500 orriko liburua da Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian. Euskal Herrian aurki ditzakegun 116 zuhaitz eta arbola espeziek osatzen dute liburua; bakoitzaren ezaugarriak, erabilerak, bitxikeriak, gaitzak eta izurriteak azalduz.
Horrez gain, 5.000 hitzeko hiztegia egin dute zuhaitzaren edo arbolaren egitura eta izendapenaren, ekologiaren, ilargiaren, basogintzaren, paisaiaren eta erabileren inguruko terminoak biltzen dituena. Kolaborazioak ere badaude, zuhaitzak eta arbolak, eta egurrek eta zurek Euskal Herrian duten garrantzia azaltzen duten 15 kolaborazio.
Basogintzarekiko konpromezua
Tantai Baso Jabe Kooperatibaren laguntzarekin, saldutako ale bakoitzeko metro koadro bat baso sortuko dute. Horrela, liburuaren sorrerak eragin duen aztarna ekologikoa arinduko dute eta "liburua bezain aberatsa den ekosistema bat" sortuko dute elkarrekin. Oraindik ez dago liburua erosteko aukerarik, baina Argia Azokan egin daiteke erreserba eta ekainaren 8tik aurrera eskuratu inprentatik atera berri.
Liburuaren aurkezpenak
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztuko dute liburua, ekainaren 6an, 16:00etan. Ekainaren 13an, berriz, Gasteizko Olarizun egongo dira. 10:30etan hasiko da aurkezpena bisita gidatu batekin eta aurkezpen ofizialarekin borobilduko dute goiza.