Ikastaroa Tokixanek antolatzen badu ere, Biolurrek, Ekintzakoopek, eta Mondragon Unibertsitateko zein Euskal Herriko Unibertsitateko kideek ere parte-hartu dute ikastaro honen diseinuan. Aipatutakoez gain, bestelako aditu, erakunde eta sektore ere arituko dira ikastaroan formatzaile bezala.
Nekazaritzan instalazio bide berriak garatzeko oinarrizko ikastaroaz gain, Tokixan proiektuak jarraipena, bidelaguntza, test gunea eta baliabide sorta ere eskainiko ditu, "ekoizleen arteko elkarlana sustatuz zein arlo ezberdinetan zerbitzu eta baliabideak partekatuz".
Bi saioko ikastaroa
Ikastaroa azaroko lehenengo martitzenean hasiko da. Izan ere, azaroko martitzen eta eguenetan 15:00etatik 19:30era Bergaran hastapen ikastaroa emango da. Bertan, elikadura burujabetza, agroekologia eta ekonomia sozial eraldatzailea izango dira hizpide.
Bestalde, ikastaro teoriko-praktikoa izango da. Oinarri teorikoak Oñatin emango dituzte; 2027ko urtarriletik martxorako martitzen eta eguenetan eta martxotik ekainera egubakoitzetan, 09:00etatik 13:30era. Oinarri praktikoak, berriz, martxotik aurrera emango dira, astelehenetatik eguenera baserrietan.
Bi ikastaroak egin nahi dituenak 150 euro ordaindu beharko ditu, eta hastapen ikastaroa bakarrik egin nahi duenak, 50 euro.
Izen-ematea
Gehienez 20 pertsonek izango dute parte hartzeko aukera, eta gutxienez 10ek. Ekainaren 15a izango da izena emateko azken eguna, eta izen-ematea internet bidez egin beharko da.