Goi mailako 22 talde izango dira Bergaran amaituko den Itzuliko irteera puntuan

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 19a

Itzuliaren pasaera Gorlatik, 2021ean; aurten biritan igoko duten mendatea.

Gaur eman du Itzuliak, Bilboko irteeran egongo diren 22 taldeen berri. WorldTourreko lasterketa izanik, txirrindularitzako maila gorenean diharduten Hemezortzi taldek zuten proban parte hartzeko eskubidea, eta horietatik, hamaseik eman dute baiezkoa. Jayco-AlUla eta NSN Cycling Team dira egongo ez direnak. Bestetik, sei ProTeams talde gonbidatu ditu antolakuntzak; honakoak: Caja Rural-Seguros RGA, Burgos Burpellet BH, Kern Pharma taldea, Euskaltel-Euskadi, Cofidis eta Tudor Pro Cycling Team.

Apirilaren 6tik 11ra bitartean jokatuko da aurtengo Itzulia Basque Country, eta, jakina denez, azken etapa Antzuolako Goizperretik hasi eta Bergaran amaituko da. UCI WorldTourreko lasterketaren harira, irteeran egongo diren taldeen zerrendaren berri eman du antolakuntzak.

Guztira, 22 talde lehiatuko dira euskal proban. Haien artean, munduko txirrindularitzako kategoria goreneko hamasei talde egongo dira, Jayco-AlUla eta NSN Cycling Team izan ezik; Itzuliko edizio honetan parte hartuko ez dutela jakinarazi dutelako. Bi taldeek euren plaza zeukaten ziurtatuta WorldTourreko kideak izateagatik, baina Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) arau baten ondorioz, Itzulian izena ez ematea erabaki dute. Arau hori,  "UCIk egutegiari eta talde profesionalen partaidetza betebeharrei buruz dauzkan xedapenen barruan" dagoela adierazi du Itzuliko antolakuntzak.

Itzulian egongo dira horrenbestez, WorldTourreko honako talde hauek: UAE Team Emirates, Movistar Team, Soudal Quick-Step, Red Bull-BORA-hansgrohe, Lidl-Trek, Decathlon CMA CGM Team, Lotto-Intermarché, Uno-X Mobility, Bahrain-Victorious, EF Education-EasyPost, Groupama-FDJ, XDS Astana Team, Ineos Grenadiers, Alpecin-Premier Tech, Team Picnic PostNL eta Visma-Lease a Bike. 

Bestetik, honako sei ProTeams taldeak gonbidatu ditu Itzuliak: Caja Rural-Seguros RGA, Burgos Burpellet BH, Kern Pharma taldea, Euskaltel-Euskadi, Cofidis eta Tudor Pro Cycling Team.

Goi mailako txirrindulariak

Oraindik parte hartuko duten txirrindularien zerrenda ofiziala argitzera eman ez bada ere, Itzulian parte hartzekoak direnen geroz eta izen gehiago ageri dira. Hiru izen dira nabarmentzekoak: Isaac Del Toro –iaz Italiako Giroan bigarren gelditu zen mexikarra, Juan Ayuso –2024ko irabazlea–, eta Primoz Roglic –Itzulia birritan irabazi duen txirrindularia–.  Hala ere, garaipenaren lehian egon daitezkeen beste hainbatek ere eman dute euren presentziaren berri, hala nola; Paul Seixas, Mattias Skelmose, Tobias Halland Johannessen, Matthew Riccitello, Cian Uijtdebroeks edo Antonio Tiberi Itzuliko pelotoian izango dira ondo bidean. Euskaldunen artean ostera, Mikel Landa, Igor Arrieta, Alex Aranburu edo Ion Izagirre dira izen aipagarrienak. 

Sailkapen nagusia ez, baina etapa baten lehian egon daitezken txirrindularien zerrena ere luzea da: Clement Champoussin, Cristian Scaroni, Paul Lapeira, Aurelien Paret-Peintre, Magnus Cort, Thibau Nys, Julian Alaphilippe edo Ethan Hayter bigarren multzo horretan sartzekoak dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak