Bost kirol elkarte eta 404 gimnasta

Mireia Bikuña 2026ko apirilaren 29a

Aloñako gimnastak, 35. urteurrena ospatzeko ekitaldian. (Argazkiak: Goiena, Nahia Arguiz, Edurne Elkoro eta Ainize Lizarralde)

70eko hamarkadaren erdialdean hasi ziren gimnasia erritmiko eskolak ematen Arrasaten. Han landatu ziren lehenengo haziak; eta emaitzak ostean etorri dira. Egun, Debagoienean bost elkarte daude tapizaren sekretuak eta zailtasunak lantzen: Arrasaten, Bergaran, Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Historikoki "kirol femeninoa" izan denak lortu du beste bide bat zabaltzea, parekidetasunaren izenean: mutikoak hasi dira, poliki-poliki, gimnasia erritmikoa eta aerobikoa egiten.

Puntua aldizkariaren 495. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Aloña Mendiko gimnasia erritmiko sailak 35 urte bete ditu, eta ospakizunetan dihardute dagoeneko. Mendeurren berezia ospatzeko, erakustaldia egin dute sailean dauden 110 gimnastek. "Oso pozik gaude, eta osasuntsu. Biziraupena ez da erraza izaten, baina, gorabehera batzuekin, hemen gaude, 35. urteurrena ospatzen. Ni 4 urterekin hasi nintzen gimnasian, eta badaramat hainbat urte entrenatzaile eta arduradun lanetan. Lantalde sendoa gaudela esango nuke, bai entrenatzaile lanetan eta baita zuzendaritzan", kontatu du Aloña Mendiko gimnasia erritmikoko arduradun Lide Osinagak.

DEBAGOIENEAN BOST KLUB DAUDE: ARRASATE DRAGOI, ARIZNOA, ALOÑA MENDI, UDA ETA ESKORIATZA; GUZTIRA, 404 GIMNASTA FEDERATU

Urte asko diren arren, oñatiarrak ez ziren izan lehenak tapizaren gainekoak ikasten: Bergaran 1983. urtean hasi ziren; eta Arrasaten, aurretik, 1975. urte inguruan. Beraz, badira hamarkada batzuk diziplina handia eskatzen duen kirola Debagoienera heldu zela. Eta ez heldu bakarrik: errotu ere egin da. Izan ere, gimnasia erritmikoko bost talde daude bailaran: Arrasateko Dragoi Gimnasia taldea, Bergarako Ariznoa, Oñatiko Aloña Mendi, Eskoriatzako taldea eta Aretxabaletako UDA. "Oso bitxia da, baina pozgarria, era berean, gimnasiak halako harrera izatea gure bailaran. Lana ondo egiten den seinale dela esango nuke. Uste dut gogo handia dagoela eta, zailtasunak zailtasun, aurrera egiteko moduak topatu ditugula", azpimarratu du Osinagak.

Gipuzkoan 1.662 gimnasta

Aloña Mendi izan ezik, gainerako klubak daude Gipuzkoako Gimnasia Federazioaren baitan, eta hark antolatzen duen txapelketetan parte hartzen dute. Federazioak emandako datuen arabera, 1.662 pertsonak egiten dute gimnasia Gipuzkoan: 562k kadetetik gorako lizentzia dute eta gainerakoek eskola kirolean dihardute, benjamin, alebin eta infantil mailetan. Datu horiek Debagoienera ekarrita, 404 gimnasta daude: 155 Dragoi taldean, 110na Ariznoan eta Aloña Mendin, 28 Eskoriatzan eta hamasei Aretxabaletan. Federazioaren datuen arabera, bailaran 60 bat gimnasta lehiatzen dira kadete mailatik gora. "Gipuzkoan oso ona da gimnasia erritmikoaren egoera. Pandemiaren urteetan beherakada izan zen, beste kirol batzuetan modutan. Baina errekuperatzen goaz. Denboraldiz denboraldi gimnasta gehiago ditugu, eta antolatzen ditugun txapelketetako parte-hartzea ere nabarmen handitu da.  Datuek esaten dute egoera oso ona dela. Guk modu horretan ulertzen dugu. Egia da, ere berean, klub bakoitzak bere kasuistikak dituela, gabeziak eta oztopoak, eta, akaso, euren iritzia bestelakoa izan daiteke", esan du Gipuzkoako Gimnasia Erritmikoko Federazioko idazkari Jaione Tejedorrek.

"Oso babestuta eta zainduta sentitzen naiz"

KAI LUENGO ELKORO (erdian)

DRAGOIKO GIMNASTA

Eneko Lambea gimnastak erdigunean ipini du mutikoek gimnasia erritmikoan izan dezaketen interesa. Diziplina hori neskek egiten dute, gehienbat, eta beti hartu izan da emakumezkoen kiroltzat. Agian, agerpen horren ondorioz, mutikoak hasi dira, neskatilekin batera, taldeka edo binaka lehiatzen. Arrasate Dragoi gimnasia taldeak badu mutiko bat: Kai Luengo Elkoro. 12 urte ditu, infantil mailan lehiatzen da gimnasia erritmikoan eta kadete mailan aerobikoan. "Etxean beti ikusi dut arreba gimnasia erritmikoa egiten, eta, halako batean, neure buruari galdetu nion ea zergatik ez nuen nik ere gimnasia egiten. Horrela hasi nintzen. Denbora gutxian asko hobeto dut malgutasunean, teknikan, eta batez ere, erritmoan", kontatu du. Ez zuen arazorik izan emakumezkoen kiroltzat hartzen den gimnasian hasteko. Are gehiago, "oso babestuta eta zainduta" sentitzen dela esan dio PUNTUAri. Eta hau gaineratu du: "Mutilak animatuko nituzke. Gimnasia erritmikoa eta aerobikoa kirol mistoak dira, eta oso gutxi gara oraindik". 

Kirol mistoa

Beñat Arizabaleta izan zen Dragoik izan zuen lehen mutila. Haren atzetik etorri dira beste batzuk; baina ez Arrasaten bakarrik. "Uste dugu oso onuragarria dela kirol mistoa izatea. Onuragarria da neskendako, mutilendako eta gizartearendako, oro har. Dibertsitate handia izan dezakeen diziplina da. Ez da femeninoa eta estetikoa. Askoz harago doan kirola da".

7oeko hamarkada ezkero

Bailara txikia izanda ere, gimnasia erritmikoa errotuta dago Debagoienean. 1975. urte aldera hasi zen gimnasiarekin Lupe Oteiza, Arrasaten. Kiroldegirik ez zegoen orduan, eta eskolak San Frantzisko Xabier ikastolan ematen zituen. Han landatu zuten hazia. Urte batzuk geroago, Arantzazu Zubiak hartu zuen eskolak emateko ardura. "Arrasate Dragoi Gimnasia taldea 1999an sortu zen, baina aurreko urteetan beste hainbat izen izan zituen: Gimca Gacela, AKE eta Arrasate Gimnasia Taldea. Kluba sortu zenean helburu nagusia zen gimnasia erritmikoa ezagutzera ematea. Ezezaguna zen. Egungo helburuak bestelakoak dira. Geroz eta gimnasta gehiago ditugun heinean, gure lana ezagutzera eman dugu eta herrian badakite nor garen. Hortaz, errotuta gauden honetan, gure helburuak dira neska-mutikoei gimnasia praktikatzeko aukera ematea, eta kirola egiteak dakartzan balioak landu, ikasi eta barneratu", azaldu du Arrasate Dragoi Gimnasia Taldeko kide Edurne Elkorok. 

GIMNASIA AEROBIKOA GIMNASIA ERRITMIKOKO FEDERAZIOAREN BAITAN DAGO; DRAGOIKO AEROBIKO TALDEA GIPUZKOAKO BAKARRA DA, HAMABOST GIMNASTAREKIN

Oteizak landatutako haziak fruituak eman ditu Arrasaten; izan ere, hamar gimnastarekin hasi ziren. Egun, 155 daude taldean, eta itxarotezerrenda dute. "Muga jarri behar izan dugu, ez daukagulako gimnasta gehiago hartzeko lekurik. Institutuko gimnasioan entrenatzen ginen, baina sutea egon zenetik Uarkapen dihardugu, baina astero sei ordu bakarrik ditugu entrenatzeko. Oso gutxi 155 gimnastarendako. Orain datoz txapelketa garrantzitsuenak, eta ezin gara fundamentuz entrenatu. Egia esan, ezjakintasun handia daukagu, bai epe motzera eta baita ertainera ere", esan dute.

Are gehiago, gimnasia erritmikoaz harago, gimnasia aerobikoa ere badute Dragoi taldean, baina entrenatzeko duten zailtasunak bertan behera utzi dezake taldea. "Dragoiko entrenatzaile Elena Lanuzak gimnasia aerobikoa egiten zuen Gasteizen. 2013an, lehiaketak utzi zituenean, aerobiko talde bat osatzea pentsatu zuen, eta ordutik lan handia egin dugu, eta emaitza oso onak lortu dituzte gure gimnastek. Baina Espainiako txapelketa batek eskatzen duen gutxieneko maila emateko, ordu asko behar dira entrenamenduetan; eta egungo egoerak ez digu hori bermatzen. Hortaz, ikusiko dugu zer gertatzen den talde horrekin", esan du Elkorok. Arrasate Dragoiko talde aerobikoa Gipuzkoako bakarra da, hamabost gimnastarekin.

1984ko Olinpiar Jokoetan

Erritmikoa barne hartu zuten lehen Olinpiar Jokoak Los Angelesen (AEB) izan ziren, 1984an. Banakako modalitatea bakarrik onartu zen. Taldekako modalitatea 1993ko apirilean onartu zuen Nazioarteko Olinpiar Batzordeak. Klub bakoitzaren bilakaeratik harago, gimnasia erritmikoaren bidea Olinpiar Jokoek markatzen dute. Zehatzago esanda, ziklo olinpikoak. Hau da, bi Jokoren artean dauden lau urteak. Nazioarteko Gimnasia Erritmikoko Federazioak arauak aldatzen ditu, eta horietara egokitu behar izan dute klubek euren koreografiak antolatzeko orduan. "Gipuzkoa eta Euskadi mailako txapelketetan parte hartzen dugu, eta gehienetan, taldeka. Beti daude elementu batzuk derrigorrezkoak direnak ariketa bakoitzean.

Aparatuaren arabera, modu ezberdinean puntuatzen dira ariketak, eta zigorrak ere ezberdinak dira. Horiek guztiak Federazioak zehazten ditu, eta gu egokitu egiten gara", dio Bergarako Ariznoako entrenatzaile Ainize Lizarraldek.

Bergaran gimnasia erritmikoa Promocion Cultural Bergaresa taldearen ekimen bezala sortu zen, 1983an. Urte hartako otsailaren 14an, 70 hamar neska hasi ziren gimnasia erritmikoan lehen urratsak egiten. Ordutik, gimnasia erritmikoaren sustapenean dihardu Ariznoa Elkarteak. "Bergarako eta Antzuolako haurrekin eta gazteekin dihardugu. Kirolaz gozatu, ohitura osasuntsuak nola barneratu, koordinazioa landu... Azken finean,  norberaren sen artistikoa lantzen eta garatzen dugu. Uste dugu sorrerako helburuek bat egiten dutela gaur egun ditugunekin".

Psikomotrizitate taldekoak dira txikienak eta senior mailakoak zaharrenak. Tartean dauden kategoria guztietan dituzte taldeak, gazte mailan izan ezik. Guztira, Bergarako eta Antzuolako 110 gimnasta, eta lau entrenatzaile. "Gimnasta kopuru aldetik klubaren bilakaera ziklikoa izan dela esango nuke. Belaunaldien araberakoa izaten da. Baina gaur egun osasuntsu gaudela esango nuke. Alegia, gimnasiak topatu du bere lekua Bergaran; eta Antzuolan ere bai. Gimnasian dihardugunon erronka nagusia da mutikoengana heltzea. Nahiko genuke mutikoak gurera ekarri, baina hori urte luzeetako lana izango da", azpimarratu du Lizarraldek.

Zergatik aukeratu zenuten gimnasia erritmikoa? Zer gustatzen zaizue gehien eta gutxien?


MALEN ERDABIDE ETA ANE ARANZABAL DRAGOI TALDEKO GIMNASTAK

"Taldean daukagun giroa azpimarratuko genuke. Familia bat gara. Gimnasia erritmikoan, txikitan egindako lagunak betirako dira. Beti izango dugu taldekide bat, edozertarako. Tapizera segurtasunarekin eta konfiantzarekin irtetea oso inportantea da; baina, era berean, oso zaila".

SARA GARITANO ETA GOIZEDER ROMERO ARIZNOAKO GIMNASTAK

"Dantza egitea gustuko genuen txikitan, eta ez genuen zalantzarik izan. Koreografia behin eta berriz praktikatzea gozamena da; are gozagarriagoa, lagunekin egiten badugu. Malgutasuna lortzea eta koordinazioa izatea dira zailenak; baina diziplina oso polita izan daiteke. Animatu".

Ikastetik erakustera

Bailarako klubetako egungo entrenatzaile gehienak gimnastak izandakoak dira aurretik. Horrek dakarren guztiarekin. Txikitatik ikasi izan zutena txiki direnei erakusten dihardute Edurne Elkorok, Ainize Lizarraldek eta Lide Osinagak. "Nik ez dakit tapiz barik bizitzen. Denboraldia nekatuta bukatzen dut, baina udan gimnasiaren errutina falta igartzen dut. Gimnasia erritmikoa kirol oso atsegina da. Lan asko eskatzen duena, baina bueltan asko ematen dit. Oso aberasgarria da. Gimnasta izan nintzen garaiko oso oroitzapen politak ditut", esan du Aloña Mendiren entrenatzaile Lide Osinagak. 4 urterekin hasi zen Osinaga tapizaren gainean. Orduko hartan, Adelaida Silvar zen Aloñaren entrenatzaile. Ostean, Visi Gutierrez izan zen arduradun. Haren erreleboa hartu zuen Osinagak. Hasieran, Gutierrezen laguntzaile. Ostean hartu zuen txikienen ardura eta gero etorri ziren bestelako ardurak.

Aloña Mendi Oñati Institutuaren gimnasioan entrenatu zen hasierako urteetan. Egun, Zubikoako kantxan dihardu. Aloña Mendiko gimnastek ez dute txapelketetan lehiatzen. "Garai ezberdinetan probaren baten parte hartu izan dugu, baina txapelketak ez daude gure bideorrian. Txapelketa bati berme osoz aurre egiteko, asko entrenatu behar da, eta ez dugu horretarako azpiegitura nahikorik. Hortaz, beste bide bat aukeratu dugu, txapelketetan parte hartu barik ere gimnasia erritmikoaz goza daitekeela erakusteko. Hala, beste ekintza batzuk egiten ditugu: erakustaldiak, eskola magistralak, campusak... Eroso gaude horrela. Gimnastek batzuetan galdetzen dute ea zergatik ez garen txapelketetara joaten". Aloñan, egun, 3 eta 16 urte arteko 110 gimnastarekin egiten dute lan.

Eskoriatzan eta Aretxabaletan –UDAren baitan– 2008an sortu ziren gimnasia erritmikoko taldeak. Egun, 28 eta hamasei gimnasta dituzte, hurrenez hurren. Nahia Arguiz eta Esther Barcenilla dira Eskoriatzako entrenatzaileak, eta azken hori arduratzen da Aretxabaletako taldeaz. "Eskoriatzan dugun gimnasta kopuruarekin oso pozik gaude. Aurten bi talde berri osatu ditugu, eta horrek erakusten du lana ondo egiten dugula. Aretxabaletan zailagoa da. Futbola da kirol nagusia, eta horren kontra borrokatzea oso zaila da. Are zailagoa, emakumezkoen futbolak hartu duen indarra kontuan hartuta. Hamasei gimnasta ez dira asko, eta, batzuetan, hankamotz geratzen gara, baina moldatzen gara; eta gabeziak gabezi, pozik gaude", adierazi du Esther Barcenilla entrenatzaileak.

Oso gazteak dira Barcenillaren eta Arguizen aginduetara diharduten gimnastak. Mutiko bat ere badute taldean, eta denboraldia irailean abiatzen dute. "Intxaurtxueta auzoan egiten dugu emanaldia, kalean. Barruan egiten dugun lana kalera ateratzeko aukera ematen digute, eta, bide batez, gure taldea promozionatzeko aukera izaten dugu. Emanaldi harekin hasi eta ekainera arte izaten dugu ikasturtea. Herri bakoitzean bina entrenamendu-saio egiten ditugu, eta barikuak aldakorrak izaten dira. Hau da, asteburuan txapelketaren bat edo torneoren bat badaukagu, azken ukituak ematen ditugu egubakoitzetan". Barcenillaren gimnastak hasieratik hasten dira aparatuak erabiltzen. "Aparatuak goiz erabiltzen hastea oso garrantzitsua da. Lehenik, malgutasunarekin hasten gara. Espazio guztietan koordinazio handiagoa izatea dakar. Okulu espaziala, eskuzko okulua, okulu-pedala... izatea. Garrantzitsua da gorputz-adar guztiak ondo koordinatuta izatea".

3 edo 4 urterekin hasten dira gimnasta gehienak. Oso gazte. Gazteegi, agian. "Oso aberasgarria da; izan ere, asko ematen dute bueltan. Baina oso zaila da hain haur txikien sentimenduak kudeatzea", uste du Barcenillak.

Txikizkako kirola?

Gimnasia erritmikoak erreferente asko izan ditu EAEn: Almudena Cid, Salma Solaun eta Eneko Lambea, besteak beste. Izen propioez harago, Euskal  Gimnasia Federazioak babes handia ematen dio. Urtero antolatzen du Euskalgim gala, Barakaldoko BECen, eta nazioarteko gimnasta onenak gonbidatzen dituzte ekitaldira. "Estatu mailan indar handia du gimnasiak, eta Euskalgimera jende mordoa joaten da, eta asko, kanpotik etortzen dira. Kirol misto izaera duenetik ate asko zabaldu dira. Oinarri sendoa duela esango nuke. Hori horrela, guretzat, behintzat, ez gara bigarren mailako kirola. Arrasate Dragoi Gimnasia Taldean ez dugu sentitzen txikizkako kirola garenik", esan du Edurne Elkorok.

"Ezinbestekoa da bailarako kluben lana"


Itziar Alberdi, Arrate Baskaran, Nahia Arguiz eta Haizeder Arguiz.

IPURUA TALDEKO GIMNASTAK

Nahia eta Haizeder Arguiz ahizpa eskoriatzarrak eta Arrate Baskaran eta Itziar Alberdi bergararrak Eibarko Ipurua gimnasia taldeko kideak dira. Lehenengo hirurak absolutu mailan lehiatzen dira, eta Alberdi, gazte mailan. Laurak izan dira bailarako klubetako gimnastak: Arguiz ahizpak, Eskoriatzan; eta Baskaran eta Alberdi, Ariznoan. "Oso harro esaten dugu nongotarrak garen eta non hasi ginen gimnasian. Herri mailako klubek egiten duten lana oso garrantzitsua da. Hein handi baten, gu garena gara, gimnasta eta pertsona bezala, gure entrenatzaileek erakutsi zigutenari esker. Klub txikietan gertutasun handiagoa dago, eta lan egiteko modua goxoagoa", azpimarratu dute laurek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak