Jasotako Haurrak Elkartea: ahaideen gaineko informazioa eskuratzeko elkartu dira

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 26a

Fraisoroko Sehaska Etxeko hainbat haur, inudeekin eta mojekin, 1928an. (Argazkiak: Idoia Aranbarri Arzuaga, Kutxateka eta elkarrizketatuak)

Hamarkada luzez, milaka izan ziren umezurztegietan eta bestelako erakundeen eskuetan utzitako umeak Gipuzkoan. Haien ondorengoek Jasotako Haurrak elkartea sortu dute, ahaideei buruzko informazioa eskuratzeko. Informazioa, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dago, eta ukatu egiten die. Dagoeneko 50 kide inguru dira, eta horietako hiru dira Maribi Gorosmendi oñatiarra, Mireia Castells bergararra eta Amparo Inza oñatiarra. 

Puntua aldizkariaren 499. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

XVI. eta XX. mendeen artean Gipuzkoan 40.000 haur abandonatu inguru egon zirela kalkulatzen da. Espositoak. Inklusoak. Tornuko umeak. Kaxakoak. Utzitako umeak... Hainbat modutan deitzen zitzaien komentuko tornuetan edo 1903an Gipuzkoako Foru Aldundiak zabaldu zuen Zizurkilgo Fraisoro Sehaska Etxean uzten zituzten haurrei. Orain, haien ondorengoek Jasotako Haurrak Elkartea osatu dute, jatorri biologikoa ezagutzeko eskubidea aldarrikatzeko. Urtarrilean osatu zuten ofizialki elkartea, baina 2025 hasieran hasi ziren utzitako haurren ahaideak elkarrekin kontaktuan jartzen, eta dagoeneko 50 kide inguru dira. Horietatik hamaika dira debagoiendarrak: Oñatiko bost eta Bergarako sei. Horietako hiru dira Maribi Gorosmendi (Oñati, 1959) –haren aita 1922an jaio zen, Fraisoron, eta hiru hilabete zituela Araotzeko baserri batean hartu zuten–, Mireia Castells (Bergara, 1989) –haren amona 1916an jaio zen, eta, egun gutxira, Fraisoron utzi eta hogei egunera Aramaioko Zabola auzoko baserri batera eraman zuten– eta Amparo Inza (Oñati, 1947) –haren ama 1912an jaio zen, eta Fraisoron utzi zuten; handik Eskoriatzako baserri batera eraman zuten–.

"Jasotako Haurren Elkartean gauden guztion guraso edo aitona-amonak utzitako umeak izan ziren; kaxako umeak izan ziren, eta haien nondik norakoak ez ditugu, edo ez ditugu ezagutzen. Orain arte, bakoitza ibili da bere kasuarekin, bere historiarekin, bilaketak egiten. Ez genuen ezer lortzen eta oso bakarrik sentitzen ginen. Elkarteak balio izan digu gure artean laguntza eman eta bide berriak jorratzeko", adierazi du Gorosmendik.

XVI. ETA XX. MENDE ARTEAN GIPUZKOAN 40.000 HAUR ABANDONATU INGURU EGON ZIRELA KALKULATZEN DA; XX. MENDEAN, 14.000 INGURU

"Nahi dugu ahal den informazioa eskuragarri egotea. Azkenean, gure historia da, gure familiaren historia, eta jakin egin nahi dugu. Zer dagoen jakin eta dagoena eskura izan. Azkenean, ezagutzen ez dudan hori nire birramona da, nire amaren amona. Ez dugu jakingo arrazoia zein izan zen, baina ulertu nahi dugu egoera zein izan zen", dio Castellsek. Gorosmendik azpimarratu du ez dabilela beste familia baten bila: "Nire aitaren historia osatzen ari naiz, nire historia. Nik esaten dut nire aita utzitako umea izan zelako ni nagoela hemen. Erabaki hark ahalbideratu du ni bizi izatea. Pertsona hark umea Fraisoron utzi izan ez balu, ni ez nintzateke hemen egongo. Jakin nahi dut nire amona nor zen, nongoa zen... Datuak lortu eta nire historia bete. Ez dago besterik".

1903tik aurrera Fraisoron

1804an, abandonatutako umeak hartzeko neurriak hartu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta sei tornu-etxe sortu zituen Arrasaten, Donostian, Azkoitian, Azpeitian, Mutrikun eta Tolosan. 1844an Arrasatekoa, Azkoitikoa eta Mutrikukoa kendu, eta Bergarakoa gehitu zuten. "Umea tornuaren alde batean uzten zen, eta buelta ematen zitzaion. Beste aldean mojek jasotzen zuten. Horregatik deitzen zitzaien tornuko umeak. Gero, Fraisoro zabaldu zenean, desagertzen joan ziren herrietako tornuak, eta haiek guztiak bideratzen ziren Fraisoroko instituziora", adierazi du Mireia Castellsek.

1903an jarri zuen martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak Zizurkilen kokatutako Fraisoro Haur Abandonatuentzako Etxea. Eva Garcia ikertzaile donostiarrak ikertu du gaia, eta, dioenez, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren dirulaguntza ezinbestekoa izan zen Fraisoroko sehaska-etxearen eraikuntzan. Aurrezki Kutxa Probintziala gipuzkoarren aurrezpena sustatzeko eta aurrezki haien etekinak gizarte-ekintzen bidez probintziari itzultzeko sortu zen, 1896an. Gizarte-ekintza haietako bat izan zen Fraisoroko proiektua, eraikuntza-gastuak eta "punta-puntako ekipamendu sanitario eta domestikoz" hornitzea. "Aldundiak bi mende lehenagotik aurreikusten zuen kaxako umeen gaia modu zentralizatuan kudeatzeko leku fisiko baten beharra. Izan ere, Gipuzkoan ez ezik, Espainian eta Europan abandonatzen ziren haurren ehuneko handi bat hiltzen zen jaio eta gutxira. XIX. mendean probintzietan haur abandonatuak jasotzeko ezarritako kaxako umeen tornuetan heriotza-tasak oso altu jarraitzen zuen. Aldundiak ez zuen dirurik horrelako proiektu bat martxan jartzeko, eta Aurrezki Kutxak diruz laguntzeak sekulako bultzada eman zion ordura arte gauzatu ez zen proiektuari", azaldu du Garciak.


Zizurkilgo Fraisoro Sehaska Etxea, 1951n.

"Pobrezia edo desohore arrazoiengatik" familiatik kanpo utzi nahi zituzten Gipuzkoako familietako jaioberriak uzten zituzten Fraisoron: "Araudiaren arabera, ezkontzaz kanpo jaiotako haurrak behar zuten; Erregistro Zibilean guraso ezezagun izendatuak izan zirenak, kaxako ume izendatutakoak, abandonatuak".

1913an kendu zuten tornua Fraisoron, baina, urte hartatik aurrera, haurdunaldia ezkutatu nahi zuten emakume ezkongabe haurdunak hartzen zituztela dio Eva Garciak: "Haiei haurdunaldiko azken hilabeteak ezkutatzeko aukera emateaz gain, erditze sanitario anonimoa, segurua eta doakoa eskaintzen zitzaien; baita, semea edo alaba instituzioan utziz gero, geroago jasotzeko aukera berme jakin batzuekin. 1932an, haurra atxiki nahi zuten emakume ezkongabe pobreentzako dirulaguntza ezarri zen, eta, handik aurrera, gero eta gutxiago izan ziren bertan uzten ziren haurrak".


Fraisoroko logeletako oheak eta sehaskak, 1951n.

Kaxako umeak eta familiak

Garciaren esanetan, Fraisoron jaio eta 5 urte arteko haurrak egoten ziren, eta han jaiotakoak ama biologikoak edoskitzen zituen bi hilabetez. Besteak, "atetik sartzen zirenak", barruko edo kanpoko inude batek: "Elkarrizketatu nituen bertan egondako emakume ama/inudeek eta langileek zioten haurrak ondo tratatzea ezinbesteko araua zela han. Ez dago bestelako informaziorik. Jakin badakigu XX. mendearen lehen erdian baserrietan kokatutako hainbat kaxako umek zaintza ezegokia jasan zutela, alde horretatik".

Maribi Gorosmendiren, Mireia Castellsen eta Amparo Inzaren ahaideen esperientziak oso ezberdinak izan ziren. Gorosmendik dio aita "mutiko oso maitatua" izan zela: "Oso haurtzaro zoriontsua izan zuen nire aitak, beste askok ez bezala. Nire familia Oñatiko familia da. Ez nabil beste familia baten bila".

Inzak eta Castellsek bestelako kontakizuna daukate. "Amak esaten zuenez, Eskoriatzako baserri hartan ez zuten ondo tratatu, eta Fraisoron jaso zuten berriz. Gero, Oñatiko baserri batera eraman zuten. Lanerako zegoela esaten zuen; oso gaztea zen. Baserriko amak estimuan zuen, baina etxeko maiorazkoa ezkondu zenean eta haren emaztea etxera bizitzera joan zenean, nire ama baserritik botatzeko eskatu omen zuen", azaldu du Inzak. Castellsek ere adierazi du amonak ez zuela haurtzaroko oroitzapen onik, eta ez zuela gaiaz berba egitea gustuko: "Hura hogei egunekin atera zuten Fraisorotik. Hortaz, hark ezagutu zuen etxe bakarra Zabolakoa izan zen, baina nik uste dut bazekiela ez zela hango alaba. Sekula ez zitzaion familia hari zuzentzen gurasoak izango balira bezala. Zumarragako beste baserri batera bidali zuten, eta sekula gehiago ez zuen jakin familia hartaz".

Era berean, gehitu dute kaxako umeek ez zituztela seme-alaba biologikoen eskubide berberak. "Batzuetan, kaxako umeak hartzen zituzten familiek diru bat ematen zuten, baina gero, tratuan, ume hura ez zen berdina. Adibidez, ez zuten eskubiderik familiako abizena eramateko edo herentzia jasotzeko". Garai hartan, administrazioak jartzen zizkien abizenak jasotako haurrei, eta, askotan, herri-izenak, asmatutakoak edota haurra utzitako eguneko eguraldiarekin lotutako abizenak izaten ziren. Hiru elkarrizketatuek nabarmendu dute hori. "Ez da xelebrea, ez da zaila, baina ez dago jende askorik Gorosmendi abizena duenik. Dutenak nire familiakoak dira. Gorosmendi izeneko tunel bat dago, eta auzoren bat Goierrin. Nire izebek ez zuten nire aitaren abizen bera. Horrek jakin-mina sortzen dizu".

Inzaren amaren abizenak Abeldi Orduña ziren: "Esan zuten garai batean zetozen herriaren izena jartzen zutela abizentzat. Horregatik, pentsatu nuen Urduñakoa izango zela, baina ez dakit. Bilera batean galdetu nuen ea Fraisorora beste probintziatatik etortzen ote ziren, edo Gipuzkoakoak ziren soilik. Baina esan zidaten izan zitezkeela beste probintzia batetik zerbitzari lanetara etorriak". Castellsek gogoan du amona hil zenean jakin zutela Aldundiak jarritako abizenak zituela; ez biologikoak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskumena

Gipuzkoako kaxako umeak Aldundiaren eskumena ziren, eta, ekonomikoki sostengatzeaz gain, kudeaketarako antolaketa administratibo bat zuen, Probintziako Espositoen Batzordea deiturikoa. Ahaldun nagusiak eta probintziako bost diputatuk osatzen zuten. Kaxako umeen mugimenduarekin zerikusia zuten erabaki guztiak hartzen zituen, haiena baitzen tutoretza. Esaterako, sartzen zirenen erregistro zibilean inskripzioak, haurren sarrera-irteera mugimenduak, amekin itzulerak, inudeekin edo familiekin kokatzea, umeordetzeak, adopzioak, instituziotik kanpo zeuden haurren kontrola...

Garciak kontatu duenez, Sehaska Etxearen ardura domestikoa Karitateko Alaben Konpainiaren esku zegoen: "Moja haiek etxearen martxaren ardura zuten. Haurren zaintza antolatu eta emakume haurdunak eta barruko inudeen eginbeharren lan domestikoen banaketa egiten zuten. Komunitate erlijiosoak ez zuen haurren gaineko bestelako eskumenik. Soldata bat zuten, eskasa, kontuan izanik urteko 365 egunetan 24 orduz haren ardura hori betetzen zutela. Baldintza horiek guztiak kontratu batean jasota zeuden. Bertan, haien erlijio bizitza gauzatzeko askatasuna bermatzen zitzaien".

Dokumentuak ikusteko baimenik ez

Gipuzkoako Foru Aldundiak ditu gordeta Jasotako Haurrak Elkarteko senitartekoen hainbat artxibo eta datu, eta, urte askoan eskatu arren, ez die dokumentuok eskuratzeko baimenik ematen, Kode Zibileko 180. artikulua aplikatzen baitute, elkarteko kideen esanetan. "Artikulu horrek esaten du adoptatuek badutela eskubidea beren jatorri biologikoa ezagutzeko. Aldundiak ondorioztatzen du adoptatuek bakarrik dutela eskubide hori, eta beste ondorengoek ez. Legeak, ordea, ez du ezer esaten horretaz. Gure aurrekoak ez ziren adoptatuak izan", gaineratu du Maribi Gorosmendik.


Maribi Gorosmendi, Mireia Castells eta Amparo Inza.

Gehitu du badagoela beste lege bat, 2018koa, esaten duena "hildako pertsona baten datuak haren familiak, ondorengoak, ezagutzeko eskubidea duela; betiere, zendutako pertsonak ez badu idatzita utzi ez duela baimenik ematen. Ez da kasua. Lege horri heltzen badiozu, guk badugu eskubidea gure senideen datu pertsonalak jasotzeko".

ARARTEKOAK ESKATU DIO GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIARI ARTXIBOEN ETA DOKUMENTU ONDAREAREN ARAUDIA APLIKATZEKO

Hirugarren lege bat ere jarri du mahai gainean: Artxibo Historikoen Legea. Arartekoak ere Aldundiari eskatu zion Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Araudia aplikatzeko. "Lege horrek esaten du administrazio guztiek dituzten dokumentuek 50 urte baino gehiago badituzte, horiek dokumentu historikoak direla, eta Artxibo Historikoan egon beharko luketela. Artxibo Historikoko dokumentuak kontsultagarriak dira. Beraz, badaude bi lege, gure ustez, babesten gaituztenak", azaldu du. Hala ere, aurreratu du Aldundiak "amore eman" duela, eta ematen duela aurten aztertuko dituztela artxiboak eta jarriko dituztela Gipuzkoako Artxibo Historikoan. Dena den, zalantza daukate kontsultatzeko aukera izango ote duten, eta, kontsultatzekotan, zer aurkituko duten: "Haurra etxean jaio eta gero, tornuan utzi bazuten eta beste inork daturik ez bazuen eman, bakarrik egongo da noiz entregatu zuten, nola zegoen umea jantzita eta horrelako gauzak. Fraisoron jaio bazen, amaren datua ere badute".

Nondik datozen jakin nahian, esperantza galdu barik, egin dituzte urratsak. Arartekoaren babesaz gain, Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi guztiek eskatu zioten Aldundiari, hilaren 13an, erraztasunak emateko familiartekoei jasotako haurren espedienteak eskura ditzaten, Arartekoaren eta Herriaren Defendatzailearen gomendioak jarraituz. 

"Ez da izan estali beharreko gai bat; ez etxean, ezta etxetik kanpo ere"


Maribi Gorosmendi.

Gorosmendiren aita 1922an jaio zen, Fraisoron, eta hiru hilabete zituela Araotzeko baserri batean hartu zuten: "Han bizi izan da betidanik". Aurreratu du "benetan" izan zela "oso ume zoriontsua; seme bat gehiago izan zen". Oñatiarrak azaldu du aitak lasaitasunez hitz egiten zuela gaiaz: "Kontzientzia dudanetik dakit nire aita ekarritako ume bat zela".

Nondik zetorren jakin nahi

Jakin-mina baino ez zuen Gorosmendiren aitak, eta "penarik ez" zuela dio: "Ez zuen ama biologikoaren kontrako gauzarik esaten. Normaltasun handiarekin hitz egiten zuen. Ez zuen inoiz amorruarekin hitz egin. Gehiago zen jakin-mina, zerbait negatiboa baino. Ez da izan estali beharreko gauza bat; ez etxean, ezta etxetik kanpo ere".

"Nire amonak ez zuen gurasorik eduki, ezta anai-arrebarik ere"


Mireia Castells

1916an jaio zen Mireia Castells bergararraren amona, eta 20 urte zituela utzi zuten Fraisoron. Hogei egun zituela Aramaioko Zabola auzoko baserri batean hartu zuten, eta han egon zen 6-7 urte bete arte; Zumarragako "osaba batengana" joan arte: "Hara zerbitzari-lanetara joan zen. Ezkondu zen arte baserriz baserri ibili zen zerbitzari-lanetan. Egia esan, besterik ez dakigu".

Lekurik ez familian

Aitortu du amonari ez zitzaiola gaiaz hitz egitea gustatzen, eta uste duela ez zuela harremanik izan Zabolako familia harekin: "Amonaren nortasun agirian Fraisorotik atera zuten bikote hori agertzen da. Nire amonak ez zuen gurasorik eduki; ezta anai-arrebarik ere. Oso txikitatik aritu zen lanean".

"Datu gehiago izan ditzakegu, baina beti esan digute ezetz"


Amparo Inza

1912an jaio zen Amparo Inza oñatiarraren ama, eta Fraisoroko tornuan utzi zuten. "Badirudi Fraisorotik, neskatilatan, Eskoriatzako baserri batera eraman zutela. Itxura denez, baserri hartan ez zuten ondo tratatu eta Fraisoron utzi zuten berriz. Gero, Oñatiko baserri baten hartu zuten. Han familia bazegoen, baina hark esaten zuen lanerako zegoela".

Informazioa, karpeta baten

Duela zenbait urte, amak jakin barik, Aldundian izan zen informazio bila, eta amari buruzko datuak zituen karpeta bat erakutsi zioten: "Han jartzen zuen ze arroparekin entregatu zuten; urrezko belarritakoak eta guzti. Xehetasun horiek. Uste dut datu gehiago izan ditzakegula, baina beti esan digute ezetz, eta horrela gaude".

Eguraldia eta herriak, abizenen oinarri


Inudeen izenak eta umeen datuak, Arrasateko Udal Artxiboan.

Jasotako haurrei eguraldiarekin edota herriarekin lotutako abizenak jartzen zitzaizkien. Arrasateko Udal Artxiboan gordeta daude 51 inuderen izen-abizenak, beste horrenbeste kaxako umerenak, baita haien jaioteguna, jaioterria eta osasun egoera ere. 1798 eta 1808 artean jasotako datuak dira. Dokumentuan agertzen diren abizenak ikertu ditu Anabel Ugaldek, Arrasate Zientzia Elkarteko kide eta ondarearen ikerlari eta dibulgatzaileak.

1802ko urtarrilaren 20an jaio zen Sebastiana de las Nieves, eta, zerrenda horretan ez badago ere, hamaika egun lehenago Juana Edurzuri: "Biak 1802ko neguan; dirudienez, elurte handiak egin zituenean". Thomas Gaugorri ere ez dago botatakoen zerrendan. "1802ko apirilaren 15eko goizaldeko lauretan utzi zuten Esposito Etxearen tornuan. Haren abandonua, antza, oskorri gau batean gertatu zen. Oskorria egunsentian edo ilunabarrean gertatzen den fenomenoa da". Ugaldek adierazi duenez, 1803ko otsailaren 9an, Frantzisko Xabier izeneko mutiko bat bataiatu zuen San Juan parrokian Manuel Maria Upategik, eta abizentzat Negugogor jarri zion. 

Uda garaiko abizenak ere bai

Bazen Bergaran 1803ko abuztuaren 2an jaiotako Marina Leorrandi izeneko neskatila bat ere. Ugaldek gaineratu duenez, Santa Marina parrokiaren iparraldeko hilerrian aurkitu zuten, goizaldean, bataiatu gabe zegoela zioen kartel batekin. Pedro Iribe doktoreak jarri zion Marina izena, baina abizenik ez: "Norbaitek abizen bat eman behar zitzaiola erabaki zuen, Leorrandi. Dirudienez, lehorte handiaren sasoian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak