Galdegazte saio ganberroa martxan, ikasleak elkarrizketatzaile eta zirikatzaile

Imanol Beloki Unamuno 2026ko otsailaren 24a

Arrasate BHIko Batxilergoko ikasleak, Aimar Arriolabengoarekin saio grabatu ostean.

Bihar, otsailak 25 estreinatuko da Galdegazte saioaren hamabigarren denboraldia. Urteotan, saioak bilakaera nabarmena izan du; bereziki hamargarren denboralditik aurrera, itxura berritu eta bideopodcast formatuaren aldeko apustua egin zuenetik. Azken bi denboraldietan ildo horri eutsita, ekin diote aurtengoari.

Hamabigarren denboraldiak berrikuntzak ekarriko ditu, baina oinarrizko ezaugarria bere horretan mantenduko da. Ikasleak izango dira elkarrizketatzaileak eta, gonbidatuarekin batera, saioaren protagonista nagusiak. Saioa Goienako kazetari Imanol Belokik gidatuko du, eta aurten platoan laguntza izango du Izar Ruiz de Austrirekin. Saioa ekoizten, lantaldean ariko dira Aitor Agiriano, produkzio lanetan; Peru Atxa, soinu arduradun gisa; eta Luken Ugarteburu, errealizazio lanetan.

Hamar gonbidatu pasako dira Goienatik; besteak beste, Aimar Arriolabengoa pilotu aramaioarra, Markel Bilbatua Txinbostyle ile-apaintzaile eta sortzaile bergararra…

Hamar gonbidatu, hamar saio

Debagoieneko Mankomunitatearekin eta eskualdeko eskolekin elkarlanean landutako proiektua da, eta, guztira, ordu erdiko hamar saio ekoiztuko dira Goiena Telebistako platoan, DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleen parte-hartzearekin. Ikasleek eurek proposatutako bailarako gonbidatuei gertuko elkarrizketak egingo dizkiete, eta, aldi berean, Goiena Komunikazio Taldearen ikus-entzunezkoen saila gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute, besteak beste. Hamar gonbidatu pasako dira Goienatik, eta, grabaketak hasita; besteak beste, Aimar Arriolabengoa pilotu aramaioarra, Markel Bilbatua Txinbostyle ile-apaintzaile eta sortzaile bergararra, Jon Ander Kortabarria Oñatiko Dwingi Dwingi taldeko kidea, Irene Murua IDK Euskotren taldeko saskibaloi jokalari arrasatearra, Ibai Alberdi ganaduzale aretxabaletarra, Peio Uribetxeberria musikaria edo Andrea Gonzalez euskal sortzaile bergararra elkarrizketatuko dituzte.

Eguaztenetan, 20:00etan

Lehenengo saioa bihar, eguaztena emitituko da, eta Aimar Arriolabengoa aramaioarra izango da gonbidatua. Auto lasterketetako pilotua da bera, Sindy Berbenas musika taldean saxofoia jotzen du, eta, horren gainekoak eta bestelakoak izan dituzte berbagai platoan.

Bigarren saioa, berriz, martxoaren 4an, ikusteko aukera izango da Goiena Telebistan 20:00etan eta 22:00etan, eta, eguenetan Goiena.eus-en, 09:00etan. Horrekin batera, sare sozialetan une esanguratsuenak eta gonbidatuekin egindako TikTok-ak ikusteko aukera izango da.

Izar Ruiz de Austri eta Imanol Beloki, platoan.

Izar Ruiz de Austrik gatza jarriz

Galdegazteko saio guztietan gatza, piperra eta dinamika pizteko ardura hartuko du platoan, Izar Ruiz de Austri arrasatearrak, iaz izan zen Maider Arangureni erreleboa hartuz. Aurkezle lanetan bidelagun izango du Imanol Belokik, eta, hark aurkezlea zirikatu, eta ikasleei zein gonbidatuei joko bat proposatuko die, saioari erritmoa eta bizitasuna emateko. Elkarrizketa, gainera, ondo pasatzearekin uztartuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak