Nabarmendu du "lan handia" egon dela hamaika urte hauetan: "Etxe barruan egiten dugun lana bai, noski, baina baita kanpokoa ere. Horregatik, une hau baliatu gura dut eskerrak emateko. Alde batetik, Goienakideei, hamaika urtez gure ondoan egoteagatik eta euskarazko tokiko kazetaritza proiektu hau sostengatzegatik". Bestetik, kolaboratzaileek egindako lan eskergari balioa eman dio Belastegik: "Astero-astero gurekin kolaboratzen duen aditu talde zabalari ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu, eskuzabaltasun osoarekin jokatzeagatik".
Hain zuzen, onartu du Goienakideak zein kolaboratzaileak "ezinbestekoak" direla astero Puntua Debagoieneko etxe askotara zabaldu ahal izateko.
Eduki berezia izango du
500. zenbakiak dakarren edukiaz galdetuta, erantzun du "berezia" izango dela. "Bi gauza nabarmendu gurako nituzke: batetik, edukiz berezia izango da, atzera begira jarri garelako eta errepaso txiki bat egin dugulako, orain arte kaleratutako elkarrizketa eta erreportajeen nolabaiteko lagin txiki bat berreskuratuz; horrez gain, Goienakideei eta kolaboratzaileei hitza eman diegu, beste behin, keinutxo bat eginez", gehitu du.
Abian da kanpaina berezia
Goienakide berriak erakartzeko helburuarekin, kanpaina bat abiatu dute. Hala, Goiena telebistan eta GOIENA aldizkariko zenbaki honetan agertzen diren pilula handietan, Goienakide izatearen abantailak azaldu dituzte hainbat kidek.
Era berean, Puntua-ren 500. zenbakia eta datozen hirurak, osorik, eskuragarri jarriko dituzte Goiena.eus webgunean. "Hala, Goienakide ez direnek ere aukera izango dute Puntua deskubritzeko", dio Lara Garciak, Goienako marketin eta publizitate teknikariak. "Azkenik, Goienakide izateko %50eko deskontua ere eskaintzen ari gara, uztail bukaerara arte".