Egubakoitzean hasi ziren lehenengo zaparradak bailaran, –24,13 l/m² -ko pilatu ziren– eta Aratuste-zapatuan joera euritsuak jarraipena izan zuen. Esaterako, Arrasaten 55,9 litro pilatu ziren metro karratuko. Zapatuko egunak, 2025eko egunik euritsuena gainditu zuen Arrasaten; urtarrilaren 30a izan zen hura, eta 50,9 l/m² -ko bota zituen orduko hartan.
Domekan euriak atseden pixka bat eman zuen eta ia ez zuen euririk egin. Hala ere, astelehenean euria bueltan etorri zen, eta bailarako leku batzuetan zapatuan baino gehiago busti zuen. Aramaioko Etxaguen auzoan Aemetek duen estazioan adibidez, 72,8 l/m² -ko eregistratu ziren; egunotan erregistratu den kopururik handiena. Aramaion izan dira, hain zuzen, euriteak utzitako ondorio larrienak: Untzillan, haizeak errepide erdira bota ditu AHTren obretako eraikuntza kabinak, Etxaguen eta Gantzagako errepidetan ura irten da, eta hainbat luizi ere izan dira, besteak beste, Untzilla eta Zabola artean.
Ondorioz, metro karratuko ehun litro baino gehiago bota ditu egunotan bailarako txoko gehienetan. Hona hemen Aemet eta Euskalmetek Debagoienean dituen estazioek jasotako datuak:
| Eguna / Lekua | Arrasate | Aretxabaleta | Urkulu | Oñati | Elorregi | Aramaio | Elgeta | Aixola |
| Egubakoitza | 20,6 litro | 17,8 litro | 19,1 litro | 22,5 litro | 25,4 litro | 31,2 litro | 25,4 litro | 31 litro |
| Zapatua | 55,9 litro | 47,8 litro | 39 litro | 42,6 litro | 47,7 litro | 69,8 litro | 42,4 litro | 40 litro |
| Domeka | 1.1 litro | 0,6 litro | 0,5 litro | 0,5 litro | litro 1 | 2,6 litro | 2,2 litro | 3,1 litro |
| Astelehena | 38,9 litro | 30 litro | 30,7 litro | 37,3 litro | 46,2 litro | 72,8 litro | 60,4 litro | 60,7 litro |
| Martitzena | 5,3 litro | 6,8 litro | 5,9 litro | 5,9 litro | 8,6 litro | 13,6 litro | 11,2 litro | 10,2 litro |
Urtegiak egoera onean
Euriteen ondorioz, Urkuluko urtegiak goranzko joera nabarmena izan du, eta, gaur gaurkoz, %93,52ko betetze mailan kokatzen da; iaz, adibidez urtegia beteta zegoen. Bestalde, Aixola urtegia %100 beteta dago. Dena den, ohiko egoera da Aixolan urte sasoi honetan; iaz ere hala zegoen urtegia.
Asteburuan eguzkia
Gaur –otsailak 18– eta biharko ere euria dago iragarrita, baina ez zapatuan eta astelehenean bezain beste. Gainera, haize bolada zakarrak ere izan daitezke, eta Euskalmetek abisu horia aktibatu du leku irekietan. Ostiraletik aurrera ordea, eguraldiak egonkortzera egingo du eta udaberri giroa etorriko da gurera.