"Atleticori finaletan irabazi diogun bakoitzean apal joan gara, faborito izan gabe, baina posible zela sinetsita"

Xabier Urtzelai 2026ko apirilaren 17a

Oihana Aldai, Granadan irabazitako Kopa aretxabaletarrei eskaintzen, plazan (2019). Ondoan Luis Mari Lopez Rekarte, Donostiako udaletxean, Zaragozan irabazitako koparekin (1987).

Realeko atezain izandako Oihana Aldai aretxabaletarrak eta Arrasateko atzelari Luis Mari Lopez Rekartek Kopa bana irabazi zuten talde txuri-urdinarekin. Gizonezkoena 1987an izan zen, eta emakumezkoena 2019an. Eta, hain zuzen, bi finaletan Atletico Madril izan zuten kontrario, Realak bihar aurrean izango duen kontrarioa, alegia.

Kasualitatea izango da, baina GOIENAk zapatuko kopako finalaz berba egiteko batu dituen Oihana Aldaik (Aretxabaleta, 1992) eta Luis Mari Lopez Rekartek (Arrasate, 1962) badakite zer den Atleticori Kopako finalean irabaztea: 1987an, txuri-urdinek penaltietan –Arconadaren erakustaldia– hartu zuten mendean Madrilgo taldea, Zaragozan; eta 2019an, Gonzalo Arconadaren neskek –Palaciosen eta Nahikariren golekin– 1-2 hartu zuten mendean Atletico Madril, Granadan. "Tira, kasualitatea bai, baina... halakoetan ere sinistu egin behar da, zerbaitengatik gertatzen direlako. Alegia, bi final haietan Reala faborito izan gabe aurkeztu zen, eta posible zela sinetsita bietan irabazi genuen Kopa. Uste dut Reala oso egoera antzerakoan aurkeztuko dela biharko finalera; alegia, gure finalek eta oraingoak antzekotasun handia daukatela", dio Aldaik, telefonoaren beste aldetik, egun bizitokia duen Asturiastik. Erizain lanetan diharduen aretxabaletarrak aitortu du futboletik oso aldenduta dagoela gaur egun, eta egoera berean dago Lopez Rekarte ere. "Halere, Reala halako finaletara iristen denean hango eta hemengo komunikabideetako deiak jasotzen ditugu, astea elkarrizketez beteta daukat, eta polita da, baina aitortuko dizut orduko gauza asko dagoeneko ahaztuta ditudala", dio arrasatearrak, barrez. Aipatzekoa da Andoni Gorosabel arrasatearrak ere irabazi zuela Kopa Realarekin, 2021ean.

Luis Mari, 39 urte pasa dira La Romaredan Realarekin Kopa irabazi zenutenetik –geroago, Bartzelonarekin eta Deportivorekin ere irabazi zuen, 1990an eta 1995ean–.

Lopez Rekarte: Pentsa, denbora asko da guk Kopa irabazi genuela, orduko gauza asko ahaztuta dauzkat jada, eta badut pena bat, eta da final hartako kamiseta ez dudala inondik inora aurkitzen... Dena dela, oso une onean dator final hau, ilusio handia sumatzen dut Realaren bueltan, eta hori gauza ona da. Ea Realak partidua irabazten duen; badakigu zaila izango dela, baina nik badut esperantza.

1987ko final hartatik zer duzu gogoan?

L.R.: Final hartaz akordatzen naizenean burura etortzen zaidan lehenengo gauza da zenbat eltxo zeuden La Romareda futbol zelaian, izugarria zen. Egia da partidua hastearekin batera halako kontuak alde batera uzten dituzula eta partiduan kontzentratzen zarela, baina oraindik detaile hori daukat buruan. Partidua berdinketarekin amaitu zen (2-2), eta partidu amaiera izugarria izan zen; dena izan zuen: emozioa, tentsioa... Eta penaltietan, Arconadaren geldituaren ondoren, sekulako poztasuna. Dena izan zuen partidu hark, partidu koperoa izan zen ehuneko ehun.

Luis Mari Lopez Rekarte, aste barruan, Arrasaten.

Lopez Rekarte: "Errege Kopa gehiago irabazi nituen gero, baina Realarekin lortutako Kopa hura..."

Oihana, zuek duela sei urte irabazi zenuten Kopa. Partidu hartatik zer duzu gogoan?

Oihana Aldai: Esango dizut egun hartako detaile bakoitzarekin akordatzen naizela, memorian gordeta geratu zitzaidan egun bat da. Bereziki akordatzen naiz hoteletik futbol-zelaira egin genuen bidean zaleek ze harrera egin ziguten, akordatzen naiz partiduan zehar harmailetatik zelako animoak iristen zitzaizkigun, 90 minututan ez ziren geratu, zelan hasi ginen atzetik baina sinisten jarraitu genuen, Nahikariren gola zelan ospatu genuen, azkeneko minutuetan ze urduri geunden, eta partidua amaitu zeneko poztasuna ere izugarria izan zen. Ederra izan zen hurrengo egunean Donostian egin ziguten harrera ere, baita herriz herri egin genuen tour-a. Detaile asko ditut gogoan.

1987ko eta 2019ko ospakizunak; Lopez Rekarte kopari eusten, ezkerrean; eskuman, Aldai kamiseta berdeaz.

Emakumezkoen Realari bultzada bat emateko lorpen garrantzitsua izan zen hura...

O.A.: Erabat ados nago. Pentsa, Kopa irabazi eta denbora batera, Aretxabaletan kalean lagunekin egoten nintzenean neska-mutiko gazteak etortzen zitzaizkidan agurtzera. Niretako hori berria zen, eta oso polita. Uste dut Kopa hark lagundu izan zuela arreta emakumezkoen taldean jartzen, protagonismoa ematen.

Zapatuko finalera etorrita, Kopak zor die, bereziki Realeko zaleei, halako beste final bat.

O.A.: Bai; izan ere, 2021ean Athleticen kontra jokatutako finala, pandemia tarteko, zale gabe jokatu zuten, eta nahiz eta titulua irabazi zen, nahiko tristea izan zen. Holako finalak zaleekin gozatzeko dira; hutsik dagoen futbol zelai batean Kopa irabaztea... Athleticek gero izan du arantza hori ateratzeko aukera, Kopa irabazita [2024]. Eta, Realari tokatzen zaio orain beste horrenbeste egitea. L.R.: Hori da kontua; Kopa oso txapelketa polita da zaleei begira, eta uste dut Realak irabazten baldin badu, guk duela ia 40 urte irabazitako orduko Koparen antzekotasun handia izango duela, zaleek taldearekin batera ospatu ahal izango dutela.

Aldai: "Partidua ondo hastea garrantzitsua da, konfiantza hartzeko"

Luis Mari, orduko Realak badu gaur egungoarekin antzekotasunik?

L.R.: Ez, ez dut uste, besteak beste, Kopa hura gipuzkoarrez osatutako talde batek irabazi zuelako; tira, guk Jose Mari gipuzkoartzat hartzen dugu dagoeneko; kar-kar [Jose Mari Bakero Goizuetan jaio zen, 1963an]. Ordutik hona, futbola asko aldatu da, gaur egungo Realean denak ez dira gipuzkoarrak, nahiz eta etxeko jokalari asko dauden. Garrantzitsua da hori. Nire futbol ibilbidean lortu ditudan tituluen artean huraxe izan da gogokoena. Geroago, Bartzelonarekin eta Deporrekin ere tituluak irabazi nituen, baina Realarekin irabazi nuen Kopa hura... Lagunarte batek irabazitako Kopa izan zen, etxeko taldean jokatzen genuen, eta, ondoren, gipuzkoarrekin ospatu ahal izan genuen herriz herri; gauza oso ederra izan zen. Futbolean lortutako nire lehenengo garaikurra izan zen, eta oso kuttuna da niretako.

Aldai, Kopa irabazi berritan, Gipuzkoako herrietatik egin zuten itzulian. Irudian, Aretxabaletan.

Simeoneren Atletico egongo da aurrean...

O.A.: Garrantzitsua izango da lehengo minutuetan sendo mantentzea, horrek konfiantza emango dio taldeari. Eta gero, garbi izan kontrarioa aurreratzen bada ere partidu amaierara arte ezin dela amorerik eman. Gure finalean Atletico aurreratu zen 1-0, eta zailena egin genuen, horri buelta ematea. Halako finalak amaierara arte borrokatu behar dira.

L.R.: Bistan da Atletico Madril kontrario gogorra dela, aste barruan ere Txapeldunen Ligako partidua izan du Bartzelonaren kontra, eta ikusteko dago horrek finalean eraginik izango duen... Baina nik Matarazzoren taldea ondo ikusten dut; are gehiago esango dut: Reala ikusten dut faborito. Talde oso ona daukala uste dut, finala irabazteko modukoa.

Zuen finaletara Gipuzkoatik jendetza joan zen Reala animatzera. Oraingo asteburuan ere gipuzkoarrek Sevilla hartuko dute...

L.R.: Aste barruan lagun batekin egon naiz komentatzen, eta ez dakit datua zuzena den: 20.000 gipuzkoar izango dira Sevillan? Gure lurraldea zelakoa den ikusita, datu hori zuzena bada, oso adierazgarria iruditzen zait, sekulakoa da. Nik, esaterako, egun hauetan Donostian jendea oso ilusionatuta ikusten dut finalarekin, badirudi ez dagoela besterik. Baina ez zait harrigarria egin, Zaragozara ere jendetza etorri zen duela 39 urte, Realeko zaleek ospakizunetan Zaragoza osoko garagardoa agortu zuten. Dena dela, asteburuan Sevillan pertsona horiek guztiak hartzeko ondo egin beharko dituzte gauzak. Nik oraindik ez dut erabaki zer egin; joateko gogoa ematen du, eta badut horretarako aukera... Azken orduan erabakiko dugu zer egin.

O.A.: Jendea ilusio handiz ikusten nabil, eta halako hitzorduen aurrean realzaleok beti erantzuten dugu ondo. Partidura joango diren zaleei eskatuko nieke duela sei urte gurekin egin zuten moduan taldea azken segundora arte animatzeko, eta finalaz gozatzeko, halakoak ez dira-eta egunero bizi izaten.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak