Blues-zaleentzako ekitaldi ugari izango dira datozen asteetan Debagoienean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko maiatzaren 15a

Asteon grabatu duten Arrasate Blues podcastaren une bat. Jon Zuazubiskar

Oñatiko Blues Festibalaren baitan, bost kontzertu izango dira asteburuan eta Arrasate Blues jaialdiak antolatutako askotariko proposamen gehiago izango dira datozen asteetan.

Arrasateko Ibai-arte merkatari elkarteko kideak buru-belarri ari dira uztailaren 9tik 12ra bitartean egingo duten zortzigarren Arrasate Blues jaialdia prestatzeko lanetan. "Konplikatu samarra izan da egitaraua osatzea, buruko-min batzuk izan ditugu, egia esan, baina pozik gaude aurtengo jaialdiari ere itxura polita ematea lortu dugulako. Harmonika izan zen iazko egitarauaren hari nagusietako bat; oraingoan, ez dago halakorik: blues tradizionalaz harago, denetariko musika estiloen eta formazioen erakusleiho zabala izango da", kontatu du Arrasate Blues jaialdiko zuzendari Jon Apraizek. 

Egitaraua osatzeaz harago, bestelako lan gehiago daude Arrasate Blues jaialdiaren atzean; promozioa da horietako bat. Bada, helburu horrekin egin dute, asteon, Goienarekin elkarlanean, Arrasate Blues bideopodcastaren beste kapitulu bat. Arrasateko jaialdiko zuzendariaz gain, Oñatiko Blues Festibaleko antolatzaile taldeko Aitor Perosterenak eta Noa & The Hell Drinkers taldeko Noa Egiguren musikariak hartu dute parte.

Aurkezpena, maiatzaren 30ean

Prentsaurreko bidez aurkeztu izan dituzte aurreko urteetako jaialdiak; aurten, baina, beste era batera egingo dute, Big Band Eguna antolatuta. "Maiatzaren 30ean izango da, eta lau big band gonbidatu ditugu; horien artean, Arrasate Musikal eskolan sortutako bi talde: Arrasateko Big Band eta musikari gazteagoak kide dituen Big Band Gazte. Eta, horiez gainera, Gasteizko Big Band Berri eta Barcelona Blues Big Band ere izango dira; azken horiekin, gurean askotan izan den Noa & The Hell Drinkers taldeko Noa Egiguren izango da kantuan. Bi eszenatoki izango dira: Zaldibar frontoian izango da eguerdiko emanaldia eta Mondragon Hotelean, iluntzekoa".

Ekitaldi gehiago aurretik

Iragarritakoez gain, musika-proposamen gehiago izango dira Arrasate Blueseko antolatzaileen eskutik. "Maiatzaren 22rako, Stefano Barigazzi Italiako gitarra-jole handia gonbidatu dugu Aterpe tabernara, eta kontzertu interesgarria izango dela aurreikusten dugu. Aipagarria da, era berean, ekainaren 14an aurkeztuko dugun Bluexei taldearen emanaldia ere. Guk geuk eragindako taldea da hori, Debagoieneko musikariak batuta: Arrasateko Olatz Urkia, Ebert Sanchez eta Aitor Etxagibel daude, eta baita Bergarako Asier Elorza, Nagore Sanz eta Zigor Martinez ere. Eta beste gonbidatu bat izango dugu ekainaren 21ean: Felix Slim". 

Asteburuan, Oñatin

Gaur hasita, asteburuan egingo dute Oñatiko Blues Festibala, eta Oñatiko Blues Elkartekoak "gogotsu" daude gaztelekua euskal eta kanpoko goi-mailako doinuz betetzeko. "Arrasatekoarekin alderatuz, xumeagoa da, baina egitarau interesgarria osatu dugu. Oso eskertuta gaude Udalaren laguntzaz gain Arrasate Bluesen eta Euskal Herriko beste jaialdien eskutik jasotzen ari garen babesarekin", azaldu du Aitor Perosterenak.

Bost emanaldi eta gazteentzako blues tailerra izango dira aukeran. "Madrilgo Emilio Arsuaga harmonista handia izango da gaur, The Mad Reeds taldeak lagunduta, eta iaz fitxatu genuen Gasteizko The Allnighters taldeak borobilduko du gaua. Emakume abeslariak dituzten bi talde izango dira taularen gainean bihar: Bartzelonako Wax&Boogie taldea, Pablo Sanpa gitarra-jole handiak lagunduta, eta Donostiako Noa & The Hell Drinkers. Horiez gainera, kalera aterako ditugu blues doinuak bihar eguerdian, Iruñeko Broken Brothers Brass Band-en kalejirarekin. Gaueko kontzertuak 21:30ean hasiko dira, eta 21:00etan zabalduko ditugu ateak. Egun bakoitzeko sarrera hamar euro da, eta bi egunerako bonua, berriz, 18,5 euro".

Noa Egiguren: "Ospe handia dute hemengo jaialdiek"

Noa&The Helldrinkes taldeko abeslari Noa Egiguren.

Oñatiko eta Arrasateko blues jaialdietan "pozik" abestuko du Nora Egigurenek (Oñati, 1983) aurten ere.

Raw lana aurkeztuko duzu bihar; zelako bilduma da?

Laugarren lana da, labetik atera berria; orain arteko luzeena eta zabalena, hitz gordinekin eta estilo askotako musika-estiloekin osatutakoa.

Gustura etortzen zara eskualdera; zergatik?

Izugarrizko giroa sortzen delako; beste jaialdi batzuetan baino beroagoa edo gertukoagoa da publikoa, eta antolatzaileek oso ondo mimatzen gaituzte.

Beraz, etxean moduan sentitzen zara.

Bai kantatzera natorrenean, bai publiko moduan ere; urtero etortzen naiz. Musikarien artean, gainera, izen edo ospe oso ona dute biek ala biek; erreferentziazko topagune bihurtu dira.

Erlazionatuak

Arrasate Blues Podcast 1: Maiatzean ere, bluesa gozagarri

Aitziber Aranburuzabala Juldain mai 13, 18:00 Arrasate   Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak