Kubarako bilketa solidarioaren balorazio positiboa egin du Kontseilu Sozialistak

Gontzal Belategi Zubia 2026ko apirilaren 30a

Oñatin, esaterako, Antixena gaztetxean gorde zuten bildutako materiala.

Aurreikuspen guztiak gainditu zirela azaldu dute bilketaren antolatzaileek. Bilketak Kubari laguntzeaz gain inperialismoa salatzeko asmoa zuela azaldu dute, EHKS-k maiatzaren 1ean Iruñean egingo duen mobilizaziora deituz.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuen bilketa egin zuten joan den astean, Euskadi-Cuba elkartearekin batera. Osotara, Euskal Herriko 93 herritan eta 100 hezigunetan izan ziren osasun, higiene, kirol, eskola zein garbitzeko materiala eta elikagaiak batzen. Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Aretxabaletan jarri zituen bilketa-postuak, eta, aurrez, Debagoieneko IAS Gaztelupe, Arrasate BHI, Txantxiku ikastola, Elkar Hezi eta Ipintza eskoletan ibili zen materiala biltzen.

Aurreikuspenak gaindituta

"Elkartasuna tonaka jaso dugu Euskal Herri osoan", azaldu du EHKSko bozeramaile Ane Ibarzabalek, eta bilketaren balorazio positiboa egin du. Aurreikuspenak gainditu zirela ere gaineratu du: "Milaka medikamentu eta osasungintzarako material jaso ditugu. Baita kirol materiala, arropa, eta milaka eta milaka kilo janari edo oinarrizko produktu. Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu".

Debagoienean ere aurreikuspenak gainditu zirela azaldu du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistako kide Beñat Ugaldek: "Gaiaren larritasuna jakinik, herritarren parte hartze handia espero genuen, baina gu ere harrituta gelditu ginen erantzunarekin. Hemen ere aurreikuspenak gainditu genituen".

Bilketaren ostean ere lanean

Ikusten ez den lanari balioa eman nahi izan dio Ugaldek; izan ere, postuak jaso ostean ere lan ugari izan zen: "Herri bakoitzak puntu baten bildu zuen materiala, bertan ordenatzeko. Ondoren, Azpeitiko Esklabak Zentro Sozialistara eraman genuen dena, eta egun osoa eman genuen bertan, Gipuzkoa osoko materiala atontzen". Bildutakoa Euskadi-Cuba elkartearen esku utzi zuten, eta hura arduratu da astean zehar guztia uhartera bidaltzeaz.

Arrasaten jarritako bilketa-puntuetako bat. (Argazkia: Deba Bailarako Kontseilu Sozialista)

Kuba, elkartasun eredu

Kubak bizi duen egoera salatu du Ugaldek, eta erantzule gisa Ameriketako Estatu Batuak seinalatu: "Kubatarrak iraultza hasi zenetik dabiltza AEBen blokeoa jasaten, baina egoera larritu egin da Trump bere joera inperialista gogortzen hasi denetik. Gainera, Venezuelako herriari egindako erasoaren ostean, egoera humanitarioak txarrera egin du, baliabide eta petrolio apurrak iristen ez direlako".

Horrez gain, Kubak historikoki erakutsi duen joera "internazionalista" azpimarratu du Kontseilu Sozialistako kideak: "Kuba beti izan da erreferente internazionalista herrialde bezala, trukean ezer jaso barik asko eman duena. Pandemian, esaterako, bertako medikuak hainbat herrialdetara joan ziren osasun-arreta ematera. Oraingoan, guri dagokigu, internazionalismo hori oinarri, Kubari laguntzea"

Maiatzaren 1ean Iruñera

Kontseilu Sozialistako kideak azaldu duenez, Kubari laguntzeaz gain, AEBen "jarrera inperialista salatzea" zuen helburu bilketak. Noranzko horretan, EHKSk maiatzaren 1erako "gerra inperialistaren aurka" antolatu duen manifestazioan parte hartzeko dei egin du. 12:30ean hasiko da mobilizazioa, Iruñeko zezen-plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak