Bederatzi urteko etenaren ostean, Korrika berriro pasatuko da Antzuolatik, eta aukera berezia izango dute Goienakideek: Goienaren kilometroan lekukoa eramatea. Goiena Komunikazio Taldeak zozketa bidez emango du aukera hori Antzuolako Goienakideen artean. Martxoaren 19an abiatuko da 24. Korrika, Atharratzetik, eta martxoaren 29an amaituko da, Bilbon. Ibilbide horretan zehar, martxoaren 28an, 07:18 aldera helduko da Antzuolara. Goienaren kilometroa, berriz, 07:26 inguruan egingo dute; zehazki, 2838. kilometroan, Antiguako ermitaren paretik Olamendi baserri pareraino. Aurreko edizioan egin bezala, Goienak Goienakideen esku utzi nahi du kilometro horretako lekukoa eramateko aukera: interesa dutenek martxoaren 23ra arte izango dute zozketan izena emateko aukera.
Hasier Larrea lekukoarekin
Goienakideen arteko zozketaren irabazlearekin batera, lekukoa eramango du Hasier Larrea Goienako lankideak, Antzuolako berriemaile denak. Haren hitzetan, proposamena jaso zuenean, hasieran harrituta geratu zen: "Lehenengo, harriduraz hartu nuen berria, hasieran ez nuelako ulertu zergatik pentsatu zuten nigan. Gero, azaldu zidaten Antzuolarekin dudan loturagatik eta nire aitaren ibilbideagatik proposatu zidatela. Orduan, hunkitu, eta berehala onartu nuen".
"Lekukoa
eramatean aita eta
amona gogoan
izango ditut; ohore
handia da niretzat"
Larreak azaldu du Antzuolarekin harreman estua izan duela txikitatik. Nahiz eta Arrasaten jaioa izan, askotan joaten zen Antzuolara, aitarekin eta anaiarekin: "Txikitan domekero etortzen ginen Antzuolara: pilotan jokatzera eta, gero, amamaren etxera hamaiketakoa egitera. Horregatik, askotan esaten dut nire bigarren herria dela. Nire aita antzuolarra zen, eta familiaren zati bat han daukat". Azken urteotan, gainera, are gehiago estutu du herriarekin lotura; izan ere, Antzuolako berriemaile lanetan ari da Goienan: "Berriemaile izateak ere lagundu dit harremana estutzen".
Korrikako lekukoa eramatea, gainera, momentu berezian iritsi zaio. Izan ere, aitari egindako omenaldi moduan bizi du: "Proposamena egin zidatenean poza sentitu nuen, eta zirkulu bat ixten zela iruditu zitzaidan. Aita abuztuan hil zen, eta oraindik oso presente dugu. Azken hilabeteotan ikusi dugu jende askok zenbat estimatzen zuen, eta horrek seme moduan asko betetzen nau. Gainera, duela gutxi nire amama hil zen; antzuolar peto-petoa zen. Amañi deitzen genion guk. Beraz, lekukoa eramatean hura ere gogoan izango dut".
Horregatik guztiagatik, ilusio bereziz bizi du Korrikaren unea: "Gogo handia daukat. Inoiz ez nuen pentsatuko lekukoa eramango nuenik. Goienan nigan pentsatu izana errekonozimendu eta ohore handia da niretzat, eta oso eskertuta nago lankide guztiekin. Ahal dudan ondoen eramaten saiatuko naiz".
Larreak azpimarratu du, gainera, Korrikak euskararentzat duen garrantzia: "Euskal Herri osoan sortzen duen mugimendua ikaragarria da, eta, batez ere, leku guztietatik pasatzeak balio handia du: Erriberan eta Iparraldean ere astindu bat izaten da, eta erakusten du euskara bizirik dagoela eta denona dela".
Dani Larrearen arrastoa
Hasier Larrearen aita, Daniel Larrea Mendizabal, Antzuolan jaio zen, eta lan-mundua euskalduntzeko egindako lanagatik da ezaguna. Emun Kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen, 1997an, eta 18 urtez zuzendari nagusia izan zen. Kooperatiba hori enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko sortu zuten, eta lehen euskara planak, besteak beste, Fagorrentzat egin zituzten. Hasier Larreak gogora ekarri nahi izan du, halaber, euskararen alde lan egin duten beste hainbat lagunen lana ere: "Tartean, Txema Abarrategi aramaioarra gogora ekarri nahiko nuke, Emuneko lankide izandakoa".
Bederatzi urte zain
Antzuolako Korrika batzordeko kide Jabi Etxanizek poz handiz hartu zuen Korrika berriro herritik pasatuko den berria. Izan ere, azken aldiz duela bederatzi urte igaro zen Korrika Antzuolatik. "Oso gogotsu gaude, bederatzi urteren ondoren berriro herritik pasatuko delako. Gu, Euskara batzordekoak, urtero egon gara Korrikaren bueltan lanean, baina pasatzen ez zen urteetan pena pixka bat ematen zuen, jendea motibatzea askoz zailagoa zelako". Aurten, giro berezia sumatzen da herrian: "Herria prest dagoela igartzen da, ilusio handia sumatzen da. Horrek poza ematen du". Herritarrei dei egin die ekitaldian parte hartzeko, bakoitzak ahal duen moduan: "Antzuolarrei esango nieke korrika egitera animatzeko. Baina ezin duena ere etor dadila, animatzera. Giroa sortzea ere oso garrantzitsua da".
Etxanizen esanetan, Korrika ekitaldi berezia da euskararentzat, hainbat alderdi uztartzen dituelako: "Niretzat, Korrika kultura, kirola eta parte-hartzea da, dena euskararen alde. AEK-k egiten duen lana baloratzekoa da, euskararen alde egiten duen guztia. Horrez gain, batzordeetako lana eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoak dira".
Arigune, Udalaren ordezkari
Bestalde, Gipuzkoa Arigune egitasmoan parte hartzen duten herrietako bat da Antzuola. Proiektu horren helburua da herriko espazioak euskaraz aritzeko eremu eroso bihurtzea, estres linguistikorik gabe. Horretarako, herritarrez osatutako batzorde bat ari da lanean: lehenik, herriaren egoeraren erradiografia egin dute; eta, ondoren, gune antolatuetan lanean hasi dira, ekimena pixkanaka herri osora zabaltzeko asmoz.
Parte hartu zozketan
Goienakideek Korrika beste modu batean bizitzeko aukera izango dute aurten ere: Goienaren kilometroan lekukoa eraman nahi duenak, une berezia bizitzeko, martxoaren 23ra arte eman dezake izena zozketan, Goiena aplikazioaren bidez.