100 urteak izan dira asteon Goiena telebistako Datuetatik tiraka saioan hizpide. Debagoienean 20 herritarrek gainditu dute 100 urteen langa, eta argi geratzen da adin horretara heltzea gero eta ohikoagoa dela; batez ere, emakumeen artean. Aldi berean, fenomeno horrek mahai gainean jartzen ditu gizartearen zahartzeari lotutako erronka berriak: zaintza-ereduen eraldaketa eta bizi-itxaropenaren bilakaera.
Debagoieneko sailkapena
100 urtetik gorakoak herrika sailkatuta, hamar Arrasatekoak dira, bi Oñatikoak, bi Aretxabaletakoak, eta bana daude Bergaran, Eskoriatzan, Antzuolan, Aramaion eta Leintz Gatzagan. Elgeta da, gaur-gaurkoz, 100 urtetik gorako herritarrik ez duen bailara osoko udalerri bakarra. Jaiotza-urteari dagokionez, 2026an debagoiendar batek bete ditu 100 urte, beste bederatzi 1925ean jaiotakoak dira, zazpi 1924koak, bi 1923koak, eta nagusiena 1921ean jaio zen; gaur egun, 104 urte ditu. Aurreikuspenen arabera, aurten bertan beste hainbat herritarrek beteko dituzte 100 urte: Arrasaten seik, Aretxabaletan bostek, Bergaran eta Eskoriatzan bik eta Oñatin eta Elgetan banak.
Generoaren arabera
Generoari erreparatuta, alde nabarmena dago: Debagoienean 16 dira emakumeak eta 4 gizonezkoak. EAEko datuak erreparatuz, patroi berdina jarraitzen da, 2025 hasierako datuen arabera: 829 dira emakumeak eta 131 gizonezkoak. Debagoieneko Ospitaleko barne mediku Iñaki Peñaren arabera, genero arteko alde horren atzean hainbat faktore egon daitezke; tartean, historikoki gizonek ohitura toxikoagoak izatea –alkohola edo tabakoa, esaterako–, arrisku handiagoko jokabideak sarriago izatea eta emakumeek, oro har, euren burua zaintzeko joera handiagoa izatea.
Bizi-itxaropena
Gipuzkoako bizi-itxaropena 84,3 urtekoa da gaur egun –2023-2024ko datuen arabera–. Hemen ere, generoaren arabera alde handiak daude: emakumeen bizi-itxaropena 87,1 urtekoa da, eta gizonezkoena, 81,4 urtekoa. Aipagarria da azken hamarkadako igoera nabaria; izan ere, 2014- 2015eko aldian bizi-itxaropena 83,1 urtekoa zen, batez beste: emakumeena 85,9 urtekoa eta gizonezkoena 80,1 urtekoa. EAEn, 2001ean, 378 ziren 100 urte edo gehiago zituzten pertsonak; 2025 hasieran, aldiz, 960. Horrek esan nahi du kopurua bikoiztu baino gehiago egin dela bi hamarkadatan. Adinberri fundazioko zuzendari Raquel San Sebastianen iritziz, 100 urtetik gorako pertsonen kopuruaren hazkundea "gizartearen arrakastaren seinale" da. Dena den, horrek erronka berriak ekartzen ditu, batez ere, zaintza eta arreta-sistemetan. Euskal Autonomia Erkidegoa, Europako lurralde zaharkituenetako bat da, eta horrek esan nahi du gero eta pertsona gehiago iritsiko direla adin oso aurreratura.
Erronka berriak
Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundia bizitza-luzeraren berrikuntzarako estrategiak garatzen ari da, gehiago bizitzeaz harago, bizi-itxaropen osasuntsua sustatzeko helburuarekin. San Sebastianen arabera, gakoa da zaintza-eredua eraldatzea: pertsona erdigunean jarriko duen arreta pertsonalizatuago eta komunitarioago baterantz joatea. Horretan ari dira lanean Adinberri fundazioa eta Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentua. Hala ere, ohartarazi du eskaria azkar hazten ari dela eta zerbitzu publikoek muga bat izango dutela; hortik aurrera, bestelako zerbitzuak eta eredu berriak garatu beharko dira.