Korrikaren unitate didaktikoak: maila eta adin guztientzako proposamen egituratuak

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko martxoaren 18a

Korrikaren unitate didaktikoak aurkezteko agerraldia. Iturria: KORRIKA

Aurten berrikuntza moduan, material egokitua egin dute gorrentzat edo entzumen zailtasunak dituztenentzat

Euskararen erabileran eragiteko eta euskal kultura transmititzeko helburuarekin, eskuragarri daude Korrikaren 24. ediziorako unitate didaktikoak. Bi publikori begira prestatu dituzte baliabideak: batetik, ikastetxeetarako ikasmaterialak sortu dituzte, adinaren arabera sailkatuta; bestetik, euskaltegietara bideratutako edukia dago, A1etik C1era bitarteko mailetan antolatuta. Horrela, Haur Hezkuntzatik hasi eta helduen euskalduntzeraino, adin eta gaitasun maila guztietarako proposamen egituratua osatu dute, euskararen aldeko ekimena ikasgelaz-ikasgela eramanda.

Euskaltegian lantzeko

Korrikaren ingurura begira, AEKren Didaktika Sailak materiala sortu du maila guztietarako eta eskaintza mota guztietan erabiltzeko: aurrez aurreko ikastaroetan, autoikaskuntzan zein online modalitatean. Edukia hiru atal nagusitan banatuta dago. Lehen atalean ariketa laburrak biltzen dira: Ane Elordiri egindako elkarrizketa, Korrikaren aurkezpena, Korrika Laguntzailea eta Korrikaren kanta lantzeko proposamenak. Bigarren atalean ibilbidearen jolasa aurkezten da: mahai-jolas formatuko proposamena da, Atharratzetik Bilbora iristeko galderak eta probak gainditu behar diren dinamika parte-hartzailea. Hirugarren sekuentzia didaktikoan, berriz, Korrikaren historian zeharreko ibilbide birtuala egitea proposatzen da, ekimenaren bilakaera eta garrantzia sakonago ezagutzeko.

Ikastetxeetarako ere martxan

Ikastetxeetan ere badu lekua Korrikak, Euskal Herriko ikastolekin elkarlanean; Haur Hezkuntza eta batxilergo arteko unitate didaktikoak sortu dituzte. Adinaren arabera banatutako lau proposamen dira, Korrikaren onomatopeietan oinarrituak: Xingi-Xango (3-6 urte), Ttipi-ttapa (6-9 urte), Nis-naska (9-12 urte) eta Tarrapataka (12- 18 urte). Unitate bakoitzak bi atal nagusi ditu: batetik, ikasleei zuzendutako jarduerak; bestetik, irakasleentzako gida didaktikoa.

Aurtengo berrikuntza nagusia zirkulazio autonomorako ariketak dira. Orain arte jarduerak modu gidatuan eta ikasle guztiek aldi berean egiteko planteatzen baziren ere, azken urteetako eraldaketak kontuan hartuta malgutasun handiagoko formatua proposatu dute. Bi asteko epean gauzatzeko diseinatuta daude, eta, jarduerek hurrenkera bat baduten arren, irakasle taldeek erabaki dezakete zein ariketa eta nola eraman gelara.

Aurrera begira, konpromisoa

Korrika amaitu osterako ere proposamen zehatza landu dute: Hurrengo arte izeneko jarduera. Helburua da bizipenak eta esperientziak jasotzea, baina, batez ere, mezua argi uztea: Korrika bukatuta ere, euskararekiko konpromisoak jarraipena izan behar duela. Ildo horretan, datorren Korrika iritsi bitartean euskararekin zer-nolako konpromisoak hartuko dituzten idaztea proposatzen zaie ikasleei. Landutakoa ez dadin unean bertan amaitu, baizik eta eguneroko praktiketan errotu dadin.

Irisgarritasuna, guztiontzat

Hainbat egokitzapen egin dituzte, pertsona gorrek edo entzumen zailtasunak dituztenek lanak erabiltzeko aukera izan dezaten. Horretarako, Euskal Gorrak Federazioaren laguntza izan dute, materiala irisgarriagoa izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak