Familiak

Guraso bakarreko 101.050 familia daude EAEn, eta lehen aldiz aitortu ditu legeak

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko urtarrilaren 30a

Gurasoak eta haurrak, Monterron parkean.

Familiak, aldaketen erdigunean: familia-etxeen argazki eta politika berriak.

Familiak izan dira asteon Goiena telebistako Datuetatik tiraka saioan hizpide. Gizartearen oinarrizko zutabeetako bat dira familiak, baina eraldaketa betean daude. Askotarikoak dira eta errealitate sozialaren isla berria marrazten ari dira, eta, ohiko eredutik aldenduta, pertsona bakarreko etxeak dira gaur Euskal Autonomia Erkidegoko ugarienak. Testuinguru hori datuen bidez aztertzeko, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak lau urtean behin egiten duen Euskal Familien eta Familia Etxeetako Inkesta hartu da oinarri. 2023koa da azkena: EAE osoko 3.000 etxebizitza inguruko lagina du, hamaika eskualdetan banatuta; tartean, Debagoiena. Xabier Legarreta Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuordeak azaldu duenez, familia-eredua aldatzen ari da: gero eta familia txikiagoak daude, pertsona bakarreko etxe gehiago, eta guraso bakarreko familiak ere ugariagoak dira.

Azken neurketarekin alderatuta, guraso bakarreko 17.000 familia gehiago daude EAE-n

290.000 familia-etxetan, bakarrik bizi den pertsona bat dago. Etxe bat osatzeko bigarren joera ohikoena seme-alabak dituzten bikoteez osatutako familiak –familia nuklearrak– dira, 289.000 ingururekin. Ondoren datoz seme-alabarik gabeko bikoteak, 203.000 etxebizitzatan, eta laugarren postuan kokatzen dira guraso bakarreko familiak, 101.000 ingururekin. Joera aldaketak izan dira aurreko neurketarekin alderatuta: gora egin dute pertsona bakarreko etxeek, 27.000 gehiago dira, eta 17.000 guraso bakarreko familia gehiago daude. Gainerako familia mota guztiek, berriz, pisua galdu dute. Xabier Lizarragak azaldu du familiak eta bizitzeko eta zaintzeko moduak aldatu egin direla, eta, horrenbestez, administrazioak argazki berri horri erantzun behar diola. 

Guraso bakarren dekretu berria

Urte berriaren sarrerarekin, Eusko Jaurlaritzak guraso bakarreko familien dekretu berria jarri zuen indarrean, eta familia mota horren errealitatea aitortu. Ez dago guraso bakarra izateko modu bakarra, eta horixe da dekretuaren abiapuntuetako bat, guraso bakarrak direnak eta guraso bakar egoeran daudenak onartzen baititu legearen baitan. "EAEn lehen aldiz esan dezakegu familia mota hori legez onartzen dela", azpimarratu du Legarretak. Aurrekaririk gabeko araudi horrek eskubide zehatzak bermatuko dizkie familia horiei, baita dirulaguntzak ere. 

Seme-alabadun familia nuklearrak baino pertsona bakarreko familia-etxe gehiago daude

Dekretuaren helburua, ordea, harago doa: kontziliazioan legezko zoru bat ezarri nahi du, aurrerantzean guraso bakarreko familien bizimodua erraztuko duten neurriak garatzeko oinarri gisa. Genero arrakala mahai gainera ekarriz, familia mota horren %80 emakumeek osatzen dute; kontziliazioari begira, bikoiztu egin dira lan jardunaren eteteak, eta hor ere %80 emakumeak dira.

V. Plana otsailean onartuko da

Testuinguru horretan sortu da 2025-2030 Familia, Haur eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko V. Plana, datorren hilean, otsailaren 17an, Gobernu Kontseiluak onartuko duena. Planak lanaren eta familiaren arteko bateragarritasuna hobetzea, gurasotasun positiboa sustatzea eta talde kalteberei arreta berezia ematea du helburu. Legarretaren arabera, plana ez da neurri-zerrenda hutsa, baizik eta marko politiko eta gizarte moduan norabide bat: "Ez dio familia ideal bati begiratzen; EAE errealari erreparatzen dion plana da". Politika publikoak ordenatzeko, lehentasunak markatzeko eta sailen arteko koherentzia emateko tresna gisa ulertzen da. Bizitza-ziklo osoari begiratzen dio, gainera: gazteen emantzipaziotik hasi, eta familia-proiektu eta zaintza-egoeretaraino. 

Erronka demografikoa nagusi

V. Plana gizarteak daukan erronka nagusietako batekin lotzen da: demografikoarekin. Sailburuordeak azaldu du kate luze baten ondorioetako bat dela: "Gazte askok ezin dute nahi duten unean emantzipatu, eta horrek bizitza-proiektuak atzeratzen ditu". Lan-merkatuan, ongizate-sisteman eta zaintzaren antolaketan eragiten du. Bestalde, azaldu du zaintzaren ardura familia barruan pilatzen dela, eta gehienetan emakumeen gain, eta horrek bigarrenez uzten du agerian genero-arrakala. Horregatik, erronka ez da familia bakoitzarena soilik, gizarte osoarena baizik, eta komunitatearen ikuspegia "funtsezkoa" da. Legarretak argi dauka: "Familiei laguntzea ez da gastua, gizarte-kohesioa indartzeko eta etorkizuna eraikitzeko tresna baizik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak