Etxetik urrun, euskara hurbil: debagoiendarrak Korrika Munduan

Eki Letona Erretolatza 2026ko martxoaren 19a

Munichen, 23. Korrika, duela bi urte. Argazkia: Hodei Letona

Korrikak aspaldi zeharkatu zituen Euskal Herriko mugak. Euskararen aldeko ekimenak munduan zehar ere badu bere isla: Korrika Munduan izenarekin munduko hiri askotan ospatzen da ekimena, debagoiendarren presentziarekin.

Korrikak Euskal Herriko mugak zeharkatzen ditu, eta munduan zehar hainbat tokitan antolatzen dute euskararen aldeko lasterketa. Korrika Munduan izenez ezagutzen dira Euskal Herritik kanpo egiten diren Korrika herrikoiak: leku bakoitzeko euskal etxeek, euskara ikasleek, irakasleek eta laguntzaileek sustatutako ekimenak dira.

Formatu txikiagoan izan arren, esanahi handiko ekimenak dira, euskararen aldeko mezua mundura zabaltzen dutelako. Tokian tokiko komunitateek ibilbide sinbolikoak egiten dituzte, lekukoa eskuz esku pasatzen da, eta, askotan musika, mintzaldiak eta topaketak ere antolatzen dituzte egunari giro berezia emateko.

Herrialde bakoitzean haien erara antolatzen dute ekimena: batzuek hirigunean egiten dute korrika eta beste batzuek parkeetan eta askotan kultur ekitaldiekin osatzen dute eguna. Hala ere, guztiek partekatzen dute oinarri bera: euskara erdigunean jartzea eta hizkuntzaren aldeko aldarria munduko hainbat txokotan zabaltzea.

Diasporatik euskarari bultzada

Munduan zehar milaka lagun ari dira euskara ikasten eta erabiltzen. Euskal etxeek, ikastaroek eta tokian tokiko euskaltzaleen sareek komunitate horri eusten diote, eta Korrika Munduan ekimenek indartu egiten dute sare hori.

Egitasmo horiek, ikusgarritasuna emateaz gain, elkartzeko aitzakia ere eskaintzen dute. Askotan, urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat bihurtzen da Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunentzat, euskara ardatz hartuta elkarrekin egoteko aukera paregabea delako.

Bestalde, zubi-lana ere egiten dute: Euskal Herria eta munduko euskal komunitateak lotzen dituzte, eta sentimendu partekatua elikatu. Lekukoa eramateak sinbolikoki adierazten du hizkuntza bat herriz herri ez ezik herrialdez herrialde ere pasatzen dela. Horri esker, euskararen nazioarteko irudia ere indartzen da. Munduko hainbat tokitan egindako ekimenek erakusten dute gure hizkun- tza, euskara, bizirik dagoela, ko- munitate aktiboa duela eta etor- kizunera begira dagoela.

Aitor Iraeta, New Yorken

New Yorken ere badu lekua Korrikak. Aitor Iraeta arrasatearrak azaldu du han modu berezian bizi dutela. "Etxetik hain urrun egon- da, batzuetan apur bat deskonektatzen zara, baina New Yorkeko Euskal Etxeak sekulako lana egiten du eta Korrika antolatzen du", dio. 2024an bizi zuen lehen aldiz Korrika Euskal Herritik kanpo. Brooklyngo Prospect Parken elkartu ziren, korrika egin zuten eta ondoren bazkariarekin borobildu zuten eguna.

"Niretzat, Korrika euskararen aldeko ekitaldi nagusienetako bat da", azaldu du. Aurten ere Euskal Etxeak antolatutako ekitaldian parte hartzeko asmoa du: "Beti da ona euskaldunekin elkartzea eta egun desberdin eta polit bat izatea euskara bultzatzeko, nahiz eta urrun egonda".

Malen Ugarte, Tokion

Tokion bizi den Malen Ugarte oñatiarrak aitortu du gogoa eta pena nahasten zaizkiola Korrika kanpotik bizi izanda. "Hain berezia den ekitaldi bat, gainera bi urtetik behin izaten dena, kanpoan nagoela izatea eta ezin bizitzeak pena ematen dit", dio. Hala ere, harro hitz egiten du Korrikaz eta euskarak sortzen duen komunitateaz.

"Euskal Herri osoa batzen duen mugimendua dela sentitzen dut. Euskarari ikusgarritasuna emateko balio du". Tokion egindako lagunei Korrika, Euskal Herria eta euskararen inguruko azalpenak eman dizkie askotan. "Hasieran arraroa egiten zaie, baina nik oso harro azaltzen diet zer den Euskal Herria, eta gure ekimenak", azaldu du. Oraingoz ez daki aurtengo Korrika Tokion antolatuko du- ten edo ez, baina helburua argi du: "Euskaldunak elkartzea eta euskararen alde aldarrikatzea, nahiz eta etxetik urrun egon".

Hodei Letona, Munichen

Munichen bizi den Hodei Letona arrasatearrak behin bizi izan du Korrika Alemanian. "Duela bi urte, goizean egin genuen korrikaldi sinbolikoa hirigunean. Euskal Etxetik baimena eskatu zuten eta errepidea moztu ziguten Korrikarako", gogoratu du. Egun hartan 50 bat euskaldun elkartu ziren, adin guztietakoak. "Guztiok euskaragatik batzea oso polita da", dio.

Aurten ere antzeko zerbait antolatzen ari direla azaldu du: "Petoak eskatzeko zerrenda egin dute, eta badugu gogoa". Kanpoan bizitzeak euskaraz aurrez aurre hitz egiteko aukerak murrizten dizkiola aitortu du: "Familiarekin eta lagunekin mugikorretik egiten dut, gehienbat. Horregatik, horrelako ekimenak aukera ona dira euska- raz elkartzeko". Azkenik, hauxe azpimarratu du: "Euskalduna naiz. Txikitatik gogoz espero izan dut, harro nago Korrikaz".

Joseba Iregi, Buenos Airesen

Argentinan ere ospatzen dute Korrika. Han bizi den Joseba Iregik dio Buenos Airesen antolatzen den ekimenak helburu bikoitza duela: euskal komunitatea elkartzea eta euskara ezagutzen ez dutenek euskal kultura gertutik ikustea. "Euskal etxeek egiten duten esfortzua ospatzeko modu bat ere bada".

Haren ustez, egun berezia da, Euskal Herrian bezala kanpoan ere euskararen aldeko aldarria egiten delako: "Euskal Herrian bageunde bezala parte hartuko dugu, beste modu batean bada ere. Guztiok batuko gara".

Kilometroak eta mezuak

AEKrentzat eta Korrikarentzat, Korrika Munduan funtsezko zutabea da. Ekimenak erakusten du euskararen aldeko mugimendua globala dela, eta hizkuntza-komunitatearen indarra agerian uzten duela. Kilometro bakoitzak balio du, urrats bakoitzak mezua zabaltzen duelako. Euskarak bidea egiten jarraitzen du munduan, Tokion, Munichen, New Yorken eta Buenos Airesen.

Duela bi urte egindako Korrikan, lau kontinente eta 45 hiri baino gehiagotan antolatu zituzten Korrika Munduan ekimenak. Hiri haietan lekukoa eskuz esku ibili zen, euskararen aldeko mezua mundura zabaltzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak