Lagunartean eta eroso kantuan egiteko, badator Herriarteko Txapelketa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko otsailaren 20a

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren aurkezpenean batutako parte-hartzaileak. Bertsozale Elkartea.

Debagoieneko bost taldek hartuko dute parte eta eskualdean hiru saio izango dira: bihar, zapatua, bi talde arituko dira Bergaran lehian; aretxabaletako kanporaketan, otsailaren 28an, hiru talde lehiatuko dira; eta Antzuolan izango da finala, martxoaren 14an.

Urtarrilaren 18an abiatu zuten Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa; 1999an eta 2017an egin ondoren, hirugarrena da. 57 talde ari dira guztira parte hartzen; horien artean Debagoieneko bost talde daude: Oñatiko bertso eskolako Txinpartaka, Tutelatraku eta Mikaela Mentu taldeak; Antzuolako Kale edo Bale taldea; eta Arrasateko eta Eskoriatzako kideak dituen Leintz izenekoa.

Lau fasetan banatuko da Herriarteko Txapelketa: lehen fasea, bigarren fasea, finalaurrekoak eta finala. Gipuzkoako zortzi azpieskualdetan banatu dira lehen fasea jokatzeko: Buruntzaldea, Urola, Urola-kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoa. "Eskualde batzuetan hasita dago dagoeneko lehenengo fasea, eta martxoaren 28ra bitartean izango da; hain zuzen ere, bi hilabete eta erdian 100 saio inguru antolatu dira Gipuzkoako hainbat txokotan banatuta", azaldu dute antolatzaileek, eta zera gaineratu: "Lehen fasetik zortzi talde pasatuko dira bigarrenera, eta eskualde arteko saioak jokatuko dituzte; esaterako, Debagoieneko talde irabazleak Debabarreneko irabazlearekin. Zortzi talde horietatik lau finalaurreko saioetarako sailkatuko dira, eta maiatzaren 30ean jokatuko da finala, Aiako probalekuan".

Mirari Sagarzazu: "Bertsolariez gain, gai-jartzaileei eta epaileei ere ematen die garrantzia ekimenak"

"Guztiontzako plaza"

Eskualde mailan bertso eskolen arteko saretzea eragingo duen txapelketa da Herriartekoa, "gaur egun plazetan kantatzeko aukera gutxi duten bertsolarientzat ere txapelketa erakargarria izan gura duena", antolatzaileen esanetan, eta hala berresten dute Debagoieneko parte-hartzaileek ere. "Gipuzkoako eskualdeak eta bertso eskolak harremantzeko beste modu bat da, polita, eta, bailarara begira ere, hain ohikoak edo egunerokoak ez diren harremanak indartzeko balioko du. Gainera, bailaran bailarakook elkarrekin kantatzeko plazak ere ekarriko ditu", azaldu du Leintz taldeko Ane Zuazubiskarrek. "Ideia oso polita iruditzen zait, aukera ematen duelako plazako formatua erakartzen ez duen jendea bertsoarekiko lotura mantentzeko bai kantuan eta baita entzuteko orduan ere. Eskualdeko bost talde ateratzea kopuru polita da", gaineratu du Txinpartaka taldeko Aitor Tatiegik, eta bide beretik erantzun du Kale edo Bale taldeko Jon Matak: "Debagoieneko 25 pertsona gaude ekimenean, kopuru polita da; hala ere, desoreka bat ere ikusten dut, Oñatitik hiru talde daudelako, bakarra Antzuolatik eta beste talde bat Leintz bailaratik. Pena da beste herrietan indarrik ez izatea taldea ateratzeko. Guztiz ulergarria, baina sintomatikoa ere iruditzen zait".

Ane Zuazubiskar: "Gipuzkoako eskualdeak eta bertso eskolak harremantzeko modu polita da"

Herriarteko Txapelketa "astez aste bertso eskolan egiten den ezkutuko lan hori jendaurrean erakusteko aukera polita" dela dio Tutelatraku taldeko Gontzal Belategik, eta zera gaineratu du: "2017ko Herriartekoan baino eskualdeko bi talde gehiago gara; bailarako bertso eskolek, nork bere gorabeherekin, tekla zuzenak ukitzen jakin duten seinale da hori". Mikaela Mentu taldeko Mirari Sagarzazuk hauxe dio: "Ekimen oso positiboa da; bertsolariez gain, gai-jrtzaileei eta epaileei ere ematen die garrantzia".

Talde bakoitzaren ezaugarriak

Talde bakoitzak bost partaide ditu: hiru bertsolari, gai-jartzaile bat eta epaile bat. "Eskoriatzako eta Arrasateko kideak gaude, lehendik ere bertsogintzan ari garenak", dio Ane Zuazubiskarrek. "Eskola berekoak gara bostak, harreman oso ona dugu, eta horrek laguntzen du biharko saiora disfrutatzeko helburuarekin joateko", kontatu du Aitor Tatiegik. Antzerako argazkia atera du Antzuolako Jon Matak: "Antzuolako bertso eskolako kideak gara guztiak eta gure artean giro ona dago; talde ona egiten dugu eta ondo pasatzea da gure helburua".

Gontzal Belategi: "Aukera polita da bertso eskoletan astero egiten den ezkutuko lan hori erakusteko"

Tutelatraku taldeak ere helburu bera duela berretsi du Gontzal Belategik: "Kuadrilla taldea da gurea, literalki, lagun talde berekoak gara". Eta zera dio adin ezberdineko baina eskola berekoak diren bost emakume oñatiarrek osatzen duten Mikaela Mentuko Mirari Sagarzazuk: "Puntako bertsolariak eta hasiberriak daude gure taldean ere; ekipo oso jolastia eta borobila da gurea. Taldeari jarri diogun izenarekin, jende gutxik ezagutzen duen garai bateko emakume bertsolaria omendu gura izan dugu"

Bertso-lagunak lehian

Talde bakoitza bere aldetik ari da entrenatzen, baina begirune osoa diote elkarri. "Polita da hainbat herritako taldeek parte hartzea; pena da Aretxabaletan edo Bergaran, mugimendua egon arren, talderik ez osatzea, baina antolatzeko eta laguntzeko prest aurkitu ditugu; hori horrela, kanporaketak Bergaran eta Aretxabaletan izango dira", dio Zuazubiskarrek. "Talde politak iruditzen zaizkit denak, eta, ondo pasatzeko helburua dugunez guztiok, saio dibertigarriak aterako direla uste dut. Talde guztietan dago bertsotan denbora asko daroan pertsonaren bat baina gurekin kantatuko duen Leintz taldea salbuespena da, hiru bertsolariak asko ari dira plazan eta oso maila handia dute", dio Tatiegik.

Aitor Tatiegi: "Ondo pasatzeko  helburua dugunez, saio dibertigarriak izango direla uste dut"

Oñatiko bertso eskolan jardun izan duen Jon Matak herrikoekin osatu du taldea, baina "pozik" dago, Oñatikoak taularen gainean lagun izango dituelako: "Polita izango da saioa; lehenago ere kantatu izan dut eurekin, baina sekulako ilusioa dut txapelketarako". "Beste bailara batzuek fama handiagoa duten arren, Debagoienean bertsotan oso ondo egiten den adierazle garbia da taldeen osaera", dio Belategik, eta zera gaineratu du Sagarzazuk: "Bost taldeei begiratuta, denetik dagoela iruditzen zait, nahiz eta faltan igartzen ditudan izena eman ez duten batzuk; hala ere, esandakoa, ederrak dira talde guztiak, orokorrean".

Lehen kanporaketa, bihar

Bergarako gaztetxean jokatuko dute bihar, zapatua, lehenengo kanporaketa, eta han izango dira Leintz eta Oñatiko Txinpartaka taldeak, eta hurrengo asteburuan, Aretxabaletako Karmele Igartua aretoan izango den saioan, Antzuolako Kale edo Bale taldeak eta Oñatiko Tutelatraku eta Mikaela Mentu taldeak. Bakoitzak gura duen moduko agur "bereziarekin" ekingo dio saioari, – kantuan, dantzan...– eta ondoren, ofizio bat zortziko handian, bakarka, koplaka eta puntuka jardungo dute bertsotan.

Jon Mata: "Eskualdeko saioetako sarrerak dohainik dira; ea aretoak betetzea lortzen dugun"

Saio bakoitzeko talde irabazleak martxoaren 14an Antzuolako gaztetxean jokatuko du finala. "Saio guztietarako sarrera dohainik izango da; hortaz, mundu guztia gonbidatu gura dugu, ea aretoak betetzen ditugun", dio Jon Matak.

 

Debagoieneko bertso saioak

Lehenengo kanporaketa

Otsailaren 21ean, Bergarako gaztetxean, 19:00etan.

  • Leintz taldea Oihana Arana, Haizea Arana, Larraitz Trojaola, Ane Zuazubiskar eta Olatz Zuazubiskar.
  • Txinpartaka Urko Egaña, Aitor Tatiegi, Beñat Ormaetxea, Julen Irondo eta Josu Zubia.

Bigarren kanporaketa

Otsailaren 28an, Aretxabaletako Karmele Igartua aretoan, 19:00etan.

  • Kale edo bale Josue Madariaga, Txomin Alberdi, Alazne Jauregi, Jon Mata eta Aritz Kortabarria.
  • Tutelatraku Gontzal Belategi, Aritz Irigoien, Urko Arregi, Aritz Iza eta Enaitz Ibabe.
  • Mikaela Mentu Uxue Igartua, Lide Arregi, Maider Arregi, Mirari Sagarzazu eta Nerea Etxezarreta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak