"Zientziaren dibulgazioa euskaraz egiteko lekua da"

LEIRE ARANA RUIZ DE EGINO
FISIKARIA ETA IRAKASLEA
2017an idatzi zuen lehen artikulua, Ostiral matematikoak izenburupean. Matematikaren didaktikan eta material manipulatiboetan oinarritutako blog batetik zetorren, eta PUNTUAn ere aurkitu zuen "zientzia euskaraz kontatzeko txokoa". Irakasle den heinean, sarri ikasgelako elkarrizketek piztu dizkiote artikuluetarako hari-muturrak. "Bailarari egiten diodan ekarpen xume bat da", hark dioenez. Askotan urrun edo mardul senti daitezkeen gaiak, herritarren egunerokora gerturatzea.
"Gizartearen begirada aniztasuna azaleratzen du "

EDUARDO ZUBIAURRE ARIZNABARRETA
ENPRESARIA
Hamar urte igaro dira lehen iritzi artikulua argitaratu zuenetik. Zubiaurrek enpresagintzan ibilbide oparoa izan du –Confebask eta Adegi enpresa-munduko erreferenteen presidentea izan da–, eta zutabeetan ikuspegi profesionala eta pertsonala uztartu zituen. "Euskaraz idazten trebatzeko eta pentsamendua zorrozteko" aukera izan zela dio; era berean, "gizartearen aniztasuna azaleratzeko bidea" izanik. Irakurleari, berriz, ofiziotik, "gizarteari begiratzeko beste modu bat" eskaini izana espero du.
"Su txikian prestatutako jana modukoa da, asteroko zita"

HELENA AZKARRAGAURIZAR JAUREGI
MARRAZKILARIA
Unibertsitate garaian bidali zuen lehen bineta erredakziora, duela hamar urte. Gogoan du mugikorren erabilera kritikatzen zuen marrazki hura, eta aitortu du egun ere baduela kezka bera. Ordutik, astero-astero iritsi da hitzordua, umore klabean marrazki bat sortzekoa. Xixili pertsonaia, "heroiaren eta antiheroiaren arteko izaki bitxi hori", marrazkiz marrazki eraiki du urteotan. Lorpen "ponposoagoak" egon daitezkeen arren, "su txikian prestatutako jana modukoa" dela dio, asteroko hitzordua.
"Hamar urteko barne eboluzioaren ispilu izan da"

MADDI IÑARRA IBARGUREN
GARABIDE ELKARTEKO TEKNIKARIA ETA IRAKASLEA
Idaztea beti izan du gustuko, baina Nire iritzia atalean kolaboratzeak "ideiak beste modu batean ordenatzen" lagundu dio. Pentsamenduak paperean jartzeak barrenak argitzeko balio izan dio, baita haren "kezka eta ikuspegiekin bat egiten duen komunitate bat badagoela ohartzeko".
Beti pentsatu izan du gezurrak esan zitzakeela, baina ez dela horiek idazteko gai. Buruan korapilatuta geratuko ziren ideia askok forma hartu dute artikuluetan: "Nire barne eboluzioaren kronika txiki bat izan da".
"Bertako ondarea ezagutu eta konektatzeko euskarria da"

IÑIGO RAMIREZ DE OKARIZ TELLERIA
IRAKASLE OHIA
Aspaldidanik dihardu Antzuolako kultura ondareari lotutako gaiak lantzen. Beste artxiboa eta Argazki zaharrak ataletan egindako ekarpenak, haren ustez, "transmisiorako leiho baliotsuak dira". Askotan kanpokoarekin errazago liluratzen garela dio, gertukoa albo batera utzita. Horregatik, "tokiko memoria jasotzen duten euskarriak ezinbestekoak" iruditzen zaizkio: nortzuk garen gogoratzeko ez ezik, "komunitatea sendotzeko eta etorkizunean nora goazen ulertzeko" ere bai.
"Nire negozioarentzat erakusleiho bat da"

OLATZ AGIRRE SANSINENEA
IRUDI-AHOLKULARIA
Modarekiko interesa izan dezaketen pertsona ugari daude, baina Agirrerentzat ogibidea dira moda eta irudi-aholkularitza. Charm negozioa haren apustua da, eta PUNTUAn idazteak bide horri, neurri batean, "ikusgarritasuna" eman diola sentitzen du.
Duela bederatzi urte hasi zen kolaboratzen, estilismoaz eta joerez harago, irudiak pertsonen konfiantzan duen eraginaz ere hausnartuz: "Denborarekin, nire marka eraikitzen lagundu didan espazio bihurtu da".
"Osasunari buruzko atala izatea ezinbestekoa da"

IÑAKI PEÑA BANDRES
MEDIKUA
Mediku lanetan urte ugari daramatza, gaixotasunen eta osasunaren inguruko jakintza handia pilatuta. Idazteko zaletasuna batu behar zaio medikuntzari, haren artikuluak "bi osagaiak uztartzen dituzten" koktelak baitira. "Osasunaren inguruko ezagutza herritarren eskura jartzea beharrezkoa" dela uste du; are gehiago, tokiko hedabide batean. Blogaria da, eta saioa dauka Goienaren Podcast-gela-n. "Informazioa gertutik eta modu ulergarrian ematea" da haren ekarpenaren funtsa.
"Bailarako bertsolari-sarea ikusarazteko modua da"

MAIDER ARREGI MARKULETA
BERTSOLARIA
Bat-bateko bertsolaritzan aritzen da sarriago, baina bertsopaperek ere beren txokoa hartu dute Arregirentzat, eta uste baino gehiago gustatzen zaio. PUNTUAren Bertsotan atalak aukera eman dio "plazako bertsoetatik aparteko erritmo bat lantzeko": paperean geldoago idazteko. "Bailaran dagoen bertsolari sarea ikusarazteko modu bat" dela dio, baita, kanpora joan gabe, gertuko erreferenteak sortzekoa ere. Badirudi errealitate gertuko eta konkretuek bertsotan beren lekua aurkitu dutela.
"Idaztearen ofizioa hobetu eta sendotzen lagundu zidan"

ENEKO BARBERENA MONDRAGON
IDAZLEA
PUNTUAren Nire txanda atalean idatzi izan du, txandan-txandan, aldizkaria abiatu zen une beretik. Ilusioz hasi zen idazten, eta ilusio horrek iraun egin du kolaboratu bitartean. Biluztu egin zen artikulu bakoitzean, eta "idaztearen ofizioan –soldatarik gabeko adieran– sendotu eta hobetzen" lagundu zion. Urte luzez haren ekarpena egin ostean, idazteari utzi zion, sinesten duelako ona dela "idazleak ez betikotzea pulpituan". Dena den, aitortu du noizean behin faltan sumatzen duela.
"Emaginon lana erditze-gelatik ateratzeko aukera da"

MIRARI BIKUÑA ZUGASTI
EMAGINA
Osasuna ardatz hartzen duten artikuluak idazten ditu 2022a ezkero. Emagina den heinean, egunerokotasunean pazienteei ematen dieten "informazioa jende gehiagorengana iristeko" asmoarekin hasi zen, eta horretan dihardu. "Emaginek erditze-gelan egotea baino gehiago" egiten dutela erakusteko baliatzen du. "Emakumeen sexu- eta ugalketa-osasunaren profesional erreferenteak direnez, "emakumeen bizitzako etapa fisiologiko guztietan alboan" izango dituztela azaltzeko txokoa da.
"Historiako pasadizoak eta ezagutza partekatzeko lekua"

ANDONI LARRAÑAGA MENDIZABAL
GEOGRAFIAN ETA HISTORIAN LIZENTZIADUNA
Larrañagaren ustez, "askotariko pertsona eta ikuspuntuak beti dira aberasgarriak", eta dakienarekin ekarpena egitea du ardatz. Historiari lotutako gertaerek egia borobilak diruditen arren, badaude uste oker edo pasadizoak kontatzeko hamaika modu. Hala, "historiako pasadizoak eta ezagutza partekatzeko" baliatzen ditu artikuluak. Lanbroa Kultur Elkarteko hitzaldiak oinarri hartuta podcasta grabatzeaz gain, PUNTUAn hitzez ere islatzen du haren jakintza.
"Ingurukoekin kontaktuan egoteko bidea izan da"

TXEMI ETXEBARRIA URZAIN
ORKESTRA-ZUZENDARIA
Orkestra-zuzendaria eta konpositorea da Etxebarria, eta urte ugari daroa etxetik, Debagoienetik, kanpo. Testuinguru horretan, Herbehereetan bizi zela idatzi zuen lehen artikulua, duela hamaika urte.
Urrun egoteak ekarri zion "gerturatzeko beharra, herriarekin lotura mantentzekoa", hitzen bitartez bazen ere. Artikuluek "zubi-lana egin izan dute lagunekin, familiarekin eta ingurukoekin; kontaktuan egoteko modua izan da". Etxera itzultzeko leiho txikiak ziren.
"Urruneko gaiak gerturatzeko balio du; adibidez, zientzia"

JANIRE LAMARIANO MERKETEGI
KIMIKA ORGANIKOAN DOKTOREA ETA FORMULATZAILE KOSMETIKOA
Kosmetikoen etiketen inguruko hitzalditik tiraka hasi zen kolaboratzaile moduan idazten. "Egunerokotasuneko gaietan zientziak duen eragina" kontuan hartzeko balio duela dio: "Urrunekoa dirudiena gerturatzeko". Uste du PUNTUAk aukera ematen duela zientziarekiko interesa duen jendea elkartu eta konektatzeko. Informazioa azkar kontsumitzen den garai honetan, irakurtzeko geldialdi txiki bat eskaintzen duela dio: "Debagoienean zientzia presarik gabe ezagutzeko lekua da".
"Psikologian eguneratuta mantentzera narama"

JUAN KARLOS ALONSO ALBISU
PSIKOLOGOA
Psikologoa da ofizioz, eta horri lotutako gaiak jorratu izan ditu artikuluetan. Psikologia eta heziketa gizarteratzeko espazio aproposa iruditu zitzaion hasieratik; batez ere, horrelako edukietara iristeko aukerarik ez duen jendearentzat.
Idazteak, gainera, bere burua "psikologia alorrean etengabe eguneratzera" behartzen duela aitortu du. Helduei eta gurasoei egunerokoan lagungarri izan dakizkiekeen "errezetatxoak" eskaintzea izan du helburu.