Landaola Federazioa, Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen elkartea da, eta sei Landa Garapeneo sei elkartek osatzen dute: Behemendik, Deba-Garaiak, Debemenek, Goimenek, Tolomendik eta Urkomek. Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin nahian Landaola sariak antolatzen hasi zen elkartea, eta aurten, bederatzigarren edizioa ospatuko dute. Martxoaren 6an izango da ekitaldia, Mendaroko San Agustin Kulturgunean, 12:00etan hasita.
Lau sari banatuko dituzte osotara: Erakunde Pribatuaren saria, Erakunde Publikoaren saria, Emakumeak Landa Eremuan saria eta Urteetako ibilbideari saria. Erakunde Pribatuaren sarietako hautagaitzen artean Oñatiko Zubillaga Hiltegia agertzen da, Bizi-Iraun Oiartzungo Baserritar Elkartearekin, Basagune Kontsumo Elkarte Ekologikoarekin, Basoberrirekin, Soronearekin eta Luzaro - Errezilgo Azokrekin batera. Erakunde Publikoaren sarian berriz, Leintz Gatzagako Udalak jaso du hautagaitza. Honekin batera daude Igeldoko Toki Entitate Txikia, Itziarko Auzo Udala, Itsaso Herria “Sindikatoa” Herri denda, Saiaz Mankomunitatea eta Beizamako Udala. Beste bi sarietan ez dago hautagaitzarik, eta ekitaldian emango dute irabazlearen berri.
Ibilgailuak desinfektatzeko "zerbitzu aitzindaria"
Landaolak azaldu duenez, Oñatiko Zubillaga Hiltegiak "animaliak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zerbitzu aitzindaria jarri du martxan". Duela sei urtetik indarrean dagoen araudiak dioenez, "sektoreko profesionalek nahitaez desinfektatu behar dituzte ibilgailuak animaliak -bizirik edo hilik- garraiatu ondoren", eta erantzun eraginkor bat emateko asmotan sortu dute ekimena. Federazioak dioenez, bi dira hiltegiak zerbitzu honekin dituen helburuak: "Batetik, gaixotasun infekziosoen transmisio-kateak etetea eta, bestetik, baserritarrei legea betetzeko gune hurbila eta eraginkorra eskaintzea".
Zerbitzu irekia da, lehen sektoreko profesional guztiei lana erraztu ahal izateko. Gainera, etorkizunean zerbitzua osatzen joateko asmoa dagoela iragarri dute, "ibilgailuen garbiketan erreferente gisa finkatzeko eta ekoizpen-katearen funtsezko atala bilakatzeko, beti ere, abeltzainen beharretara egokitzen jarraituz".
Zerbitzu anitzeko eraikina, "herritarren bizi-kalitatea hobetzeko"
Zerbitzu anitzeko eraikina sortu zuen Leintz Gatzagako Udalak, eta ekimen hori da Landaola Sarietako hautagaitzaren arrazoia, eraikina "herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin" egin delako. Dagoeneko askotariko zerbitzuak eskaintzen dira eraikinean: ludoteka, liburutegia, euskaltegi zerbitzua, hitzaldi edo aurkezpenetarako aretoa, bilera-gela, podologia, ile-apaindegi zerbitzua, fisioterapia zerbitzua, kultura taldeentzako bilgunea, gaztetxoentzako lokala eta gimnasioa. Federazioaren ustez, eraikinak, "onura nabarmenak ekarri dizkio herriari", eta honen eraginez "bizilagunentzat beharrezkoak diren zerbitzu berriak sortu dira, irisgarritasuna bermatuta". Zerbitzu guztiak espazio bakarrean bildu izanak ere "energia-aurrezpena sustatu eta belaunaldi ezberdinen arteko topagune naturala sendotu" duela uste du Federazioak.