Atzerritarren ikasketak homologatzea, pazientziaz hartu beharreko erronka

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko martxoaren 4a

Hainbat herritar, ikasketen homologazioari buruzko informazioa jasotzen, Bidez Bide elkartean.

Atzerrian egindako ikasketen homologazioen ezezkoa jasotzea ez da ohikoena, baina ezta lizentziatura bere horretan onartzea ere; horren baliokidetasuna ematea da normalena. Erantzun hori, baina, ez da egun batetik bestera lortzen, eta prozesua astuna izan daiteke. Unibertsitate mailako ikasketen homologazioa Espainiako Gobernuaren eskuduntza da, eta batxilergoarena eta Lanbide Heziketakoena, Jaurlaritzarena.

Puntua aldizkariaren 489. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Euren sorlekua utzi eta bizitzera beste herrialde batera joan diren migratzaile askoren erronka izaten da jaioterrian egindako ikasketak homologatzea. Baita Debagoienean bizi diren askorendako ere. Gipuzkoako Bidez Bide aholkularitza elkarteak homologazioen inguruko laguntza ematen du. Prozesua luzea izan daitekeela dio –unibertsitateko ikasketen kasuan, hiru bat urteko itxaronaldia–, baina egitea da euren gomendioa. Horiek aitortzeaz arduratzen den Espainiako Espainiako Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak, bestalde, dio prozesua arindu egin dela, irailean tramitazioa digitalizatzeko jarraibidea hartu ostean.

Eskakizunak, kasuan kasu

2009tik ematen du Parekatu zerbitzua Bidez Bide aholkularitza elkarteak. Peruko gizarte laguntzaile batek jarri zuen martxan, haren esperientziatik abiatuta. Hiru urtez egon zen erantzunaren zain, eta hor bazegoela arazo bat ikusi zuen. "Gure elkartean emakume migratzaileekin egiten dugu lan, gehienbat. Zaintzara eta ostalaritzara mugatzen da lanmerkatua haiendako, eta euren sorterrian egindako ikasketak nola homologatu laguntzen gabiltza ordutik; emakumeei zein gizonezkoei eskaintzen diegu zerbitzua", azaldu du Katia Reimberg aholkulariak.

Katia Reimberg bulegoan.

Nork bere ikasketen homologazioa eska dezake, online, baina kasu guztietan ez direla dokumentu berak eskatzen argitu du Reimbergek: "Unibertsitate mailako ikasketak homologatzeko eskuduntza Espainiako Gobernuarena da. Berez, eskaera egiteko modua bera da ikasketak herrialde batean edo bestean egin. Kasu batzuetan, nahikoa da lizentziaturaren egiaztagiri konpultsatua bidaltzea, baina, beste batzuetan, aurreko ikasketena ere eskatzen dute, unibertsitatera heltzeko aurretik egindakoa gaindituta izan behar duzula pentsatu arren. Beste batzuetan, berriz, egiaztagiria ez ezik, kurtso bakoitzean ikasitako asignaturen izenak eta landutako materiak ere aurkeztu behar dira".

"Eskaera prozesua astuna izan daiteke, baina egitea da gure gomendioa"
Katia Reimberg, Bidez Bide Elkartea

Agiri horiek norberak eskatu behar ditu ikasketak egin zituen unibertsitatean, eta, batzuetan, hortxe hasten da eskatzaile askoren kalbarioa. Anaiis Molinak, esaterako, Zuzenbide ikasketak egin zituen Caracasen (Venezuela). Ikerketa eta Kriminologia Zientifikoko poliziakidegoan egin zuen lan, bederatzi urtez, eta beste hamabost fiskalaren laguntzaile. Duela bi urte etorri zen Arrasatera, eta ezin izan zituen ikasketen ziurtagiriak ekarri, aireportuan kendu egingo zizkiotelako. Hemendik saiatu da eskaera egiten, baina bertara joanda egin behar duela hori erantzun diote, eta egun ezin da hara joan, asiloa eskatuta duelako: "Zuzenbide ikasketak ezin dira homologatu, baina batxilergo mailakoak homologatzea eskatu gurako nuke, hemen beste zerbait ikasteko. Garbitzaile eta supermerkatu batean ibili naiz lanean etorri nintzenetik". 

Ikasi, zain dauden bitartean

Reimbergen esanetan, eskaera egiteko era bera izan arren, herrialde bakoitzak bere oztopoak jartzen ditu sarri, bizi duten egoeraren arabera askotan: "Egindako ikasketen tituluaren egiaztagiri digitala nahikoa da homologazio eskaera egiteko, baina Hagako amaierako oharra izan behar dute, faltsuak ez direla ziurtatzeko. Hori lortzea errazagoa da Hagako hitzarmena duten herrialdeen artean. Gainerako herrialdeetan igorritako ikasketaagiriak diplomazia-bidez legeztatu behar dira, ikastetxe edo unibertsitate bidez egin beharrean. Adibidez, jatorriko herrialdeko Hezkuntza Ministerioaren bidez edo enbaxaden bitartez. Bestalde, unibertsitateak digitalizatuta egoteak arindu egiten du prozesua, errazagoa da eskatutako titulazioak eskuratzea, eta toki askotan oraindik ez dute sistema digitalarekin lan egiten. Gazteleraz hitz egiten ez den herrialde batekoa izanez gero, berriz, gaztelerako B2 maila eduki behar da homologazio eskaera egiteko".

Prozesuaren zailtasunak eta, batez ere, erantzuna itxaroteko epea ikusita, atzerritar batzuk hemengo unibertsitatetan matrikulatzen dira ikasketak egiteko. Adibidez, Kuban Arkitektura ikasketak egin dituen batek hori erakusten duten Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako campusean dagoen Arkitektura Fakultatean aurkez ditzake bere tituluak, eta, haiek aztertu ondoren, zein asignatura baliozkotuta dituzten eta zenbat falta zaien esaten die. Horiek ikasi eta gaindituz gero, hemengo lizentziatura izango du, harena homologatzeko zain egon ordez. Arrasatetik Durangora bizitzera joan den Menna Mohamed sahararrak, esaterako, Aljerian egin zuen batxilergoa, eta Atzerriko Hizkuntzak ikasi zituen, gero, Kuban. Saiatu da hango agiriak eskuratzen, baina oraindik ez du lortu: "Batxilergo mailarena bidali didate, ordea, eta hori badut. Kurtsoak ari naiz egiten orain hemen".

Lau erantzun mota Titulazioa eskatu eta eskuratu ostean, Espainiako Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministeriora bidali behar da homologazio eskaera. Erantzuna hiru bat urteko epean lortzea da normalena. Eta lau erantzun mota egon daitezke: homologatzea eta lizentziatura bere horretan onartzea; ikasgai batzuk baliozkotzea, konbalidatzea, eta ikasketak gauzatzeko falta zaizkizunak egiteko bost urteko epea jartzea; beste titulazio batekin balioztatzea; edo ezeztatzea. Azken horiek gutxienekoak izaten dira, eta arrazoiak, normalean, dokumentuen falta izaten da. Ohikoagoak dira baliozkotzeak eta parekidetasunak. "Adibidez, osasun arloko ikasketekin eta hainbat ingeniaritzatakoekin homologazioa ematen dute. Baina, Medikuntzaren kasuan, esaterako, familia-mediku izaten onartzen dute. Espezializazioren bat izanez gero, ginekologia kasu, Osasun Ministerioan egin behar duzu beste eskaera bat espezialitatea aitortzeko. Kasu gehienetan gertatzen da baliokidetasuna edo parekotasuna ematea. Hau da, zure ikasketak onartzea, baina, agian, beste titulu batekin".

Bidez Bidek emandako datuen arabera, 2024an Gipuzkoako 307 pertsonaren eskaerak gauzatu zituzten: 235 emakumeak, 58 gizonak eta 14 ez-bitarrak. 307 horietatik 45 ziren unibertsitate mailako ikasketena, eta hamabost aldeko jaso dituzte: "Beste batzuek ere lortu dute, baina ez digute jakinarazi". 

Batxilergokoak eta Lanbide Heziketakoak

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2024ko otsailean adostu zuten atzerritarren ikasketa tituluen homologazioaren eskumena Jaurlaritzaren esku uztea. Joan den urteko uztailean, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen, behinbehinean, eta urrian Gorenak erabat baliogabetu zuen bi gobernuek adostutako transferentzia. Atzerriko unibertsitateko tituluak homologatzeko eskumena hamabost egunean izan zuen Eusko Jaurlaritzak; 200 eskaera jaso zituen epe hartan.

Unibertsitateko ikasketen homologazioa Espainiako Gobernuak ematen du; Batxilergoarena eta Lanbide Heziketena, Jaurlaritzak 

Unibertsitate mailakoena ez, baina Jaurlaritzaren eskumena da batxilergo mailakoak eta Lanbide Heziketakoak homologatzea. Eskaera horiek ere online egin daitezke, baina erantzuna askoz lehenago jasotzen dela dio Reimbergek: "Hilabete bat edo gutxi batzuk besterik ez".

Errolda eta tasak

Bidez Bide aholkularitza elkarteko Katia Reimbergen esanetan, edozein momentutan has daiteke ikasketen homologazio prozesua: "Ez da paperik izan behar, baina bai erroldatuta egotea batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasketen kasuan". Hala ere, ahalik eta azkarren hastea da haren gomendioa: "Emakume migratzaile askori gertatzen zaie, esaterako, hona etorri, lana aurkitzea zaintzaile moduan eta aukera hori aztertu ere ez egitea. Urte batzuetara konturatzen dira onuragarria izango zaiela egitea, baina ordura arte pasatako urteak alferrik igaro dira, eta erantzuna jasotzeko urteak gehitu behar zaizkio horri". Diruari dagokionez, Reimbergek azaldu duenez, bi tasa daude ordaindu behar direnak: "Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasketengatik 53,33 euro ordaindu behar dira eta unibertsitate mailakoengatik, 166,50 euro".

Debagoienean ere bai

Gipuzkoa mailan egiten du lan, gehienbat, nahiz eta inoiz Bizkaian eta Araban ere aritu, baina lurralde guztian ematen du zerbitzua; baita Debagoienean ere. Emakume txokoetara joanda ematen dute aholkularitza eta laguntza, eta gure bailaran Arrasateko Emakume Txokoan behin baino gehiagotan egon dira. Ez du maiztasun finkorik, baina tarteka lantzen dute gaia da Jabetze Eskolaren barruan. Sortu berri den Aretxabaletako Tril txoko feministan ere egon ziren duela aste pare bat, ikasketen homologazioari buruzko informazioa ematen. Bestela, Donostiako Amara auzoan du egoitza Bidez Bide elkarteak, eta hango Emakume Txokoan ere eguenero ematen dute ikasketen homologazioari buruzko informazio eta laguntza zerbitzua, goizetan, bi orduz. Debagoiendarrak ere joan daitezke hara. Txanda hartu behar da aurrez eta horretarako zein informazioa eskatzeko bi bide dituzte: 943 48 34 70 edo homologacionbidezbide@gmail.com.

Udalak ere izaten dira bidelagun prozesu horretan. Bergarakoak, esaterako, kanpotik datozenei ongietorria egiteko duen protokoloan du jasota: aholkularitza juridikoa ematen die edo Helduen Eskolara, EPAra, joateko aholkatu. Oñatikoak ere eskaini izan du herrian.

"Baliokidetasuna eman zidaten, baina ez da berdina"

JANET GRIMALDO ADMINISTRAZIOA ETA ENPRESA

Administrazioa eta Enpresak izeneko ikasketak egin zituen, Bogotako unibertsitatean, egun Aramaion bizi den Janet Grimaldok. 2006 eta 2012. urte bitartean egin zituen, eta, tartean, 2008ko urritik 2010eko urtarrilera Oñatiko Enpresagintza Fakultatean Idazkaritzako formazio ziklo bat egin zuen: "Ikasketa ezberdinak egiten ari ginen hamabi lagun etorri ginen orduan hona; nik Alecoop-en egin nituen praktikak".

2017tik bizi da Aramaion, eta 2019an hasi zen ikasketak homologatzen: "Ez nekien nondik hasi. Bidez Bide elkarteak Oñatin zerbitzua zuela irakurri, eta hara joan nintzen; izugarri lagundu zidan Katiak".

Torre bat paper

Unibertsitatearekin jarri zen harremanetan, ikasketen agiriak bidaltzeko, baina eskatzen zuen lehen pertsona ei zen, eta ez zekiten nola egin: "Kolonbiara joan nintzenean, propio joan nintzen unibertsitatera. Kurtso guztien agiriak eman zizkidaten, ikasitako gai guztienak. Torre baten altuera hartzen zuten paper guziek. Denak entregatu nituen, eta denbora batera jaso nuen erantzuna, Madrildik. Onartu egin zituzten, baina Gizartezientzien eta zientzia juridikoen ezagutza-adarreko gradua, merkataritza-eremuko eta administrazioko eremu espezifikoan izenarekin. Baliokidetasuna bai, baina berdina ez".

Egun, administrari egiten du lan: "Urte asko egin nituen enpresa multinazional batean, eta uste dut esperientzia lagungarria izan dela lana bilatzeko".

"Enbaxadaren bitartez egin behar dut eskaera, eta itxita dago"

NAWID PASHAIWAL EKONOMIA

Afganiarra sortzez, Eskoriatzan bizi da gaur egun Nawid Pashaiwal. Ekonomia ikasketak egin zituen sorterriko unibertsitatean, baina oraindik ez du lortu homologatzerik. "Ez homologatzerik, ez ezer. Ekonomiako ikasketen lehen hiru urteak unibertsitatean egin nituen, eta azkena, laugarrena, online. Gainditua dut dena, eta horren ziurtagiria, titulua, postaz bidali behar didate, baina oraindik ez dut jaso", dio.

Enbaxadaren bitartez

Ikasketen homologazio eskaera egiteko titulua izatea behar du Pashaiwalek. Egin du eskaera unibertsitatean, baina oraindik ez du jaso eta eskaera enbaxadaren bitartez egiteko eskatu diote. "Afganistanek Espainian zuen enbaxada, baina itxita dago arrazoi politikoengatik, eta ez dakit zer egin. Etsita nago, ez dakit noiz irekiko duten, ezta beste zer egin dezakedan titulua eskatzeko".

Farmaziako diplomatura mailako ikasketak ere eginak ditu, baina ekonomiakoengatik borrokatu nahi du hark; horien homologazioa lortzea du buruan. Ez daki hori noiz lortuko duen edo inoiz lortuko duen ere, eta, bitartean, kurtsoak egiten ari dela dio. 

Ikasten jarraitzeko asmoa duela dio: "Orain, adibidez, Donostiako unibertsitate batek eskaintzen dituen Administrari ikasketak egiten dihardut. Ez da berdina, baina ikasten jarraitu nahi dut, gero lana bilatzeko. Nik formatzen jarraitu nahi dut, batean edo bestean, eta ikasten eta Afganistanen egin nituen ikasketen homologazioa lortzeko saiakerarekin jarraitu nahi dut aurrerantzean ere". 

 

"Urtebete pasa daramat masterra homologatzeko zain"

RAFAEL TROYANO MATEMATIKA IRAKASLEA

Oñatiko ULMA kooperatiban egiten du lan, argiketari, duela ia bi urtetik hona Aramaion bizi den Rafael Troyano venezuelarrak. Matematikako irakasle izateko ikasketak egin zituen sorterrian, baina oraindik ez du horiek homologatzerik lortu, eta, bitartean, Elektrizitateko modulu bat ikasi du, lana bilatu eta lortzeko.

Noiz erantzungo zain

Dagoeneko hasi ditu ikasketak homologatzeko tramiteak. "Matematikako irakasle izateko ikasketak ditut eginak, eta horien ziurtagiriak bidali nituen, online, Madrilera, balekoak diren zigiluak lortzeko. Erdizkako erantzuna jaso nuen; ez erabateko homologazioa, baina bai lizentziatua naizela erakusten duen ziurtagiria. Orain, institutuetan irakasle izateko behar dudan masterra homologatzeko eskaera egin dut berriz. Urtebete baino gehiago daramat erantzunaren zain. Hori lortuz gero, irakasle jarduteko asmoa dut".

Troyanok dioenez, Txilen ere Venezuelaren antzerako hezkuntza sistema dute eta ezagutzen ditu haren egoera berean zeuden txiletar batzuk masterra homologatzea lortu eta orain irakasle lanetan ari direnak. "Batek baino gehiagok esan zidan ikasketak berriz egitea gutxiago kostatuko zitzaidala denborari dagokionez, behintzat, eta uste dut arrazoia zutela. Ez dakit erantzuna noiz helduko den eta zein izango den ere. Lehen eskaeraren erantzuna jaso orduko ere urtebete baino gehiago pasa zen. Diote orain denborak laburragoak direla, baina ez dakit sinistu edo ez". 

"Nuena baino nota baxuagoarekin parekatu didate batxilergo maila"

DJAMILA ZEREIBY ZUZENBIDEA

Sustrai sahararrak dituen arren, Aljerian jaio zen, 1971n, eta han ikasi zuen Zuzenbidea Djamila Zereibyk. Duela hogei urte pasatik Debagoienean, Arrasaten, bizi da, eta IMME sortu zuen han, Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkartea.

Nota baxuagoa

Zuzenbide ikasketak ez dituzte homologatzen, herrialde bakoitzak bere legeak eta arauak dituelako; beraz, ikasketak berriz egin behar izan ditu Zereibyk. "Zuzenbidekoak ez, batxilergo mailako ikasketen homologazioa eskatu nuen nik. Nota onarekin amaitu nituen maila horretako ikasketak Aljerian, eta, selektibitatea egin ondoren, batez besteko nota altua lortu nuen. Hemen, baina, bosteko batekin parekatu zidaten han ateratakoa; berez nuena baino askoz baxuagoa da hori, eta amorratu egin nintzen esan zidatenean".

Dio nota horrek asko baldintzatu duela hemen ikasketak egitea. "Bosteko hori hor gelditu da, ezin dut igo ez dakit zein ikastaro eginda ere; finkoa da. Eta nota baxua da, kontuan hartuta unibertsitatera sartzeko gutxieneko nota altua eskatzen dutela hemengo unibertsitateetan. Eta hori eragozpen oso handia da zer ikasi nahi duzunaren arabera".

lortzea ez dela erraza adierazi du Zereibyk: "Unibertsitate mailakoetan baliokidetasuna ematen dute batzuetan, baina erabateko homologazioa ez. Batxilergoa ere gainditua duzula esaten dizute, bai, baina ez zure herrialdean lortu zenuen notarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak