Caja Rural-Seguros RGA taldearentzat ere, urte berezia dute aurtengoa. Iazko denboraldi onak, Frantziako Tourrean lehiatzeko aukera eman dio talde nafarrari. Horrez gain, punta-puntako beste hainbat lasterketetan izateko aukera izango dute; hala nola, Tirreno-Adriatikoan, Ardenetako klasikoetan, edo aurrerantzean Tour Auvergne Rhone-Alpes izena izango duen Dauphineko Kriteriumean. Dena den, urtero-urtero hutsik egin gabe lehiatzen dituzten etxeko lasterketak ere hor daude; Itzulia edo Donostiako Klasikoa dira azpimarragarrienak.
Etxetik hurbil, Bergaran amaituko da aurtengo Itzulia. Gogotsu zaudete?
Julen Arriolabengoa: "Berezia izango da; Itzulia osotasunean da berezia niretzat. Gainera, hemengo etapa, beti entrenatzen dudan errepideetan biziko dugun eguna izango da, jende ezagunez beteko dira errepide bazterrak eta ahaztezina izango da".
Joseba Lopez: "Bergarako etapa berezia izango da niretzat. Hamaika aldiz pasatu naizen errepide eta maldetan ibiliko gara. Egun horretan, zailtasun nagusia, mendateak izango dira; oso gogorrak dira. Gainera, Itzuliko azken eguna izanik, hanketako mina izango dugu, seguru. Eguna disfrutatzen saiatuko gara eta ea nola irtetzen den".
Julen, nolako etapa aurreikusten duzu?
Julen Arriolabengoa: "Aurtengo Itzulia bereziki gogorra iruditzen zait, ez dago egun lasairik"
Julen Arriolabengoa: Ezaugarri aldetik urteroko etapa bat izango dela uste dut. Eibarren egin ohi den etapa ere oso gogorra izaten da; hasieratik hasten gara mendateak igotzen. Ez da etapa luzea izaten, baina egun oso gogorra izaten da. Beti jartzen dute azkenengo egunean, jende ugari erretiratzen delako. Hemen ere berdina espero dut, etapa hasi bezain laster, goraka. Gora eta behera joango gara, egun guztian topera. Afizionatu mailan, Gorla lasterketa berezia zen niretzat; behin bakarrik egiteko aukera izan nuen, eta, gainera, hirugarren amaitu nuen. Aurten askoz azkarrago igoko dut seguru, baina ez dut uste postua hain ona izango denik, (Barrez).
Behin amaitu da itzuliko etapa Bergaran, duela 22 urte. Badakizue nork irabazi zuen?
Julen Arriolabengoa: "Ez dakit nork irabazi zuen duela 22 urte, baina izena ezagutuko dut seguru!".
Joseba Lopez: "Ez dut ideiarik; badakit etapa bat Bergaran amaitu zela, baina ez dakit nork irabazi zuen.
Ezagun batek, Alejandro Valverdek irabazi zuen Bergaran.
Julen Arriolabengoa: "Bai? Valverdek? lasterketa asko irabazten zituen (Barrez)".
Joseba Lopez: "duela zenbat urte esan duzu? ez nuke sekula asmatuko. Oraintxe begiratuko dut… Valverde, Vicioso eta Rebellin a ze hirukotea!.
Begarakoa etapa gogorra da, baina nola ikusten duzue itzulia?
Julen Arriolabengoa: "Aurtengoa bereziki gogorra iruditzen zait; ez dago etapa lasairik. Itzulian hori ez da ohikoena, baina, iaz adibidez, Gasteizko erlojupekoaren ostean, Lodosako etapa egin genuen; luzea baina laua. Nire kasuan, ihesaldian sartu nintzen eta ez nuen etapa lasaik izan. Aurten ordea, hori ere ez dago".
Joseba Lopez: "Ez dakit non irakurri ote nuen, baina azken urteetako gogorrena dela zioten. Profilak ikusita ere hala da: lehenengo eguneko erlojupekoa oso gogorra da; bigarren egunean ere, Etxauri Aralar eta Mundukiloko malda igoko ditugu; hirugarren etapa esan daiteke lasaiena dela, baina hori ere gogorra da; amaitzeko, Eibarko etapa ere hor dago eta bereziki gogorrak izango dira azken bi egunak".
Nola daramazue Itzulirako prestaketa?
Julen Arriolabengoa: "Momentuz ez dut askorik lehiatu, Alula Tourren izan nintzen, eta, orain, sentsazio aldetik hobeto nago; Grezian lehenengo 20 postuen artean ibili naiz. Sierra Nevadan, altueran lortutako sasoiarekin, Itzuli on bat egiteko asmoa dut".
Joseba Lopez: "Gogoko dut altueran entrenatzea eta Andorran prestatu dut Itzulia"
Joseba Lopez: "Andorran hilabete egin dut. Asteburu batean, Belgikara jaitsi nintzen Monsere klasikoan baja bat ordezkatzeko. Bidaia gogorra izan zen, baina lasterketan oso azkar ibili ginen, eta entrenamendu polita izan zen niretzat. Andorrako prestaketa ere ondo doa; bakarrik nago hemen, ez naiz gaixorik jarri, eta entrenamendu onak egin ditut. Gustuko dut altueran entrenatzea, gorputzak ondo erantzuten duelako eta pozik nago".
Joseba, askok leku epelagoak nahiago izaten dituzte neguan; nolatan Andorra?.
Joseba Lopez: "Nik Andorra nahiago dut. Egia esan, sekulako eguraldia egin du; Andorratik jaisteko arropa behar dut, baina gero, mauka motzetan ibili naiz. Gainera, ez dut arrabola erabili".
Eta zein izango da zuen helburua?
Julen Arriolabengoa: "Nik uste dut jokoa ematen duten etapak badaudela. Ez dago pelotoiak erraz harrapatzeko ihesaldirik, eta ea etaparen baten aurrean ibiltzeko aukerarik dudan. Bestalde, nik itzulia topera egiteko asmoa dut eta gustatuko litzaidake sailkapen nagusian postu polit batean amaitzea. Badakigu zer lasterketa den eta zer jende ibiltzen den, baina niretzako, 25. postu inguruan ibiltzea, sekulako emaitza litzateke".
Joseba Lopez: "Etapa batean protagonista izatea eta Bergarara ondo iristea da nire asmoa".
Urte berezia izango da taldearentzat, Frantziako Tourra hor dago. Bertan egoteko esperantzarik?
Joseba Lopez: Caja Rural taldearentzat sekulakoa da Tourrean izatearen gonbitea. Aurten goi mailako lasterketetan parte hartzeko aukera izango dugu, eta ez nago horri begira. Badakit zein den nire tokia, eta, Tourra, helburu errealista bat baino gehiago, amets bat da. Itzulia amaitu eta berehala Ardenetara joango naiz, Amstel Gold Race, Fleche-Wallonne eta Liege-Bastogne-Liege egingo ditut, eta oso motibatuta nago.