Bailarako aktualitatea jarraitzeko aukera egongo da 'Hemen Debagoiena' magazinean

Gontzal Belategi Zubia 2026ko otsailaren 27a

Gontzal Belategi kazetaria, Oñatiko Zuhaitz Azokan, joan den asteburuan.

Debagoieneko gertakarien berri emango du, astelehenetik egubakoitzera. 14:30ean emitituko da lehenengoz, eta hortik aurrera orduro ikusteko aukera izango da.

Debagoienean gertatzen denaren berri ematen jarraituko du, beste urte batez, Hemen Debagoiena magazinak. Astelehenetik egubakoitzera emitituko da, 14:30etik aurrera, orduro. Aktualitatea eta gertuko informazioa jorratuko dira saio horretan, lau formatutan: albisteak, albiste laburrak, erreportajeak eta elkarrizketak. Kulturak ere izango du bere tokia: ikuskizunak eta erakusketak pantaila txikira eramango dituzte.

Edukiak, egunka

Orain arteko formatua mantenduko du magazinak Goiena telebistaren sasoi berri honetan. Oinarria bera izango da egunero, eta, tokiko informazioa ardatz hartuta, Debagoienean gertatu diren hiru albisterekin hasiko da saioa. Ostean, aktualitateak jarraituko du protagonista izaten, eta lau albiste labur izango dira ikusgai.

Gainontzeko edukia ezberdina izango da asteko egun bakoitzean. Astelehenetan, esaterako, hainbat gairen inguruko erreportaje bat ikusteko aukera zabalduko du magazinak, gertuko istorioak protagonisten ahotik eta modu sakonean jorratuz. Asteko lehen eguna amaitzeko, kulturak hartuko du protagonismoa, eta Debagoienean egindako kultur ikuskizun batekin gozatzeko aukera izango da.

Martitzenetan, dagoeneko klasiko bilakatu den tarte bat jasoko du magazinak, Debagoiendarrak mundutik. Eneko Azurmendi kazetariak aurkeztuta, munduko hainbat txokotan bizi diren debagoiendarren errealitatea ezagutzeko aukera emango du tarteak, elkarrizketa formatuan. Datorren astean, esaterako, Japonian bizi den Malen Ugarte oñatiarra izango da bertan, Asiako herrialde hartan izandako bizipenak azaltzen. Saioaren amaieran, berriz, kulturak jarraituko du erdigunean, eta Debagoienean ikusgai dagoen erakusketa batek ateak irekiko dizkio magazinari.

Eguaztenetan helduko da sasoi honetako berrikuntzetako bat. Gertuko gaiak jorratuko dituen erreportajearen ostean, Handik hona izeneko tartean murgilduko da magazina. Debagoienera bizitzera etorri diren atzerritarren testigantzak jasotzen dituen tarteak GOIENA aldizkaritik pantailara egingo du salto, Idoia Aranbarri kazetariaren gidaritzapean.

Eguenetan, klasikotzat hartu daitekeen beste tarte baten txanda izango da: Luzapena. Debagoieneko kirolariak elkarrizketatuko ditu Mireia Bikuña kazetariak; haien ibilbidearen zein praktikatzen duten kirolaren berri emango du. Saskibaloian murgilduko da Bikuña hurrengo saioan, Arrasateko Ointxe! taldeko jokalari Naroa Garai oñatiarrarekin. Horren ostean, asteburuko agendaren nondik norakoak ikusteko aukera izango da.

Amaitzeko, egubakoitzetan, asteko azken erreportajea ekarriko du Hemen Debagoienak. Horrez gain, astea borobiltzeko, gainontzeko egunetan egon diren albiste esanguratsuenen errepaso batekin itxiko da saioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak