Esti Besa: "Geure buruari balioa eman nahi genion Arabako Mahastiak jatorri izenarekin"

Txomin Madina Milikua 2026ko martxoaren 24a

Esti Besa enologoa. (Argazkiak: Txomin Madina)

Berez Villabuenakoa izan eta orain ere han bizi den arren, Esti Besak (Tutera, 1960) ondo ezagutzen du Debagoiena, haurtzaroko eta gaztaroko urte askoan Aretxabaletan bizi izan zelako. Gaur egun, ardo ekologikoa ekoizten duen Candido Besa upategiko enologoa da. Familian daramate negozioa, emaitza moduan askotariko ardoak dituena.

Puntua aldizkariaren 492. zenbakiko Elkarrizketa atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Ez da arraroa Esti Besa gure bailaran ikustea: Candido Besa upategiko ardoak Debagoieneko hainbat denda eta tabernatan saltzen dira eta hura arduratzen da banaketaz. Horretaz gain, Bergarako Elikaenean egin berri duten ardo eta gazta dastatze batean parte hartu berri du.

Familia Arabako Errioxakoa eta mahastien jabea izanda, zenbateraino egon da bideratuta zure bizitza ardogintzara?
Umetan gauza normal bat bezala bizi nuen, herrian denak nekazariak, mahastizainak... zirelako. Bizitzera Aretxabaletara joan nintzenean ez neukan buruan Eskuernagara [Villabuena] itzultzerik edo ardogintzan aritzerik. Baina gurasoak hara itzuli zirenean, gu ere asteburuetan hara joaten ginen eta mahastiko lanetan laguntzen genien. Momentu batean, aitak esan zigun: "Ez da etorri behar inor hona ardogintzan aritzera?". Eta guri landa-eremua hiriak baino gehiago gustatu izan zaigunez beti, bertara bueltatzea erabaki genuen. Nik, gainera, Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoa neukan ikasita. Esan daiteke ez nindutela ardogintzan aritzera behartu, baina egoerak horra eroan ninduela. 

1991n hasi zinen upategian lanean. Asko aldatu da ordutik ardogintza?
Bai. Aldaketa, batez ere, 70eko hamarkadan izan zen. Mekanizazioa, ongarri artifizialen erabilera, fungizidena, herbizidena... orduan sartu ziren: ni umetan herrian bizi nintzenean, astoekin eta mandoekin lan egiten zen, goldearekin, eskuz...

Errioxako ardoa ere garai hartan hasi zen gehiago saltzen, eta ekoizle txikiak gure ardoak gure markekin saltzen hasi ginen, ordura arte ardoa botilatan saltzen zelako upategi handietan, Bilboko alondegian... Upategiak eurak ere asko aldatu dira: zaharrak konpondu edo berriak eraiki dituzte ekoizle guztiek. Gainera, kanpotik etorritako diru asko duten upategiak ere sortu dira, guk paraxutista deitzen diegunak. Ekoizpenean, guk modu tradizionalean ekoizten dugun arren, teknika modernoagoak ere sartu dira eta ardo mota gehiago ere egiten ditugu. Egoerak ere gorabeherak izan ditu: bere momentuan, ardoaren kontsumoak asko egin zuen gora, eta orain, beherantz doa, eta ez gutxi; egun, askoz ere ardo gutxiago edaten da.

Zergatik uste duzu gertatu dela azken hori?
Faktore asko daude; horietako bat, gure ohiturak asko aldatu direla: jatetxeetan bai, baina tabernetan, txikiteoan, ez da hainbeste edaten. Guk, adibidez, gure ardoa Gasteizko txosnei saltzen diegu, baina kalimotxoa egiteko. Gazteak etortzen dira upategira, eta etortzen direnean edaten dute, baina bestelakoan ez; zelanbait, sagardotegiekin gertatzen den moduan. Era berean, gero eta jende gehiago dagoela ardoaren ekoizpenaren inguruan edo ardoa dastatzearen inguruan gauzak jakin nahi dituena. Pandemiaren ostean hasi zen kontsumoa jaisten, eta egia da baita ere publizitate asko dagoela alkoholaren kontra. Gaur egun, ardo kopurua soberan dago. Ez da hemengo kontua bakarrik; mundu mailako fenomenoa da.


Esti Besa, Bergarako Oxirondo azokan egindako dastatzean.

Zuek modu ekologikoan ekoizten duzue ardoa: hasieratik egin zenuten horren alde?
Guk gure bizitza filosofia horren alde egin dugu beti. Baina noski, hona etorri ginenean, nola lan egin ikastea izan zen egin genuen lehen gauza; nik, adibidez, Enologia ikasi nuen. Konturatu ginen gauza asko irizpide jakin barik egiten zirela, beti horrela egin izan zirelako: ongarriak edo fungizidak, adibidez, beste guztiek erosten zituzten berdinak erosten genituen. Ikusten zen, gainera, lurren kalitatea nahiko kaskarra zela, elementuak desorekatuta zeudela, aberastasuna galduta zutela. Gu hori guztia zalantzan jartzen hasi ginen, mahastien zaintza ekologikoaren inguruko ikastaro batzuk egiteko aukera izan genuen eta probatzea erabaki genuen. Mahasti bakarrarekin hasi ginen, jabea aita zelako eta aita, nolabait ere, konbentzitu egin behar zelako. 2000. urte ingururako, guztiak modu ekologikoan ustiatzen genituen; eta semea-eta gurekin lanean hasi zirenean, apur bat harago eroan genuen kontua. Lurra zaintzea da gure helburua, nekazaritza birsortzailea, lurraren aberastasuna berreskuratzea. Lurra osasuntsu badago mahastiak ere osasuntsuak izango baitira eta ekosistema orekatua egongo baita.

Uste duzu gero kontsumitzaileek eskertu egiten dutela ahalegina?
Batzuek bai, baina ekologikoak izateagatik ez dugu gehiago saltzen. Denda ekologikoetan-eta, akaso, bai, baina taberna arruntetan-eta ez. Eta ez da prezio kontua, ez baitugu beste batzuek baino garestiago saltzen.

Ze mahasti eta zein motatakoak dituzue?
Zortzi hektarea eta erdi lur dugu; mahastiak ez dira tamaina handikoak, eta sakabanatuta dauden hamabost lursail inguruan ditugu, denak Eskuernagan. Horixe da ohikoena gure herrian. Errioxa jatorri izenaren barruan gaudenez, mahats mota batzuk ditugu baimenduta, eta guk, beste batzuk ere landatuta ditugun arren, gehien erabiltzen ditugunak dira tempranilloa beltzetan eta viura zurietan. Horiekin askotariko ardo motak ateratzen ditugu, eta hor gertatu da aldaketa, gure aitak bi ardo beltz mota bakarrik ekoizten baitzituen: ardo normala eta hobea.

"KANPOTIK ETORRITAKO DIRU ASKO DUTEN UPATEGIAK ERE SORTU DIRA, GUK 'PARAXUTISTAK' DEITZEN DIEGUNAK"

2025eko uzta ez omen zen ona izan; horrelakoetan zer egiten duzue ekoizleek?
Hala da, uzta eskasa lortu genuen, Mildiu izeneko onddoagatik, mahatsondoaren gorrinagatik. Hala, mahatsa erosi egin behar izan dugu; kontua da mahats ekologikoa erostea oso zaila dela. Hala, mahats ekologiko apur bat erosi ahal izan dugu, baina ekologikoa ez dena ere erosi behar izan dugu herrian bertan. Horrelakoetan, urteko ardoa egiten dugu, argi utzita ez dela ekologikoa. Batzuetan, zalantzak ere izaten ditugu, kontraesan bat delako; baina zer egin bestela? Izan ere, ezin dugu urte bat hutsik izan.

Arabako Errioxako Upategien Elkarteko (ABRA) kideak zarete. Elkartearen eskutik Arabako Mahastiak jatorri izena abiatzen saiatu zineten, baina epaitegiek atzera bota zuten hori. Zergatik ikusten zenuten horretarako beharra?
Errioxako jatorri izena duela 100 urte inguru sortu zen eta nik uste dut sortu zenean guk nahi dugun espiritua zuela: Errioxako ardoa eta Errioxako bizimodua munduari erakustea. Baina, nolabait ere, txiringito bihurtu da; Kontseilu Arautzailean, ia boto guztiak dituzten Errioxako marka handi batzuek agintzen dute. Guri, bere momentuan, kosta egin zitzaigun gure botiletan Arabako Errioxa jarri ahal izatea. Izan ere, Errioxaren barruan Goi Errioxa, Behe Errioxa eta Arabako Errioxa daude, eta horietan eguraldia, lurrak, lan egiteko moduak ezberdinak direnez, ardoak ere ezberdinak dira. Ikusi genuen geure burua babesik gabe zegoela: ordaintzen genuen, etiketak ematen zizkiguten, baina zertarako? Izan ere, sekula ere ez dute urteko ardoa babestu edo promozionatu. Guk geure burua adierazi nahi genuen, geure buruari balioa eman: gauzak egiteko geure modua azaldu, baita horretarako arrazoiak zeintzuk diren ere. Zertarako? Jendeak jakin zezan zer edaten ari den eta zergatik balio duen balio duena. Errioxa barruan azpimarka bat egitea zen helburua; Bordeleko sor-markaren azpian 60 azpi-marka inguru daude, tokikoari garrantzia ematen diotenak. Baina Kontseilu Arautzailea gure asmoen kontra agertu zen hasieratik, eta, hasieran Eusko Jaurlaritzako sailburua gurekin zegoela zirudien arren, gerora erakundeek ez digute ezertan lagundu. Epaitegiek ezezkoa emateko arrazoia izan zen nahasmenera eroan zezakeela azpimarkak; baina zein nahasmen? Ardoaz ezer jakin gabe ere, Arabako Errioxako ardoa eta Behe Errioxako ardoa probatuta, konturatuko zara ezberdinak direla. 

Hori konpondu nahi du Arabako Ardoak-ek?
Ez da jatorri izena, baina ABRAk marka hori ateratzea erabaki du, jendeak jakin dezan Araban ekoiztutako ardoa dela, eta etiketetan, kapsulan, kutxetan... agertzen da. Baina Errioxako jatorri izenaren barruan jarraitzen dugu.

Belaunaldi erreleboaren faltari buruzko kezka ere azaldu du ABRAk. Zuek arazo hori, nolabait ere, konponduta duzue, ezta?
Bai; duela dozena bat urtetik, semea eta bere lagun bat daude upategian. Baina egia da errelebo falta gero eta arazo handiagoa dela eta gelditzen direnek, mahastietakoez gain, askotan beste lan bat hartu behar izaten dutela. Izan ere, ardogintzak, bestela, ez du ematen. Eta pena da, gelditzen direnak gazte inplikatuak direlako. Lehen sektorean orokorrean gertatzen den arazo bat da. Zerbait falta da hor bultzada bat emateko.

Arabako Batzar Nagusietan EH Bilduren batzarkide zara. Zelan uztartzen dituzu upategiko eta politikako jardunak?
Gaizki, kosta egiten zait. Nahiz eta soldadu arrunta naizen: ez nago liberatuta eta ez du hainbesteko konpromisotik eskatzen, nahiz eta ni ahalik eta kontu gehienetara iristen saiatu. Nire arloak dira, batez ere, nekazaritza eta euskara.

"ARABAKO ERRIOXAN, LEHEN, EUSKARA GUREA EZ ZEN ZERBAIT BEZALA IKUSTEN ZEN, ETA ORAIN, PRESENTE DAGO"

Zelan dago euskara Arabako Errioxan?
Arabako Errioxan euskara erabat galduta zegoen eta hutsetik hasi behar izan genuen bere garaian; hemengo ikastolek 40 urte baino gehiago daramate lanean, eta helduen irakaskuntza ere 80ko hamarkadan hasi zen. Poliki-poliki ari gara bidea egiten. Nik badakit ia gazte guztiek dakitela euskara: akaso, ez solte hitz egiteko beste, baina ulertzeko gai dira. Erabilpenean egin behar da indarra. Baina lehen, euskara gurea ez zen zerbait bezala ikusten zen, eta egun, presente dago.

Zein harreman duzu urteetan zure bizitoki izan zen Aretxabaletarekin?
Esan behar da nire bikotekidea hangoa dela eta ni neu ere hamabostean behin joaten naizela ardoa banatzera; horrelakoetan, lagunekin-eta bazkatzeko aprobetxatzen dut, nire gaztaroko kuadrilla ere han dagoelako. Harremana ez dugu galdu eta nire bi semeek, adibidez, aretxabaletarrez egiten dute. Eta upategira ere asko etortzen dira Aretxabaletatik.

Plazer hutsagatik ardo bat dastatzekotan, zein eta zein momentutan?
Oraintxe bertan etxean nago, sofan, eta urteko ardo berezi bat hartuko nuke, indarra duena. Lagunekin bazkari batean, aldiz, solasaldian gustura ibiltzeko ardo ondu bat hartuko nuke, leun sartzen denetakoa. Eta bazkalaurretik, piztu egiten zaituen ardo gorri bat edo zuri bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak