Bailarako mendi lasterketen laburpen zabala 'Harmailatik' saio berezietan

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 25a

Hainbat korrikalari tontorrera bidean, 2024ko Arrasate-Udalatx mendi lasterketan.

Astelehenetan izango dira 'Harmailatik' saio bereziak; bestetik, biharko Arrasate-Udalatx mendi lasterketa zuzenean jarraitu ahalko da Goiena telebistan eta 'Goiena.eus' webgunean.

Mendiko lasterketak izango dira protagonista astelehenetako Harmailatik saio berezietan. Hain zuzen ere, otsailetik irailera bitartean Debagoienean egingo diren sei lasterketen laburpen zabala emango du Goienak, Xabi Urzelai kazetariak kontatuta. Horrekin batera, korrikalariek eta irabazleek esandakoak ere jasoko dituzte saioan.

Astelehenean emititu zen lehenengo saio berezia, Antzuolako 8 Milien ingurukoa. Eta, jarraian, bihar jokatuko den Arrasate-Udalatx mendi lasterketarena emango dute datorren astelehenean –martxoak 2–, 20:00etan eta 22:00etan. Mendi lasterketen inguruko hurrengo saio bereziak honako hauek izango dira: Gatza Trail, martxoaren 23an; Ahuntzen Mendi Lasterketa, martxoaren 30ean; Aloñako Igoera, apirilaren 27an; eta Ikazkin Trail, irailaren 14an.

Sei mendi lasterketen laburpenen emisio-egunak

ANTZUOLAKO 8 MILIAK: Emisio-eguna Otsailak 23.

ARRASATE-UDALATX: Emisio-eguna Martxoak 2.

GATZA TRAIL: Emisio-eguna Martxoak 23.

AHUNTZEN LASTERKETA: Emisio-eguna martxoak 30.

ALOÑAKO IGOERA: Emisio-eguna apirilak 27.

IKAZKIN TRAIL: Emisio-eguna Irailak 14.

Arrasate-Udalatx zuzenean

Horrez gain, biharko Arrasate-Udalatx mendi lasterketa zuzen-zuzenean jarraitu ahal izango da Goiena telebistan eta Goiena.eus webgunean, 09:15ean hasita. Mondraitz Kirol Klubaren, Goienaren, Abaoren eta Artemanen arteko elkarlanaren bitartez emitituko da zuzenekoa. Hori posible izateko, hamalau kamera erabiliko dira ibilbidean zehar; horietatik hiru helmugan jarriko dira eta gainerakoak ibilbidean zehar egongo dira sakabanatuta. Bestetik, eguraldiak laguntzen badu, Udalatxeko aireko irudiak ere jasoko dituzte zuzenekoan. Gainera, aurreneko korrikalarien jarraipena egiteko, sei boluntario ibiliko dira: mendiko bizikletan lau pertsona eta bi korrika. Arineketan arituko denetako bat da Iñigo Alzola izango da; Udalatxen azken zatian maldan gora eta Txukurrilloko jaitsieran grabatzea izango da haren eginkizuna. "Gure helburua ikusleek lasterketa ahalik eta ondoen jarraitzea izango da, eta, posible den heinean, irudi ikusgarriak jasotzea, lan exijentea baita korrikalariei jarraitzea", dio Alzolak.

Itzuliko azken etapa ere bai

Mendiko lasterketen ingurukoez gain, Antzuolako Goizperren hasi eta Bergaran amaituko den Itzulia Basque Countryko azken etaparen inguruko Harmailatik saio berezia ere emango du Goienak, apirilaren 13an. Hain zuzen ere, apirilaren 11n jokatuko da etapa hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak