Norbere herriko ondarea ikastetxeetako neska-mutilen eskura, modu erraz eta didaktikoan

Hasier Larrea 2026ko maiatzaren 19a

Antzuolako Herri Curriculuma osatzeko prozesuan, herriko gazteekin egindako lanketan, edukiak aukeratzen. (Argazkiak: Goiena, HUHEZI, Elgeta Herri Eskola)

Udalek hezkuntza arloan duten erronketako bat da haurrek bizi diren herriaren gaineko ezagutza eta kontzientzia edukitzea. Ikastetxeekin eta askotariko eragileekin elkarlanean, Herri Curriculuma izeneko ikas materialak diseinatu eta garatu izan dituzte, txikitatik euren herriko historia, berezitasunak eta tradizioak barneratu ditzaten. Kasuan kasu, batzuek urteak daramatzate martxan, beste batzuk berri-berri daude, eta badira garatze bidean daudenak ere.

Puntua aldizkariaren 498. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Betidanik egin den zerbait izan da belaunaldi berriekin herri-identitatea lantzea; norbere herriari buruzko ezagutza oro erakustea, alegia. Iraganean, agian, samurragoa zen transmisio hori; kanpo estimulu gutxiagoko gizartea izanik, bertatik bertarako harremanak ziren nagusi. Gaur egungo testuinguruan, edonork dauka eskura munduko edozein gai edo txokori buruzko informazioa. Horren albo-kaltea gertu daukagunaren inguruko ezagutzatik urruntzea izan da. Tokian tokiko ezagutzen transmisio hori eteteko edo gutxitzeko arriskua existitzen zela ikusita, hezkuntza-eragileek garrantzitsutzat jo dute teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideekin material didaktikoak sortzea. 

Nola erabaki zer irakatsi behar den?

Kontua da zehaztu egin behar dela zer den erakutsi beharrekoa: hizkuntza, historia, kultura, kirola, toponimia, tradizioak, jarduera ekonomikoak, biodibertsitatea... Gai asko dira, eta jakin egin behar da nola antolatu. Lanketa hori ahalik eta aberats eta eraginkorrena izateko, baliagarria da eremu askotako eragileen esku-hartzea. Prozesu hori aurtengo ikasturtean egin dute Antzuolan, Herri Curriculuma osatzeko saioen bitartez. Udalaren ekimenez, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko teknikariek bideratu dituzte saiook. Apirilaren 30ean aurkeztu zituzten, Olaran etxean, prozesu horrek emandako emaitzak. Asier Lauzirika teknikariak nabarmendu zuen antzuolar zerk egiten zuten definitzea izan zela helburuetako bat: "Beste herrietan bezala, pertenentzia sentimendua errotuta dago herri honetan, baina bazegoen komunitate egiten dituen hori landu, antolatu, transmititu eta birsortzeko nahia. Orain arte berariaz horrelako prozesurik egin ez bada ere, badira herriko kultur ondarea, toponimia, ohiturak edota Alardea biltzen dituzten lanak; baita herriko nortasunaren adierazgarri diren ekimenak ere. Hala ere, hutsuneak identifikatu zituzten herriaren gaineko ezagutzan eta transmisioan, eta hori konpontzeko Herri Curriculuma osatzeari ekin diote".

Lau parte-hartze saiotan, hainbat dinamika eta eztabaida izan dituzte adin askotariko herritarrekin, eskolako ordezkariekin eta kultur zein kirol eragileetako kideekin, hainbat galderari erantzunak emateko: "Zeintzuk dira antzuolar nortasuna ezaugarritzen duten elementuak? Ze eragilek indartzen dituzte ezaugarriok? Zeintzuk dira gailentzen diren ahotsak? Zeintzuk falta dira?". Horietatik tiraka, "argazki bat" osatu dute: "Iragana, oraina eta etorkizuna uztartu edo txirikordatzen dituen Antzuolartasuna bizi, transmititu eta birsortzeko oinarrizko ekosistemaren argazkia". Bertan, nortasunaren nodoak –konexio puntuak– edo elementu zentralak eta aglutinatzaileak jaso dituzte, eta saretze bat egin nodo horiek osatzen eta aktibatzen dituzten elementuen artean.

Puntu horretara helduta, hurrengo pausoa lanketa hori guztia "edukiz bete, sistematizatu eta aktibatzea" izango da, produktu eta material konkretuak sortuta eta herritarrak aktibatzeko ekimenak dinamizatuta. Azkenik, Interneten egongo den tresna ireki batean jarriko lituzkete adostutako produktu zehatzak. Asmoa da talde eragile bat arduratzea horretaz guztiaz; gaur egun, definizio-fasean dago talde eragile hori. 

IKASTETXEETAN LEHENAGO ERE EGITEN ZEN HERRI-IDENTITATEAREN TRANSMISIO-LANA ERRAZTEKO TRESNA ERABILGARRIAK DIRA HERRI CURRICULUMAK

Adin-tarte bakoitzari egokituta

Bistan da ahots askoren batasunetik sortzen direla Herri Curriculumak. Elgetan Herri Hezitzailea taldean batzen diren Herri Eskolako, Liburutegiko eta Udaleko kideek gidatu zuten prozesua, eta Udal Artxiboko taldeak, Goibekok, Elgetan Berbetanek, Kantsatzekek eta Baratze Parkeak ere hartu dute parte. Emaitza joan den urtarrilean kaleratu zuten, bertan jasotzen diren ikas-materialak datorren ikasturtean lantzeko ideiarekin. Hala ere, Herri Eskolako Irene Santamaria zuzendariak eta Nora Olabide berrikuntza-arduradunak aurreratu dute dagoeneko hasiak direla ikasgeletan Herri Curriculumean jasota dauden eduki batzuk lantzen. "Lehenengo mailakoekin Elgetako mapa eta izendegia ikasteko ariketak garatzen hasi gara, eta Haur Hezkuntzakoekin Elgetako berbak jasotzen dituen txartelak erabiltzen. Datorren ikasturterako utzi dugu, besteak beste, hirugarren mailakoekin lantzekoak garen bertako eta sasoiko elikadurari dedikatutako atala, eta bosgarren mailakoekin herriko historian sakontzeko atala", azaldu dute. 


Elgetakoaren aurkezpenean, berben txartelekin.

Eduki horiek sortzeko planifikazioa eta ezagutzaren jasoketa urteetako lana izan dela azpimarratu dute. Zirriborroa zegoenean, eskolako irakasleekin kontrastatu eta "lurreratu" egin zuten Herri Curriculuma. Bereziki pozik daude orduan Hezkuntza zinegotzia zen Kepa De Vegarekin materiala aztertzeko egin zuten elkarlanarekin. "Pauso horiek guztiak emanda, tresna sinplea, erabilgarria eta hurbila sortu dugu, lehenago egiten genuen hori erraztera etorri dena", borobildu dute. 

Animazioek lagunduta

Interneten edonork kuxkuxeatzeko moduan dagoen Herri Curriculum horrez gain, Adox Komunikazioa taldeak egindako ikus-entzunezko animazio bat ere aurkeztu zuten apirilean, eta Intxortako ibilbide tematikoa ezagutzera joaten diren eskoletako ikasle gazteei erakutsiko diete aurrerantzean. 


Elgetako haurrentzako prestatutako animazioaren fotograma.

Herrian izandako bonbardaketak eta gerrak eragindako suntsiketa irudikatzen ditu Erresistentzia Elgetan izeneko lanak, umeek ulertzeko moduan azalduta. Hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako neska-mutikoendako prestatu dute. Elgetako Udalaren iniziatiba izan zen: "Herrian bazegoen behar bat haurrei hemen gertatutakoa azaltzeko. Marrazki bizidunetako protagonistak herriko bi ume dira, eta hiru minutuan kontatzen da nola aldatu zen euren bizitza gerra hasieratik bukaerara arte", azaldu du Ione Elkorok, Memoria Historiko eta Turismo arloko zinegotziak. 

Finkatuta dauden ikas materialak

Elgetan Herri Curriculuma labetik atera berri daukate, baina beste herri batzuetan urteak dira bertako eredua martxan jarri zutenetik. Arrasaten, esaterako, 2019an hasi zen osatzen Udala, herriko eragileen laguntzarekin, herriko ikastetxe eta maila guztietako ikasleei Arrasateko historia eta kultura transmititzeko helburuarekin. Udaleko Euskara arloko teknikari Idoia Jausorok azaldu duenez, "herrian emandako hainbat gertaera eta motibo azaltzen dituen mapa didaktikoa" izan zen abiapuntua. Herri Curriculuma garatzen joan ahala, hamar atal osatzeraino iritsi ziren: "Jolasak; legendak; jaiak eta kantak; Arrasateko berbak; auzoetako historia, pasarteak eta motiboak; ibilbideak; toponimia; parkeak; argazkiak; eta Arrasate ezagutzen liburuxka-sorta". 

UDALEK BALIABIDE KATALOGO BAT ESKAINTZEN DUTE, ETA IKASTETXE BAKOITZAK ERABAKITZEN DU UNITATE DIDAKTIKO HORIEK NOLA LANDU

Aipatzekoa da Arrasate ezagutzen liburuxketako atalak lehenagokotik zeudela sortuta, 2010 eta 2013. urte artean, zehazki, Hik Hasi hezkuntza-aldizkariarekin elkarlanean. Seina unitate didaktiko eta gida pedagogiko daude jasota liburuxketan: "Hala, unitate didaktikoetan, ikasleek eskoletan lantzeko jarduerak daude, eta gida pedagogikoetan, gaien inguruko azalpenak", zehaztu du Jausorok. 

Blogean, edonoren eskura

2010eko hamarkada hasiera hartan kokatzen dira baita ere Oñatiko Herri Curriculumaren sorrera-urteak. Udalaren, herriko ikastetxeen eta bertako guraso elkarteen ordura arteko arteko elkarlan-dinamika aberasgarria zela baloratuta, eta egitasmo berriak martxan jartzeko borondatea lagun, Oñatiko Herri Curriculuma osatzeari ekin zioten 2015ean; hain zuzen, Arrasateko eredua eta baita Oriokoa eta Azpeitikoa ere aintzat hartuta. 

Euskaltzaleen Topagunearekin lankidetzan garatu zuten, eta Josu Zubiak hartu zuen dinamizatzaile-rola. Edukiak blog batean bildu zituzten, hurretik.eus tituluarekin. Mirari Sagarzazuk diseinatuta, sortutako material didaktikoak modu irekian daude ikusgai gaur egun, ikastetxeetako kideek ez ezik, herriko eragile eta norbanakoek bisita dezaten. Izan ere, garrantzia eman zioten herri mailako zabalpena egiteari, eta, besteak beste, Hurretik Galan inauguratu zuten ofizialki Hurretik: Oñatiko Herri Curriculuma, horretarako materiala sortzen ibili ziren garaian, 2018ko urrian. 

Oñatiko Udaleko Hezkuntza teknikari Iñaki Akizuren esanetan, "Hurretik-en bidez baliabide katalogo bat eskaintzen du Udalak, eta ikastetxe bakoitzak autonomiaz, bere programazioaren eta metodologiaren arabera, erabakitzen du unitate didaktikoak zein mailatan eta zein garaitan landu".

Ikasleen zerbitzura dagoen tresna

Aramaion ere garai bertsuan landu zuten Herri Curriculuma, eta 2018an aurkeztu zuten, Oñatin bezala, jendaurreko ekitaldia eginda, herriarekin harremana estutzeko asmoa duen hainbat proposamen didaktikoz osatutako proiektua. Tresna bizia dela azpimarratu du Aramaixo Herri Eskolako zuzendari Saioa Uriartek: "Unean uneko proiektuak ikasleen interesetatik diseinatzen ditugu, inguruan dauzkagun baliabide material eta humanoak ahalik eta gehien aprobetxatuta. Adibidez, lehen zikloko ikasleek kezka adierazi digute klima aldaketarekiko, eta gai horretan oinarritutako proiektua abiatuko dute. Uste dugu bidea modu horretan egitea ezinbestekoa dela ikasketa esanguratsua izateko, komunitatea egiteko, partaidetza sentimendua sendotzeko". 

Besteak beste, tailerren bidez bideratzen dituzte beren ikaskuntzak, eta gurasoek, amama-aitaiatek eta herritarrek modu naturalean parte hartu dezaten bultzatzen dute. "Haien artean badugu taillagile bat, ikasleei egurra nola landu erakustera etortzen dena. Aurten, Aramaiori egokitu zaio Arabako Eskola Txikien Topaketarako lekukoa egitea, eta hark egin digu Arabako Zozuaren tailla. Hiru proposamen egin dizkigu, eta ikasleek antolatutako aukeraketa-prozesu baten bidez gogokoena aukeratu dugu", aipatu du Uriartek. 

HERRIAREKIN HARREMANA ESTUTZEKO TRESNA BIZIAK DIRA HERRI CURRICULUMAK, IKASLEEN BEHARRETARA EGOKITZEN DIRENAK

Halako egitasmoak "modu naturalean eta etengabe" sortzen direla esan du, udal langileekin eta herriko eragileekin duten harreman estua baliatuta: "Aramaiok elektrizitate-sistema berezia dauka, argi barik geratzen garenerako. Udaleko elektrizitatearen arduraduna eskolako guraso bat ere badenez, iazko apirilean gertatutako itzalaldiaren harira, gaia landu genuen harekin, mahai-ingurua baten bidez eta berezi egiten gaituen sistema gertutik ezagutzeko eremura joanda". 

Hezkuntza arlotik haragokoa

Herri Curriculumak ikastetxeetan lantzeko diseinatutako tresnak diren arren, herri-izaerarekin lotutako edukiak transmititzea gizarte-mailan dagoen erronka da, eta ikastetxeetatik kanpo jarduten duten eragileak ere badabiltza identitatearen gainean hausnarketak egiten. Aretxabaletako kasua adierazgarria da: UDA kirol elkarteak eta Udalak prozesu bat jarri zuten martxan joan den martxoan, Nolako aretxabaletarrak izan nahi dugu? galderari erantzuteko helburuarekin. "UDAn, kirol elkartea izateaz gain, klub komunitarioa izatea bilatzen dugu, ulertzen dugulako UDA izara bat izan behar dela, aretxabaletar izaeran ezaugarritutakoa", aipatu zuen Agurtzane Elkorok egitasmoa aurkezterakoan. Udalarekin harremanetan jarri zirenean, azkar batean ulertu zuten elkar: "Matx egin genuela esan daiteke, gu ere antzeko prozesu batean baikaude murgilduta", gehitu zuen Gari Iturbe alkateak. 

Bada, herritar orori irekitako bi lan-saio egin dituzte orain arte, eta hurrengoa maiatzaren 19an izango da, Karmele Igartua aretoan, 18:00etatik 19:30etara, ondorioak partekatu eta aurrera begirako pausoak zehazteko. 

Finean, etorkizuneko jendartea herri-jakintzaz elikatu gura dute. Urteak joan urteak etorri, agendetako lehen orrietan mantenduko den ikasgaia, zalantza barik. 

Arrasateko mapa didaktikoa


Maparen zati bat.

Arrasateko Herri Curriculumaren baitan, mapa didaktiko interesgarria lantzen dute herriko ikastetxeetan. Auzoak marrazki propioekin daude irudikatuta eta gertaera esanguratsuenak modu argian daude azalduta: Lezetxikin aurkitutako antzinako giza aztarnak, eta baita COVID-19ak eragindako osasun larrialdia arte. Garaika sailkatutako mugarri ugari daude zerrendatuta, arrasatear orok bere herriaren historiari buruzko zertzeladak jakin ditzan.

Elgetako berbak


Berbak azaltzen diren txartel batzuk.

Elgetako Herri Curriculumean, Haur Hezkuntzako ikasleei zuzendutako edukietako bat Elgetako berbak izendatzen dituzten txartelak dira. Asteko egunak, hilabeteak, aditzak, izenak, antolatzaileak eta adjektiboak erakusten dituzte txartel horietan; bakoitzak alde batean irudi bat dauka, eta bestean irudi horri dagokion hitza, euskara batuan eta Elgetako euskaran. Ikasmaterial hori, gainontzeko guztiak bezala, Interneten dago edonoren eskura.

Oñatiko Inauteriak


Inauterietako lantaldeak sortutako bideo baten fotograma bat.

Hurretik Herri Curriculumean jasotako edukietan, badaude batzuk adin tarte eta garai berean lantzen direnak. Esate baterako, Oñatiko Inauteriei dagokien atala. Izan ere, Inauteri Txikia prestatzeko erabiltzen dute ikasleek, Oñatiko Inauteri lantaldearekin elkarlanean eta haren gidaritzapean. Atal hori Hurretik blog irekian kontsulta daiteke: Inauteri lantaldeak sortutako bideo eta audio ugarirekin aberastuta dago, Udalaren dirulaguntza baliatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak