Aurtengo Korrikak Errigora ekimen herritarra omenduko du. Ez da kasualitatea: duela 13 urte sortu zenetik, egitasmoak euskara, auzolana eta elikadura burujabetza uztartu ditu Nafarroa erdialdean eta hegoaldean, euskara ofiziala ez den zonan. Bertako produktuak –olioa, lekaleak, kontserbak eta ardoa, besteak beste– Euskal Herri osoko kontsumitzaileengana iristeko bidea egiten du, eta bidean ekoizleak, kontsumitzaileak eta euskalgintza sare berean lotzen ditu.
Errigorak ekoizleak, kontsumitzaileak eta euskalgintza sare berean lotzen ditu.
Korrikaren aitortza "poz handiz" jaso dute Errigorako kideek; Aintzane Ariztegi kidearen hitzetan, urte hauetan egindako lanaren aitortza da, eta baita harrotasuna eta lanean jarraitzeko gogoa ematen dien bultzada ere. Haren ustez, omenaldiak ikusgarritasuna emango dio Ager zonako errealitateari, euskarak eta lehen sektoreak bizi duten egoera zailari. Bertatik bertara erantzuten die Errigorak, larrialdi linguistikoari, klimatikoari zein identitateari lotutako kezkak mahai gainean jarrita.
Bi kanpaina urtean
Testuinguru horretan, bi kanpaina egiten dituzte urtean: udazkenean, Euskarari puzka-n, askotariko produktuez osatutako hiru saski eskaintzen dira; udaberrian, berriz, Eskutik eskura kanpainan, aurretik probatutako produktuak urte osorako eskatzeko aukera dago; hori izan da gaur arte zabalik izan dena. Martxoaren 18ra arte egin daitezke udaberriko kanpainaren eskariak web orrialdea honetan: https://www.errigora.eus/es
Debagoienean ere badute oihartzuna kanpainek: udazkeneko kanpainan, esaterako, 2024an 579 eskaera jaso ziren, eta azken kanpainan 652ra igo dira. Udaberriko kanpainak ere goranzko joera izan du; 2024an 425 eskaera izan ziren Debagoienean eta azken kanpainan 554ra iritsi dira. Ariztegiren arabera, aurten Korrikaren bultzadak ekimenari ikusgarritasun handiagoa eman diezaioke, eta horrek jende gehiago ekintzara animatzea espero dute. Proiektuaren atzean ekoizpen sare zabal bat dago: 23 ekoiztetxe, gehienak transformatzaileak, eta haien bidez lanean ari diren 900 nekazari inguru, Ager zonakoak.
'Errigora balioak'
Errigoraren proposamena ez da salerosketa hutsera mugatzen. Egitasmoak defendatzen duen ekoizpen eredua Errigora balioak izeneko zigiluaren bidez bermatzen dute eta horrek hainbat irizpide jasotzen ditu: lehengaiak Nafarroa erdialdekoak eta hegoaldekoak izatea, nekazariekin bidezko harremanak izatea eta ekoizleek egitasmoaren auzolanetan parte hartzea. Horrez gain, ekoiztetxeetan euskararen presentzia sustatzeko konpromisoa ere badago. Euskara planak garatzen dituzte barne mailan, eta eguneroko jardunean pauso txiki baina esanguratsuak ematen dituztela azaldu du Ariztegik.
Boluntario sareak
Errigoraren funtzionamenduan funtsezkoa da boluntario sarea, Euskal Herri osoan 200 herri baino gehiagotara iristen baita egitasmoa, eta banaketak herri bakoitzean antolatzen dituzten boluntarioei esker egiten dira. Guztira, 500 herritar inguruk parte hartzen dute; euskara elkarteak zein norbanakoak. Errigorako kideak azpimarratzen duenez, auzolana da proiektuaren giltza: "Herri bakoitzean sortzen diren sare horiei esker lortzen da Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herri osora iristea eta, aldi berean, euskara eta tokiko ekoizpena indartzea".