Puntua aldizkariaren 486. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Gaur egun dagoen Kirol Legea ez da berria, 2022koa da. Baina iazko uztailean onartu zuen Jaurlaritzak lege hori garatzen duen dekretua, eta horrek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideak arautzen ditu. Labur azalduta, legearen helburua da EAEn jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuan zerbitzu bat ematen duten pertsonen formazio maila bermatzea. Eta bada berrikuntzarik: Kirol Profesionalen Erregistro bat sortu dute. EAEn dauden 20.000 entrenatzaile, monitore eta kirol zuzendariek izena eman beharko dute bertan, 6.000 inguruk Gipuzkoan. "Erregistro hori aitzindaria da Estatuan, eta aukera emango du egiaztatzeko kirol-zerbitzuak ematen dituzten pertsonek badutela legez eskatutako prestakuntza eta gaikuntza profesionala", dio Jaurlaritzak. Hala, erabiltzaileek, klubek, ikastetxeek eta kirol-erakundeek profesionalen egoera kontsultatu dezakete erregistro horretan, euskadi.eus atarian. Bada, dekretua urtarrilaren 1a ezkero indarrean badago ere, Jaurlaritzak adierazi du 2026ko martxora bitartean Kultura eta Hizkuntza Politika Saila arduratuko dela zalantzak argitzeaz, eta sektoreko eragileei egokitze-prozesu horretan laguntzeaz.

Boluntarioen lanari esker
Kirol jarduera, baina, bai eskola mailakoa eta baita federazioek antolatutakoa, boluntarioen eskutik egin izan da urte askoan. Klub askotako entrenatzaile eta monitoreek musu-truk egindako lanari esker egin ahal izan dute kirola gazte askok, eta hori aldatzen dabil. Sektoreko zenbait adituk kirol arloko lanbideak arautzeko beharra ikusi dute, profesionalizazioaren beharra ikusi izan dute, neska-mutikoen heziketarako tresna baliagarria baita kirola, eta, kasu askotan, formazio gutxi baina laguntzeko gogoa zeukatenen eskuetan egon baita zeregin garrantzitsu hori. Bada, aurrerantzean gogoa izatea ez da nahikoa izango, ezinbestekoa izango da kirol zuzendari, entrenatzaile eta monitoreak ondo prestatuta egotea, izan ordainpeko lana edo boluntarioa. Eta horrek ezinegona sortu du klub askotako ordezkarien artean; diotenez, araudi berri horrek talka egiten du kluben errealitatearekin –bereziki, klub txikiena edo kirol minoritarioena–. Debagoieneko kirol klubetan entrenatzaile nagusiek titulua dute, federazioen bitartez jaso izan dute formazio hori, baina maila txikietan egoera bestelakoa da, gurasoen eskuetan baitago lan hori, edo talde nagusietan jokalari izatearekin batera talde gazteetan laguntzen dabiltzan gazteen eskuetan. Hala, legeak ez ditu boluntarioak baztertzen, haiendako lekua ere aitortzen du, baina ez ditu formazioa jasotzetik salbuesten. "Kontua da gure boluntarioei ezin diegula gehiagorik eskatu, nahikoa egiten dute. Eta geroago eta eskakizun gehiago baldin badituzte, utzi egingo dute egiten duten lana", diote klubetako ordezkariek.

"Sektorea duintzeko helburua"
Eusko Jaurlaritzak dio neurri honekin "sektorea duintzea" dela asmoa, "jarduera fisikoa egiten dutenen segurtasuna eta osasuna bermatzeko eta profesionalei zein herritarrei legezko ziurtasunak eskaintzeko". Eta horiek onartuta, Bergarako Kirol teknikari Iñaki Ugartebururen ustez, legeak eragin negatiboak ere izan ditzake zenbait klubetan: "Oraindik ez dugu bilera ofizialik egin Bergarako klubekin, baina badakit kezka badagoela, kategoria txikietan zailtasun handiak dituztelako entrenatzaileak eta monitoreak aurkitzeko. Gazte eta senior mailetan dabiltzan jokalariei eskatzen diete talde gazteagoen ardura hartzeko, edo gurasoei. Baina nik uste dut fokua apur bat zabaldu egin behar dela; lege horrek nahi duena da kirol lanbideetan ordena apur bat jarri, besteak beste, orain arte edonork jar zezakeelako gimnasio bat. Arau falta handia egon da, eta sektorea erregularizatu beharra zegoen. Baina egia da, klubetara etorrita, legea zorrotz betetzen hasten bagara batzuek zailtasunak izango dituztela; izan ere, boluntarioak desagertzen joango dira. Formazio horiek jasotzeak eskatzen du inbertsioa denboran, eta, zenbait kasutan, dirutan, eta denak ez dira prest egongo hori egiteko", dio Ugarteburuk. Hala, PUNTUA Debagoieneko zenbait klubetako presidente, kirol zuzendari, entrenatzaile eta monitoreekin izan da, euren egoera zein den ikusteko. Gaur egun, klub gutxik betetzen dute legedi berria %100ean.
"Lege honek arriskuan jar ditzake klub asko; bereziki, txikiak"

INES AZPIAZU
ARRASATE ESKUBALOI TALDEKO PRESIDENTEA
Arrasate Eskubaloi Taldeko presidente Ines Azpiazuk aitortu du lege horrek ekar lezakeenak asko arduratzen duela: "Talde asko entrenatzaile edo monitore gabe geratzeko arriskuan egongo dira, horiek lortzeko zailtasun handiekin gabiltza eta. Uste dut legearen alde egin dutenek ez dutela klub txiki askoren errealitatea ezagutzen".
%40k ez dute betetzen
Arrasateko taldearen egoeraren berri eman du Azpiazuk: "Gaur egun klubean ditugun entrenatzaileetatik %40k ez dituzte betetzen lege berriak eskatzen dituen prestakuntza-baldintzak; alegia, prestakuntza 2022ko ekainaren 30eko legea argitaratu ondoren egin zutenek. Izan ere, baldintza berriak aurrekoak baino askoz ere zorrotzagoak izango dira". Hala, entrenatzaile eta monitore orok derrigorrez izan beharko duen formazioaren harira, Azpiazuk uste du askok atzera egingo dutela: "Ikastaro horiek egiteak dedikazioa eskatzen du, orduak eskaintzea. Ulergarria da kirol ikasketak egin nahi dituen gazte batendako interesgarria izatea, etorkizunean entrenatzailea izan nahi duelako, esaterako... Haiek, akaso, animatuko dira formazio horiek egitera. Baina gure klubean jokalari asko ditugu talde txikiagoetan laguntzen, laguntzen, eta haiek ez dute kirol lanbideetan jardungo. Lege horrek, akaso, gaitasun ekonomikoa duten klub handiei ez die eragingo, baina gureak bezalako klub txikiagoak arriskuan egon daitezke, ez dugulako lan boluntarioa egiteko inor aurkituko".
"Klubetan soldatak jartzeak egiturak aldatzea eskatuko du"

IÑIGO LARRAÑAGA
BERGARAKO LOKATZA ZIKLISMO ESKOLAKO ENTRENATZAILEA
Lokatza Ziklismo Eskola harrobiko txirrindularitzaz arduratzen da, eta Iñigo Larrañaga eta Iker Sanchez dabiltza klubean izango diren 50 gazteekin lanean. Lan boluntarioa da, eta Federazioaren bitartez entrenatzaile tituluak atera dituzte. Orain, Jaurlaritzaren eskakizunetara egokitzeko lanetan dihardute. "Gizartea horrantz doa: lehen, baliabide gutxirekin egiten ziren gauzak, baina orain, dena dabil zorrozten. Lehen, entrenamenduak gurasoen eskuetan uzten ziren, eta gurean ez da arazorik egon, baina beste leku batzuetan bai. Umeekin dabilenak jakin behar du zertan dabilen. Bestalde, inoiz entzun behar izan dugu entrenatzaile moduan bizi nahi duen horri lana kentzen gabiltzala, baina lan horrek ordainpekoa izan beharko luke, eta egia da entrenatzaile izan nahi duena goragoko kategorietara begira dabilela, ez maila eskolarrera... Edozelan ere, egia da inork ez duela ingeleseko irakasle bat akademian debalde lanean imajinatzen, eta kirolean, aldiz, gertatzen da. Baina klubetan jendea soldatapean jartzeak talde askoren egituran aldaketak ekarriko ditu, eta hausnarketa hori egin beharko da: lagunez osatutako eta afari baten truke musu-truk lan egiteko gertu dagoen klub bat gara ala profesionalizatu egin behar dugu? Izan ere, klub guztiek ez dute horretarako gaitasunik. Bestalde, entrenatzaile edo monitore moduan ondo formatuta egotea eta lan boluntarioa egitea ez dira kontrajarriak; alegia, norberak izan behar du eguneratuta egoteko ardura".
"Gurasoon jakintza mugatua da gazteei pilotan ondo erakusteko"

PEDRO ITURBE
ANTZUOLAKO OLALDE PILOTA ELKARTEKO KIDEA
Pedro Iturbek onartu du lege horrek bultzatuta iritsi dela Olalde pilota elkartea gaur egun dagoen egoerara, eta entrenatzaileen eta monitoreen formazioaren beharra ikusten dute. Gaur egun, 35-40 pilotari inguru dituzte klubean. "Dena dela, uste dut oraindik federazioetatik ere ez dela mezua garbi iritsi, edo ez diotela behar besteko garrantzirik eman kontu horri, baina legeak markatzen duen bidetik jo beharko dugu". Hala, Antzuolako pilota elkarteko "monitoreen profila azken urteotara arte gurasoena" izan da. "Eta oraindik pilotari gazteenekin halaxe dihardugu, baina gurasoak konturatuta gaude gure jakintza ere mugatua dela, eta iristen da adin bat pilotari horri ezin diozuna ekarpen handiagorik egin. Eta, alde horretatik, zorte handia izan dugu klubean; izan ere, hausnarketa egin ondoren, etxeko bi pilotariri proposatu genien entrenatzaile lanetan hasteko, eta onartu egin zuten. Manex Balerdi eta Xabi Jauregi dira, eta lan polita egiten dabiltza. Haiek bai, entrenatzaile izateko titulua dute, eta klubeko gazteek beste modu batera egiten dute lan eurekin. Beste leku batzuetan enpresa pribatuekin hasi dira lanean, baina uste dugu Antzuola moduko herri batean giroa galduko litzatekeela.
Gurasoak ere formatzen
Bestalde, titulu ofizialik izan gabe ere hainbat guraso badabiltza Jaurlaritzatik jartzen dituzten kurtsoetan esku hartzen: "Sexu jazarpenaren gaineko ikastaroa jaso genuen, online, baina ez dakit jasotzeko modu hori eraginkorrena den...".
"Sektorea erregularizatzera dator legea, eta beharra zegoen"

SUSANA SANTOR
LEINTZ ESKOLA KIROLEKO KOORDINATZAILEA
Eskola kirolean makina bat monitore behar izaten dute, eta Susana Santorrek legea positibotzat hartzen badu ere onartzen du eurek ere zailtasunak izaten dituztela monitoreak topatzeko. "Gure alde dugu inguruan baditugula kirol hezkuntza zerbitzua eskaintzen dutenak, Huhezin, TAFYD ikasketak, GIKAI... eta bertako ikasleak monitore moduan kaptatzeko aukera izan dugu, baina gaur egun eskola kirolean monitore jarduteko MADE (Eskola Kiroleko Monitore Laguntzailea) ikastaroa egin behar da. Ikastaro horrekin ez da titulu bat lortzen, baina Kirol Lanbideen Legearen ezarpenaren trantsiziorako onartzen den habilitazioa da. Seguru nago klubetan ere monitoreak aurkitzeko zailtasunak izango dituztela".
Intrusismoa mugatu
Santorrek uste du kirolaren bueltan dagoen intrusismoa mugatuko duela legeak, eta ordena apur bat jarriko duela. "Erregulatu egiten du eginkizun bakoitzerako pertsona bakoitzak zer titulazio behar duen, eta beharrezkoa zen hori. Nik uste dut haurrekin lanean ari garenean ezagutza batzuk izatea oso garrantzitsua dela, ume horien garapen maila zein den jakin, ariketak zelan egokitu behar diren, umeei berba zelan egin behar diegun, euren arteko gatazkak zelan kudeatu behar diren... Horrekin ez nabil esaten titulu batekin hori guztia ondo egingo dugunik, baina oinarri bat behar da. Eta nik uste dut gazteekin lan egin behar duen horrek ere eskertzen duela formazio hori jasotzea, lana behar den moduan egiteko".
"Bulegoetatik oso erraz ikusten da dena; errealitatea beste bat da"

AGURTZANE ELKORO
ARETXABALETAKO UDA KIROL ELKARTEKO PRESIDENTEA
UDAk, besteak beste, pilota, karate eta futbol sailak ditu bere baitan, baina bereziki azken horrek mugiarazten du jende kopuru handiena. Eta bertako presidente Agurtzane Elkorok ondo daki denboraldi bakoitza hasten denean zer-nolako zailtasunak izaten dituzten entrenatzaile eta monitoreak aurkitzeko. "Lege horren aurrean esango dut gauza bat dela ideala zer den, eta beste bat, errealitateak zer erakusten duen. Eta, batzuetan, pentsatzen dut halako erabakiak Gasteizko bulego batetik erraztasun handiz hartzen direla, baina ez dakit lagun horiek egon diren benetan klubetako egunerokoa zein den ikusten. Guztira 44 entrenatzaile eta monitore izango ditugu UDAn, nik neuk alebinetako neskekin entrenatzaile lanak egiten ditut, eta kopuru horretatik erdiak izango du entrenatzaile titulua edo formazioa. Hala, guk klubetik animatzen ditugu formazioa hartzera, ikastaroak hartzera, klubak bere gain hartzen ditu gastu horiek, lau urtez taldean egoteko konpromisoarekin, kirol jarduera batzuetako tituluak garestiak direlako, baina boluntario laguntzera datorren guraso edo gazte horri ezin diogu gehiagorik eskatu, nahikoa egiten dute aste barruko entrenamendu eta asteburuko partiduekin; hori da errealitatea".
Pertsonak hezten
Neska-mutikoekin egiten duten lanak duen balioa nabarmentzen du Elkorok: "20 urtean behin iritsiko da jokalari bat elitera; gainontzean, pertsonak hezten gabiltza, balioak ematen kirolaren bitartez. Baina oso laguntza gutxirekin".
"Gurasoen figura desagertu egingo zela uste nuen; behar ditugu"

IÑAKI OGARA
ARRASATEKO OINTXE! SASKIBALOI KLUBEKO KIROL ZUZENDARIA
Iñaki Ogara Arri entrenatzaile gasteiztarra 2012an iritsi zen Ointxe! klubera. Lehenengo urteetan harrobiko taldeekin lanean ibili eta gero, 2017an hartu zuen MUko talde nagusiaren ardura, Josu Larreategi ordezkatuz, eta gaur egun kirol zuzendari lanetan dihardu. Ondo ezagutzen du kluben errealitatea: "Esango nuke Ointxek egitura semiprofesionala daukala. Senior mailako mutilak iaz arte FEBeko hirugarren mailan egon dira, neskak LF2 kategorian daude, eta hor jarduteko entrenatzaileek tituluak behar dituzte. Eta harrobian denetarik dugu: entrenatzaile batzuek tituluak dituzte, baina badira titulu gabekoak ere. Federazioak horrela jarduteko aukera ematen du, kanon bat ordaintzearen truke. Hona iritsi nintzenean uste nuen guraso entrenatzaileen profila baztertzen joan behar ginela, baina kopurua handitzen doa, ez dugulako alternatibarik".
Gaur egun entrenatzaile izateko oinarrizko titulua ateratzeko urtebeteko kurtsoa egin behar da. "Eta nork egiten du hori? Gu bezalako lau zorok, baina ez gehiagok. Badugu klubean TAFYD ikasketak egiten dabiltzan jokalari gazteak, eta entrenatzaile dabiltza. Pentsa zer den halako gazte batendako urtebeteko kurtso batean izena ematea: jokalaria denez, entrenamenduak eta partiduak ditu; entrenatzailea denez, beste horrenbeste; horrekin batera, ikasketak egiten dabil... eta saskibaloiko kurtsoa egiteko prest egongo da? 50 eta 80 euro bitartean kobratzen dabiltzanei zelan eskatuko diegu halako zerbait?".
"Entrenatzaile izateko eskolak online eta presentzialak izan dira"

AINHIZE SANCHEZ
ARIZMENDIKO BOLEIBOL ELKARTEKO ENTRENATZAILEA
Ainhize Sanchez Arizmendiko boleibol taldeko jokalaria da, baina baita kadete mailako nesken taldeko entrenatzailea ere. Iaz titulazio gabe egin zituen entrenatzaile lanak, sos batzuk irabazteko animatu zen talde bat entrenatzen hastera, klubean beharra zegoelako, baina aurten lehenengo mailako entrenatzaile titulua atera behar izan du. "Irakasle izateko ikasten nabil Huhezin, eta boleiboleko entrenatzaile izatea ere bada gazteekin esperientzia hartzen joateko modu bat. Azken baten, jokalariekin psikologo lanak egin behar ditugu, eurekin berba egin, gatazkak daudenean konpontzen saiatu... Oso gustura nabil neskekin. Egia esan, lagunekin egotearren hasi nintzen duela lauzpabost urte boleibolean jokatzen; orduan kirolak ez ninduen askorik erakartzen, eta begira, entrenatzaile amaitu dut, harrapatu egin nau honek".
Hilabete inguru behar izan du ikastaroa egiteko: "50 ordu inguru izango ziren, ez dut gogoan. Ikasgai batzuk errazak ziren, esperientzia daukadalako boleibolean, baina lehen sorospenak ere ikasi behar izan ditugu. Eskolak online eta asteburuetan presentzialak egin ditugu".
Irakasle izateko ikasten
Unibertsitatean hasi berri, oraindik ez daki zertan espezializatuko den. "Imajinatzen dut beste ikasketa batzuk egin izan banitu ere berdin aterako nukeela entrenatzaile titulua, gustatzen zaidalako entrenatzaile lana. Esfortzu apur bat egin behar da, baina titulu bat inoiz ez dago soberan".
"Maila guztietan taldeak izateko entrenatzaile falta izango dugu"

NARCISO PAVO
ESKORIATZA ARETO FUTBOLEKO ENTRENATZAILEA
Narciso Pavo, Eskoriatzako areto futboleko bultzatzaileetako bat izateaz batera, Espainiako areto futboleko entrenatzaileen elkarteko ordezkaria ere bada. Pasioz bizi du areto futbola. "Gaur egun, atezain entrenatzaile izateko titulua ateratzen nabil, baina onartu behar dut asko gustatzen bazait ere nekagarria dela; Iruñera joan behar izaten dut asteburuetan", dio eskoriatzarrak. "Ez da erraza legedi berriak eskatzen duena betetzea; gauzak diren bezala. Eskoriatzako areto futbolean guztira bost talde ditugu, eta bertan dihardugun entrenatzaile eta monitore guztiek maila askotariko tituluak ditugu, edo horiek ateratzeko prestatzen gabiltza. Baina sei lagun inguru izango gara klubean taldeekin lanean, eskola mailakoekin... Eta egia esan behar badizut, gu ez gauden egunean ez dakit erreleborik egongo den. Esaterako, datorren urterako infantil eta gazte mailetako talde bana atera nahi dugu, horrela Eskoriatzak kategoria guztietan talde bana izango du, eta badakit bi talde horiek zuzentzeko entrenatzaileak aurkitzea kosta egingo zaigula; seguruenik, gaudenon artean banatu beharko ditugula lanak. Betiko lau zoroak gabiltza hemen".
Pavok badaki klubek ze muga dituzten. "Eta Federazioan nagoenean eta klubei hau eta bestea eskatu behar zaiela entzuten dudanean, lasaitzeko esaten diet, ondo dakidalako zein den gurea moduko kluben egoera; bereziki, areto futbola bezalako kirol jarduera batean. Akaso, dirua dagoen beste kirol jarduera batzuetan, batek daki, baina areto futbolean...".