabera, hamarkada batean 120.000 euskaldun berri sortu beharko lirateke helduen bidez. Horretarako, euskara ikastearen doakotasuna, migratzaileentzako harrera linguistikoa eta lan munduan euskararen presentzia handitzea proposatu dituzte.
Hirugarren gakoa baliabide ekonomikoena da. Kontseiluak salatu du gaur egun hizkuntza politiketara bideratzen den inbertsioa "eskasa" dela, eta administrazio guztien aurrekontu bateratuaren %0,45etik %2ra igotzea eskatu du. Laugarren arloa euskararen babes juridikoarena da. Adierazi dutenez, hizkuntza politika sendoak egiteko ezinbestekoa da euskarak "ofizialtasun osoa" izatea Euskal Herri osoan. Horretarako, EAEn "oldarraldi desofizializatzailea" etetea, Nafarroako zonifikazioa gainditzea eta Ipar Euskal Herrian euskarari estatus ofiziala aitortzea defendatu dute. Azkenik, bosgarren ardatzak euskaraz bizitzeko baldintzak sortzea du helburu. Hau da, kulturan, aisialdian, ingurune digitalean eta eguneroko harremanetan euskararen presentzia indartzea. Kontseiluak azpimarratu du horretarako "euskaltzaletasun aktibo eta antolatua" ezinbestekoa izango dela.
Euskaltzaleon Martxarako deia
Aurkeztutako proposamena, Batuz Aldatu adostasun sozialean oinarritzen da, eta 140 eragile sozial baino gehiagoren babesa jaso du. Gainera, nazioarteko erreferentziak ere hartu dituzte kontuan; besteak beste, Galeseko Cymraeg 2050 plana, Kataluniako Pacte Nacional per la Llengua eta Galiziako Protocolo Lingua Vital estrategiak. Hain zuzen ere, leku horietako adituek ere parte hartu dute aurkezpenean, eta euren hizkuntza komunitateetan abiatutako biziberritze politikak azaldu dituzte. Amaitzeko, Kontseiluak ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxan parte hartzera deitu du, aipatutako erronkari babesa eskaini eta euskararen aldeko "aktibazio sozial berria" sustatzeko.