Urtarrilaren 18an abiatu zuten Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa, eta atzo, zapatua, jokatu zen Debagoieneko lehen kanporaketa. Txinpartaka talde oñatiarra eta Leintz taldea izan ziren aurrez aurre, Bergarako Kartzela Zaharrean. Oihana Aranak, Haizea Aranak, Larraitz Trojaolak, Ane Zuazubiskarrek eta Olatz Zuazubiskarrek osatutako Leintz taldea nagusitu zitzaion Urko Egañak, Aitor Tatiegik, Beñat Ormaetxeak, Julen Irondok eta Josu Zubiak osatutako taldeari. Lehia baino, umore eta giro ona nagusitu zen saioan zehar.
Bi taldeek agur bana bota zuten saioarekin hasteko, umorez beteak eta elkar xaxatzeko pentsatuak. Ondoren, ariketa puntuagarrien txanda heldu zen. Sei ariketa egin zituzten guztira: Koplaka, ofizio bat zortziko handian, ofizio bat zortziko txikian, bertso bat bukaerako puntua emanda, bakarka eta puntuka. Bertsolariek askotariko gaiei kantatu behar izan zieten Kartzela Zaharrean. Agenda eskolaz kanpoko ekintzaz beteta duten bi haur izan ziren, esaterako, Tatiegi eta Zuazubiskar. Oihana Arana eta Beñat Ormaetxea berriz, Bergaran jendea dantzaraztea lortzen ez duten elektrotxaranga bateko kide izan ziren. Urko Egañak eta Haizea Aranak, juntakide izateko asmorik ez duten elkarte gastronomiko bateko bi kideren paperetik kantatu behar izan zuten.
Azken kanporaketa hurrengo zapatuan
Otsailaren 28an izango da Debagoieneko azken kanporaketa, Aretxabaletako Karmele Igartua aretoan, 19:00etan. Hiru talde izango dira bertan: Kale edo bale (Josue Madariaga, Txomin Alberdi, Alazne Jauregi, Jon Mata eta Aritz Kortabarria), Tutelatraku (Gontzal Belategi, Aritz Irigoien, Urko Arregi, Aritz Iza eta Enaitz Ibabe) eta Mikaela Mentu (Uxue Igartua, Lide Arregi, Maider Arregi, Mirari Sagarzazu eta Nerea Etxezarreta). Saio honetako irabazlea martxoaren 14an Antzuolako gaztetxean jokatuko den finalean lehiatuko da Leintz taldearen aurka.