Komunitatearen hamaika ahots entzungai Podcast Gelan

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko otsailaren 27a

Andoni Etxezarreta eta Andrea Gonzalez, Zartadia podcasteko kideak.

Ateak eta mikrofonoak zabalik dituzte podcast proiekturen bat esku artean duten herritarrek, komunitatearen ahotsen aniztasuna jaso nahi du Goienak.

Joan den urtean jarri zen martxan Podcast Gela, komunitateari ahotsa emateko bozgorailu moduan. Ordutik, askotariko edukiak sortu dira; audio nahiz bideo formatuan, iraupen eta maiztasun ezberdinekin, guztira hogei podcast inguru daude martxan. Hain zuzen ere, Goiena.eus atarian eta Ivoox zein Spotify plataforma digitaletan ikusi edo ikus-entzun daitezke, kasuan kasu.

Denboraldi berrian, Zartadia da Podcast Gelara batu den azken ahotsa. Astero, Andrea Gonzalez eta Andoni Etxezarretak aire fresko eta gaztea ekarriko dute; gonbidatu ugarirekin batera solasaldi eta eztabaidak piztuko dituzte. Bestalde, Ndank-Ndank elkartearen Beste ahotsak saioak martxan jarraituko du, Euskal Herriko pertsona arrazializatuen ikuspegiak partekatzeko. Peryferyka ere badator bueltan; ekoiztetxeko kideek, hainbat gonbidatu bidelagun, sor daitezkeen solasaldiei zukua aterako diete. Azken bi saio horiek Goiena telebistan ikusteko aukera ere egongo da.

Komunitatearentzat ateak zabalik jarraitzen dute eta euskarazko proiektu berriek tokia izango dute. Helburua argia da: Goienak guztion ahotsak entzunak izatea nahi du. Saio berriak prestatzen ari dira, eta sorpresak izango dira denboraldi berrian.

Autogestioa helburu

Aurrera begira, soinu-teknikariaren laguntza eskura egongo bada ere, proiektu bakoitza autogestionatua izateko bidean dago. Espazioak ahots guztientzat dauka tartea, komunitatetik eta komunitatearentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak