Duintasunez lan egin ahal izatea, landa-eremuan erreleboa bermatzeko gakoa

Hasier Larrea 2026ko apirilaren 22a

Beñat Arriola abeltzaina, Irumendi kooperatibako ustiategiko larreetan, herri-behiak zaintzen. (Argazkiak: Aberekin, Neiker, elkarrizketatuak, Goiena).

Iaz, gazteek kudeatutako ustiategi berri bakarra erregistratu zen Debagoien osoko landa-eremuetan. Bizitzeko behar-beharrezkoak diren tokiko nekazaritza eta abeltzaintza jarduerek ez dute une gozoa bizi, eta hainbat dira belaunaldi gazteek etxaldeetan baino eremu urbanoetan lan egitea nahiago izatearen atzean dauden arrazoiak. Lehen sektorean jarduten dutenak gutxi dira, baina badira. Eta gehiago izan daitezke etorkizunean. Batez ere, ganadura dedikatzen direnekin izan da PUNTUA, haien ikuspuntua zein den jakiteko.

Puntua aldizkariaren 494. zenbakiko Erreportaje atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Gipuzkoako landa-eremuko erronka nagusiak baserrian aritu direnei ibilbide laborala "modu duinean bukatzen laguntzea" eta "etorkizuneko baserritarretan pentsatzea" direla aipatu zuen Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik Goiena telebistaren Berbagai saioan, joan den martxoan. Bigarren ideia hori aski mamitsua da, eta bereziki garrantzitsua, lehen sektoreko egungo datuak oso kezkagarriak direla aintzat hartuta. PUNTUAren erreportaje honek ganadu-aziendetan jarri du arreta, eta, ezinbestean, errelebo aldaketan. Horrez gain, bihar, hilak 23, Datuetatik tiraka telebista-saioak lehen sektorearen egoera aztertuko du, eta sarean ere ikusgai egongo dira ikus-entzunezko piezak egun horretatik aurrera. 

Titularren %10 dira profesionalak

Debagoienean, eskualdeko nekazaritza-bulegoa eta Debagaraia landa-garapen elkartea dira lehen sektorearen dinamizazioan jarduten duten erakundeak. Debagaraiako teknikari-kudeatzaile Garikoitz Aiestak "errealitatea eraldatzea" aipatu du helburu nagusi bezala, estatistikak arduratuta egoteko modukoak dira eta: "Baserritik bizi direnen artean, batez besteko profila 57 urteko gizonezkoarena da. Bailaran dauzkagun 410 etxaldeetatik, 44tan bakarrik dago erabateko aktibitate profesionala". 

Azken 25 urteetan, ganadu-aziendetan beherakada handiena, nabarmen, behi-aziendek izan dute: %57koa, hain zuzen. Ukuiluak gutxitu egin dira, hainbat arrazoirengatik: "Alde batetik, industrializazioak lanpostu egonkor eta erakargarriagoak ekarri ditu; bestetik, administrazioek eta Europako politikek baserrien espezializazioa bultzatu dute. Horren ondorioz, iraganeko baserri dibertsifikatuak –baratzea eta askotariko animaliak ustiatzen zituztenak–  pixkanaka jarduera bakarrean espezializatu dira –esne-ekoizpena, ardiak edo gaztagintza, esaterako–, eta ekarri duena izan da merkatu globalizatuan lehiatzeko zailtasuna".

Erakargarriago egiteko ahaleginean

Baserrian bizi den gehiengoak baserritik kanpo aurkitu du ogibidea, Hain zuzen, gurean orokortuago dagoen jardunbidea baserritar mistoarena da, baserrian eta baserritik kanpo lan egiten duenarena. 410 etxaldetatik 240 ingurutan gertatzen da fenomeno hori, Aiestaren esanetan. Hori horrela, Aldundiko diputatu Xabier Arrutik argi dauka baserriak, etxebizitza soil izatea baino gehiago, elikagaien ekoizpenerako ustiategi izaten jarraitzea sustatu behar dela: "Kontua da baserria heredatuko duten belaunaldi berriak ez daudela euren gurasoen baldintzetan lan egiteko prest, aisialdia eta denbora librea balioesten dutelako; hortaz, erakargarriagoa izan behar du eskaintzak, bestelako lanekin uztargarriagoa". 

Administrazio handietatik txikiagoetara, badaude hainbat egitasmo errelebo aldaketa duina ziurtatzera bideratuta: "Eusko Jaurlaritzak erretiroa gertu duten 1.500 etxalderen erreleboa bermatzeko Gaztenek ekimena martxan dauka; Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto Profesionala programaren bigarren aldia ireki berri du; Landaola osatzen dugun garapen-agentziok Trebatu ekimena sortu genuen iaz, lehen sektorean euren proiektu profesionala garatu nahi duten ekintzaileei zuzenduta; eta Debagoienean hastapenean dugu Tokixan egitasmoa. Izan ere, laster hasiko da lehen gazte belaunaldia praktikak egiten", azaldu du Aiestak.

Molde tradizionalak puskatzen

Lan egiteko modua garai berrietara moldatzen dabilela ezin uka. Teknologiak erraztu egin ditu nekezak diren egiteko batzuk. Etxalde gehienetan ez dira tresna robotikoak ikusiko, baina abelburuen soinean lepoko elektronikoak bai. Esaterako, orain gutxi hasi dira Gorla inguruko Irumendi kooperatiban behorrekin halakoak erabiltzen. "Itxitura barruan, sakelakoarekin partzela bat ixteko aukera ematen dute. Lauki bat markatu, eta lepokoak abisua ematen die behorrei, lehenengo musika batekin, eta gero kalanbrearekin. Hala, ez dugu hesi elektrikoak egokitzen ibili beharrik", azaldu du Beñat Arriola abeltzainak. 

Aramaioko Behialde kooperatiban, aldiz, lepoko adimendunek beste funtzio batzuk betetzen dituzte. "Behien monitorizazioa egiten dute; haien atseden-denboraren, hausnartze-denboraren eta aktibo egondako denboraren informazioa eskaintzen dute. Lagungarriak dira behien jarrera aldaketak zein susaldiak eta gaixotasunak identifikatzeko", azaldu du Iker Hernandez abeltzainak. 

Behialde kooperatibako behiak, Aramaioko larreetan.

Bestalde, geroz eta ohikoago bihurtzen dabilen joera da nekazaritzan eta abeltzaintzan diharduten belaunaldi gazteek kolektibotasunean oinarritzea euren proiektuak: "Debagoienean oso arrakastatsua izan den formula hori lehen sektorean gertatzen dabilela ikusten dugu; izan ere, baserritar unipertsonala bazara, zailagoa da oporretara joatea edota bajak estaltzea. Aitzitik, egitasmo kooperatiboekin marjina handiagoa dago aisialdi edo denbora librerako. Duintasuna lortzea dute helburu, finean". 

Proiektu berri gutxi

Nolanahi ere, proiektuak urriak dira kopurutan oraindik. "Iaz, eskualde osoan gazte-instalazio berri bakarra izan zen. Zer pentsa eman beharko liguke horrek", mahai gaineratu du Aiestak. 

Arrasateko Kabuena baserrian familiarekin batera ukuilua duen Eider Murgoitiok egoera hobeto ulertzeko beste gako batzuk eman ditu: "Baserri-lurrak erostea garestia da; lurrak dauzkagunok, berriz, beharrezko ditugu dirulaguntzak. Edonola ere, gaixotasunen ondorioz jasotako ordainsariak, edo erreleboa bermatzeko programak, partxeak besterik ez da. Sustraietatik heldu behar zaio afera horri". 

Bestetik, Baserritar Misto Profesionala programan parte hartzen dabilen David Manso erlezain arrasatearrak kontsumo ohiturekiko kontzientziazioari heldu dio: "Gizarte mailan bertako produktua gehiago lehenesteak on egingo liguke ekoizleoi; kanpokoa baino pixka bat garestiagoa izan arren, horren alde egitea".

Baieztapen horiei honako hau gehitu die Garikoitz Aiestak: "Nekazaritza-kulturaren transmisioan etena gertatu da. Aurreko belaunaldietan zabaltzen zen, baina gaur egun ez. Eta bi esparruen artean geroz eta aldentze handiagoa dago. Gazteen artean ez da sustatu lehen sektorea jardunbide bezala".


Ardiak, lepoko adimenduna soinean.

Nolako landa-eremua nahi dugu?

Egungo egoerari buelta emateko, ze neurri hartu beharko lirateke? Landa eremuak zerbitzu gehiagoz hornituz gero, bertatik bizitzeko interesak gora egingo lukeelakoan dago Garikoitz Aiesta: "Jaten ematen digun landa-eremu bizi bat behar dugu. Bizileku izateaz gain, elikagai osasuntsu eta gertukoak eskura emateko gaitasuna duena. Ez baserriak bakarrik. Baserria landa-eremuko katebegi bat da. Landa-eremuak zerbitzuz hornitu behar ditugu, bizigarriak izan behar dute familiak erakartzeko, umeak landa-eremuan haz daitezen. Irauli egin behar dugu azken urteotako joera, baserritik eremu hiritarretara joatekoa". 

 

"Oso sektore zaurgarria izanik, babes zuzenagoa behar dugu"

EIDER MURGOITIO. KABUENA BASERRIA


Igor eta Eider Murgoitio, idiekin.

Ereindajan elkartearen eskutik etxez etxeko salmentara dedikatzen dira Arrasateko Udala auzoko Kabuena baserriko senitartekoak 2019a ezkero. Igor eta Eider Murgoitio neba- arrebek proiektuaren arlo komertziala kudeatzen dute, eta haien gurasoak eta osaba-izebak arduratzen dira 40 txahal, behi eta idi inguru gobernatzeaz. "Kide bakoitzak funtzio oso konkretuak betetzen ditu; anai-arrebon ogibidea baserritik kanpo dago, eta Kabuenan arratsaldeetan zein asteburuetan egoten gara", azaldu du Eider Murgoitiok.

Dirulaguntzen oso menpeko

Debagoienean baserri batetik bizitzea "oso prekarioa" dela adierazi du, saltzen dutenarekin "baserriak eskatzen duena mantendu eta inbertsioetarako marjina bat bakarrik" irabazten dute eta. Jendeak baserriaren aldeko apustua egin dezan hainbat gauza aldatu beharko liratekeela uste du: "Politikarientzat, lehen sektorea, bizitza benetan sostengatzen duena, azken postuan dago. Haien erritmoak ez digu babes zuzenik bermatzen. Errealitatetik oso urrun daude, baina haien arauak eta exijentziak bete behar ditugu dirulaguntzak lortzeko, eta burokrazia-kontuek dakartzaten lan-karga gure egiten dugu. Bestela, ezinezkoa zaigu aurrera egitea. Triangeluari buelta eman behar zaio, sistema irauli, feminismoko termino beretan, eta apustu integral baten alde egin". Bestetik, baserri-lanen jakintzaren transmisioan "arrakala" dagoela esan du, eta egoera "nahiko ilun" ikusten duela: "Galera bat gertatuko da, eta kulturak eta ekosistemak, denok galduko dugu".

"Teknologia aldetik, gero eta aukera gehiago daude lehen sektorean"

IKER HERNANDEZ 'TXOPO'. BEHIALDE GANADUTEGIA


Hernandez, Behialden.

Albinako lursailetan (Aramaio) kokatutako Behialde kooperatiban dihardu Iker Hernandez arrasatearrak, Fraisoro nekazaritza eskolan ikasketak bukatu zituenetik. Hamazortzi bazkidek egiten dute lan mila buru inguruko ustiategian. Batzuek, larreak zaintzen; beste batzuk, Hernandez bezala, ganadua gobernatzeaz, jezte-lanez, erditzeez eta txahalen zaintzaz arduratzen dira. "Behi-esnera dedikatzen gara, eta 15.000-16.000 litro esne ekoizten dugu, egunean 450 behi jetzita. Zaintza errotazionalari esker, urteko hilabete gehienetan zelairatzen ditugu behiak 300 hektareako lur-eremuan. Horrek kalitatezko larre-esnea eskaintzea eta animalien ongizatea hobetzea dakar", azpimarratu du. Burokraziak eta legedi "gero eta konplexuagoek" egunerokoa "zaildu" arren, teknologiak aukerak zabaldu dizkiela aipatu du: "Uniform Repro eta Rumi tresnek ustiategiaren digitalizazioa ahalbidetu dute; behien osasuna eta errendimendua monitorizatzen dute". Genetikan ere aurrerapauso handiak eman dituzte; genotipo-azterketen bidez animalia egokienak hautatzen dira.

Marka propioa garatzen

Etorkizunari begira, larre-esnearen balio erantsia merkatuan indartzea eta A2A2 proteina duten behien esnearekin marka propioa garatzea dituzte erronka nagusi: "Izan ere, A2A2 esneak A1 proteinadunek baino digestibilitate hobea eta tolerantzia handiagoa eskaintzen ditu; gorantz doan merkatu-nitxo bat da".

"Elkarlanean oinarritutako ustiategi handiak dira ondo bizitzeko bidea"

BEÑAT ARRIOLA. IRUMENDI GANADUTEGIA


Arriola, Irumendin.

Bost urte daramatza Antzuolan bizi den elgoibartarrak Irumendi kooperatiban lanean. Gorlara bidean dagoen Ugarrixako etxaldean aritzen da hura, baina badute beste etxalde bat gorago ere, Loibi mendi inguruan. 200 pirenaika edo herri-behi eta dozena bat behor dauzkate denera. "Ekoizpen-sistema zirkuitu itxian oinarritzen da, txahalak bertan jaio, hazi eta gizentzen baitira. Legazpiko hiltegiari ematen diogu zerbitzua. Bestalde, azoketako enkanteetan ere izaten gara, txahalik eman gabeko behiak saltzen. Eta paper-kontuak Abelur kudeaketa-etxearen bitartez egiten ditugu", esan du.

Txandak banatuta

Arriola da lau bazkideetan gazteena, eta, dioenez, ondo moldatzen dira lanak banatzeko orduan, "asteburu eta oporretan txandak banatuta". Hala ere, onartu du nahiko lanbide sakrifikatua dela: "08:00etatik 19:00etara egon behar da hemen. Hain zuzen, esango nuke ordutegia dela erreleboa ziurtatzeko arazo handiena". Dena den, abeltzainarena ofizio duina dela uste du, baldintza batzuk betez gero: "Bizimodu normal samarra egiteko, granja handietan batu beharra dago. Zailago ikusten dut buru gutxi batzuk nork bere kabuz edukitzea; gaixotasunen ondorioz behiak kendu behar badituzu, oso juxtu ibiliko zara". Ildo beretik, ganadua ez kutsatzeko neurri dezente hartzen dituztela gaineratu du: "Erremolkea desinfektatzeaz gain, behien gainetik urarekin nahastutako intsektizida botatzen dugu uda partean, euliak ugaritzen direnean".

"Fabrikako lana erlezain lanarekin uztartzeko aukera baliatzen nabil"

DAVID MANSO. EZTIGILEA


Manso, erlategian.

Aldundiak plazaratutako Baserritar Misto Profesionala programaren bigarren edizioan parte hartzen dabiltzan hamabost pertsonetako bat da David Manso arrasatearra. Uztailean hartu zuen lanaldi murriztua fabrikan, eztia egiteko zuen afizioari bideragarritasuna eman eta seriotasun handiagoaz jarduteko astia irabazita. "Programa horrekin, Aldundiak dirulaguntza ematen dio lehen sektoreko ekintzaileari eta baita haren lantegiari ere, enplegu- trantsizioa arintzeko. Sei urte irauten du egitasmoak. Epe horretan, nire kasuan, 13.000 euroko irabaziak aurkeztu eta ehun erlauntz eduki behar ditut, hau da, Urteko Lan Unitatearen erdia; eman didaten aukera aprobetxatu dudala justifikatzeko", azaldu du. Hogei erlauntzekin hasi zen, eta, "berehala, ingurukoen artean" saltzen zuen ateratako eztia. Orain, "bultzada" jaso du negozioa herri- eta bailara- mailara zabaltzeko, "kontu administratiboak behar bezala eginda eta profesionaltasun puntu batekin".

Trantsizio leuna

Aitortu du "oso pozik" dagoela hilabeteotan bizi izan duen bilakaerarekin: "Ohiko lana uztea, halako proiektu batean sartzeko, arriskatzea da, edozer gerta liteke eta. Halako programek segurtasun handiagoa ematen dute; hau da, poliki-poliki hazi eta negozioa nola doan ikusteko ateak irekitzen dizkizute". Haren jardunbidearen gizarte- ekarpenari balioa eman nahian, zera gaineratu du: "Jaten ditugun barazkien erdia erleek polinizatzen dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak