Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ekimenak erakutsi du euskara bizirik dagoela eta herritar askok beren egunerokoan txertatu nahi dutela. Hala ere, Korrikaren amaierarekin batera, hurrengo urratsari begiratzeko unea dela nabarmendu du AEK-k.
AEK-ko ordezkariek azaldu dutenez, ohikoa da herritar askok euskaraz jakin nahia izatea etxean, lanean zein kalean erabiltzeko, baina zalantzak ere agertzen direla: zaila ote den ikastea edo gai izango ote diren. Zalantza horiei erantzuteko, ekimen praktiko bat proposatu dute.
Ordubeteko doako euskara eskola
Hain zuzen, apirilaren 22an, asteartea, ordubeteko doako euskara eskolak eskainiko dituzte Euskal Herri osoko euskaltegietan. Saio horien helburua da "interesa duten pertsonek AEKren lan egiteko modua gertutik ezagutzea eta euskararen ikasketa prozesua uste baino errazagoa, atseginagoa eta dinamikoagoa izan daitekeela ikustea".
Ordubeteko saioan, besteak beste, oinarrizko komunikazio tresnak landuko dituzte: norbera aurkeztea, ohiko agurrak erabiltzea eta eguneroko egoeretan baliagarriak diren esaldi praktikoak. Antolatzaileen arabera, ikasitakoa berehala erabiltzen has daiteke, metodologia arin eta parte-hartzaileari esker.
Debagoienan, eskola bat doan izango da apirilaren 22ko eskaintza, euskara zerotik ikasten hasi nahi dutenentzat. Zehazki, bi saio egingo dituzte Debagoieneko AEKn, Arrasaten: 11:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 19:00etara.
Mintzodromo erraldoia
Ekimen horrekin batera, maiatzaren 21erako mintzodromo erraldoia ere antolatu dute. Euskal Herri osoan 65 saio inguru egingo dituzte, eta helburua da egun hori euskaraz gehien hitz egingo den eguna izatea.
AEK-k nabarmendu du Korrika ez dela helmuga, baizik eta hasiera: "Benetako lanketa eta konpromisoa Korrika igarotakoan dator". Horregatik, herritarrei dei egin diete euskararen erabileran eta ikaskuntzan urrats berriak ematera, eta gogorarazi dute erakundearen ateak zabalik daudela euskara ikasi, praktikatu eta sustatu nahi duten guztientzat.