Puntua aldizkariaren 483. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Herri bat, gaztetxe bat aldarrikapenak bizirik dirau gaur egun Debagoienean; gazteek era autonomoan kudeatzen dituzten guneak beharrezko izaten jarraitzen dute oraindik ere. Horren adibide dira 2025eko abenduaren 13an ireki zen Aramaioko RK gaztetxea eta 2025eko udan Bergaran sortu zen Ziega Gazte Asanblada. Bi albiste horiek aitzakia hartuta, gaztetxeetara eta gazte asanbladetara jo du PUNTUAk, gaur egun bizi duten egoeraren eta etorkizunerako duten asmoen berri jakiteko.
Arrasate: hirugarrenak urte gehien
Hiru gaztetxe izan ditu Arrasatek: Gurea zinema zena, ospitale zaharrekoa eta 2003a ezkero martxan dagoen Uarkape frontoiaren ondokoa. Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuak (AGAKO) kudeatzen du egungo gaztetxea, eta, bertako kide Gorka Etxaberen arabera, "mugimendu handia" dago: "Asanbladara edonor etor daiteke proposamenak egitera edota bertan parte hartzera; konpromisoa agertzen duen edonor izango da ondoetorria. Gainera, asanbladaz harago, badira gaztetxearen parte diren beste eragile batzuk, eta haiek bizitasun handia ematen diote. Bereziki kultura arloan ezinbesteko gunea da gaztetxea Arrasaterentzat, eta asanbladatik nahiko genuke arlo politikoan ere gazteentzat erreferentziazko gune bihurtzea; aurrera begira gure lehentasunetako bat da".
"GAZTETXEA ARRASATERENTZAT BIHOTZA IZATEA NAHIKO GENUKE, POLITIKOKI ZEIN KULTURALKI"
GORKA ETXABE, AGAKO (ARRASATE)
Hori bai, Etxaberen arabera, 22 urte martxan daramatzan eraikina "oso egoera kaskarrean" dago: "Egunerokoa guk kudeatzen dugu, baina eraikina Udalarena da, eta, beraz, mantentze-lan nagusien ardura ere bai. Azken bi urteotan, bereziki, lan handia egin dugu mantentzean, baina mendira itsatsita dagoen paretatik ur-filtrazio handiak ditugu. Gaztetxea, egitura aldetik, gaizki eraiki zen hasieratik. Gaztetxe duina eta txukuna nahi badugu, esku-hartze sakonagoa beharko litzateke; oraingoz, ez dugu akordiorik lortu Udalarekin". Etorkizunera begira, gazteengan politikarekiko interesa piztea dute begiz jota: "Gaztetxea Arrasaterentzat bihotza izatea nahiko genuke, politikoki zein kulturalki, ahaztu barik arrasatearren bizitzak alaitzea eta gaztetxea borrokarako gune bat izatea ere badela gure helburuetako bat". Asanbladak egubakoitzero egiten dituzte, 20:00etan.
Bergara: Ziega, kartzelako odol berria
2000ko ekainean ireki zuten Bergarako gaztetxea, gaur egun kartzela zaharra dena. 25 urte hauetan izan dira hainbat asanblada, baina urte batzuk izan dira asanbladarik gabe; horregatik sortu zuten Kartzela Zaharreko Koordinadora (KZK), gune autogestionatuaren erabiltzaileak koordinatzeko. Hala ere, 2025eko udan Ziega Gazte Asanblada sortu zen, gazte belaunaldi berri baten eskutik. Gazte horietako bat da Auritz Loidi: "20 bat lagun gara Ziegan modu aktiboan ari garenak, baina inguruan badaude gazte gehiago". Urtebete ez dute egin, eta, oraingoz, ilusioz gainezka eta gogotsu daude etorkizunera begira. "Erabaki asko daude oraindik hartzeke, horretan dihardugu. Izan ere, gogotsu gaude ekintzak antolatzeko, baina gure ideiak antolatzeko tarte bat behar dugu. 2026rako lehentasunak izango dira Ziegaren helburuak definitzea eta hileroko gutxieneko egitarau bat bermatzea".
"EKINTZAK ANTOLATZEKO GOGOTSU GAUDE; BETIERE, ZIEGAREN HELBURUAK ONDO DEFINITU OSTEAN"
AURITZ LOIDI, ZIEGA GAZTE ASANBLADA (BERGARA)

Oñati: 'gaztetxe' hitzaren asmatzaileak
Egun martxan dagoen Antixena aintzat hartuta, Oñatik lau gaztetxe izan ditu. Lehena Olaitturriko gaztetxea izan zen, 1982an ireki eta 1986an Udalak eraistea agindu zuena. Hain zuzen ere, 1982an asmatu zuten gaztetxe hitza Olaitturriko gune autogestionatua izendatzeko. Baina nondik dator izena? Oñatiko gazte talde baten ikerketa baten arabera, pastel-kolorez margotu zuten lokala orduko gazteek, eta, umore tonuan, pasteletxe deitzen zioten, harik eta Salamancan bizi izan zen oñatiar batek galdutako euskara berreskuratzeko euskaltegira joan eta, pasteletxe eta gaztetxe hitzak fonetikoki antzerakoak zirela eta, irakasleari gaztetxe hitza zuzena ote zen galdetu zion arte; irakasleak zuzena zela esan, eta horrela geratu zen gaztetxe hitza. Gutxira hedatu zen termino berria Euskal Herri osora. Oñatira itzulita, 1986tik 2005era ez zen gaztetxerik izan, eta herriko gazteek gaztelekua erabiltzen zuten ekintzak antolatzeko.
"GERO ETA GUTXIAGO ELKARTZEN GARA; ETORKIZUNERAKO GURE ASMOETAKO BAT ASANBLADA BIZIBERRITZEA DA"
LIDE ARREGI, ANTIXENA GAZTETXEKO ASANBLADA (OÑATI)
Baina gaur egungo Antixena gaztetxeko asanbladako kide Lide Arregiren arabera, gaztetxearen beharra egon bazegoen orduan ere: "Hutsunea bete nahian, kalean antolatzen hasi eta 2005eko uztailean Kasablankako gaztetxea okupatu zuten, baina urte hartako azaroan Udalak berriz ere gaztetxea botatzea erabaki zuen. Geroago, 2008an, Udalak San Martingo ermita utzi zuen gazteen eskuetan, borroka luze baten ostean, baina, eraikinaren egoera ez zenez behar besteko ona, 2012an okupatu zen gaur egungo Antixena gaztetxea". Aurten 14 urte beteko dituen Antixena eraikinaren egoera "oso ona" dela dio Arregik: "Azken hilabeteetan, gainera, leihoak eta atea berritu egin dituzte; eraikinari dagokionez, ez dugu behar handirik". Hori bai, nahiko lukete gazte oñatiar gehiago batzea asanbladara: "Azken urteetan bereziki nabaritu dugu gazte gehiagoren beharra; gaztetxea txukun mantentzeko auzolanetan, esaterako, gero eta jende gutxiago elkartzen gara. Etorkizunerako gure asmo handienetako bat asanblada bera biziberritu eta jende berria erakartzea izango da". Egubakoitzero elkartzen dira, Antixenean bertan, 18:00etan.

Aretxabaleta: batasun nahikorik ez
Aretxabaletan ez dago gaztetxerik, eta ezta, gaur-gaurkoz, gazteen arteko batasun nahikorik; 2025eko andramaixetan, adibidez, egitarau ezberdinak antolatu zituzten Atxabaltako Gazte Mugimenduak eta Gu Geu Atxabaltak. 2026ko jaietara begira elkarrizketetan murgilduta daude, "unean uneko gaiak lantzen". Gaztetxea okupatzeko azken saiakera 2022ko abenduaren 10ean izan zen, Durana kaleko Eroski zaharrean; honela gogoratzen du egun hura Atxabaltako Gazte Mugimenduko Peio Uribetxeberriak: "Ilusio handiz bizi izan genuen egun hura, jende asko etorri zen eta babes handia sentitu genuen gazteen eta, oro har, herritarren partetik. Hala ere, hurrengo egunetan gaztetxea hormatu egin zuten. Erantzun gisa, mobilizazioa deitu genuen abenduaren 26rako, eta oso jendetsua izan zen; indar handiz adierazi genuen Aretxabaletan gaztetxe baten beharra zegoela". Gaztetxearen aldeko olatua, baina, ez dago egun orduko egoeran: "Orain bertan ez dugu aurreikusten espazio bat irekitzeko aukerarik. Dena den, etorkizunean baldintzak sortzen badira edo aukera berriren bat sortzen bada, momentuko beharrei erreparatu eta egoera baloratuko dugu".
"EZ DUGU IKUSTEN ESPAZIO BATERAKO AUKERARIK; ETORKIZUNEAN BALDINTZAK SORTZEN BADIRA, BALORATUKO DUGU"
PEIO URIBETXEBERRIA, GAZTE MUGIMENDUA (ARETXABALETA)
Eskoriatza: gaztetxea bai, baina ez orain
Eskoriatzan, pasatu dira ia bi hamarkada gaur egungo Zaldibar antzokia denaren lekuan gaztetxea betirako itxi zenetik; orduko EsGA – Eskoitzako Gazte Asanbladia– ahuldu eta proiektuak ez zuen aurrera egin. Gaztetxerik ez, baina Itzartu Gazte Asanblada martxan dago, eta aurrera egiteko gogotsu, Leire Lezetaren eta Garazi Iglesiasen arabera: "2022ko udazkenean sortu genuen Itzartu, ordukoa da lehen asanblada irekia. Hainbat hutsune sumatu genituen herrian gazteoi begira; gazte askok ez genuen bizitza herrian egiten, aisialdirako eskaintzaren eta espazio faltaren ondorioz. Belaunaldien artean komunikazio eta ezagutza falta ere igarri genuen, eta euskararen egoera eskasari buelta emateko beharra sentitu genuen". Gaur egun hogei bat kide dira eta hilean pare bat bider elkartu ohi dira, unean uneko beharren arabera maizago elkartzeko prestutasunarekin. Egubakoitzetan elkartzen dira, normalean, kanpoan ikasten diharduten kideak daude eta: "Asanbladetara ahal dugunok etortzen gara, eta kopurua aldakorra izaten da. Bertan landu nahi dugun gaiaren inguruan hausnartzen dugu, nork bere ideiak bota eta horiek guztiak akta batean jasotzen ditugu. Osasuntsu gaude, urte batzuk daramatzatenak eta berriak elkarlanean".
"INDARRAK BATZEA ETA GAZTEEN BENETAKO SARETZE BAT BERMATZEA DA AURRERA BEGIRAKO GURE LEHENTASUNA"
LEIRE LEZETA ETA GARAZI IGLESIAS, ITZARTU (ESKORIATZA)
Gainera, gaztetxea Itzarturen "helburuetako bat" izan behar dela sinistuta ere, indarrak batzean jartzen dute arreta bereziki Lezetak eta Iglesiasek: "Ez dugu oraindik gaztetxe bat izateko gaitasunik ikusten herrian, gure helburuetako bat den arren. Indarrak batzea eta gazte belaunaldien benetako saretze bat bermatzea da gure lehentasuna; betiere, gure jardunaren oinarria autogestioa izanda. Batzeko lan honek fruituak emanez gero, baloratuko genuke gaztetxe baten beharra; oraingoz, dugun lokalarekin moldatzen gara". Diotenez, Udalarekin harremana ona da, oro har. 2026ra begira Itzartura kide berriak erakartzea izango da erronka garrantzitsuena: "Bagara batzuk, baina iruditzen zaigu kide gehiago izatea beharrezkoa dela asanblada osasuntsu egon dadin. Horrez gain, barrura zein herrira begira aktibo mantentzeko helburua ere jarri dugu, hilean edo, gehienez, bi hilean behin ekintzak antolatzeko. Itzarturen helburu nagusienetako bat gazteon antolakuntzarekin autogestioaren ideia hedatzea eta zabaltzea da; eta, horrez gain, balio euskaltzale, feminista, abertzale eta ezkertiarrak aldarrikatzea". Amaitzeko, aretxabaletarrak xaxatu nahi dituzte: "Jakin dezatela olinpiadak prestatzen hasiak garela!".

Antzuola: gaztetxea, herriari zabalik
Garai bateko anbulatorioa da gaur egun Antzuolako gaztetxea. Eta, atzera eginda, hiru gaztetxe izan dira Antzuolan: 2000. urtera arte maristetan, ondoren Eperra pareko behinbehineko lokalean eta azken hamabost urteotan anbulatorio zaharrean. Gaur egun, Antzuolako Gazte Asanbladan dozena bat gazte elkartzen dira, eta, bertako kide Mikel Arregiren arabera, "gustura" ari dira lanean: "Ekimenak aurrera ateratzen ditugu, gutxienez. Nahi duenak aukera du gaztetxera hurbildu eta asanbladan parte hartzeko". Gaztetxeaz harago ere saiatzen dira herriko egun berezietan ere eragile aktibo izaten –Antzuolako 8 Miliak mendi lasterketa, kasu–.
"GUNE AUTOGESTIONATUEN AURKAKO OLDARRALDIA EZ DA ANTZUOLARA HELDU; SEGI DEZAGUN GAUR ARTE BEZALA!"
MIKEL ARREGI, ANTZUOLAKO GAZTETXEKO ASANBLADA
2025eko uda amaieran, erabiltzen ez zen igogailua kendu eta arrapala eraiki zuen Antzuolako Udalak, materiala mugitzeko ez ezik mugikortasun arazoak dituztenendako ere baliagarria dena; arrapalaren azpialdea, gainera, gaztetxeko biltegi moduan erabiltzeko ere egokitu zuten –35.623 euro inbertitu zuen Udalak lan hartan–. Gaztetxekoak "oso gustura" daude arrapalarekin: "Orain, edozein etor daiteke gaztetxeko ekintzetan parte hartzera. Udalarekin harremana ona da; hau da, euren eskaerak iristen zaizkigu eta gureak iristen zaizkie. Gaur egun, Euskal Herriko gaztetxeen eta gune autogestionatuen aurkako oldarraldia dago, juridikoa eta instituzio batzuetatik bideratutako oldarraldi politikoa; Antzuolan ez da halakorik gertatu... Beraz, segi dezagun gaur arte bezala!". Urtarrilaren 9ko Ines Osinagaren kontzertua izan dute azken ekintza, eta badatoz gehiago: urtarrilaren 24an, adibidez, Babesgabe, Hankaz Gora eta Degeneracion Rock taldeen kontzertuak izango dituzte.

Aramaioko RK gaztetxea, irekitzen azkena
Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladaren (ATGA) eskutik 2025eko abenduaren 13an ireki zuten RK gaztetxea: "Kostatu da, baina RK gaztetxea ireki dugu; Udalaren partetik batzuetan lagunduak sentitu gara eta beste batzuetan ez horrenbeste. Eraikina abuztuan eman ziguten eta gure ardura izan da lokala garbitzea, berrantolatzea eta margotzea. Ez da berria, baina eraikina ez dago gaizki. Oso gogotsu gaude urte berrirako, eskaintza kultural eta politikoa eman nahi dugu; autodefentsa tailerra, kafe tertulia... Asanblada irekia osatuko dugu, herriaren beharrak zeintzuk diren ikusteko, argi dugu-eta RK gaztetxea herriarentzat izan behar dela. Ez da prozesu erraza izan Aramaion gaztetxea irekitzea, baina ikusten genuen hutsunea betetzeko egindako lan handiak mereziko duela uste dugu". Egubakoitzero elkartzen dira, 22:00etan.
"OSO GOGOTSU GAUDE URTE BERRIAREKIN ESKAINTZA KULTURAL ETA POLITIKO BERRIA ESKAINTZEKO"
JUNE BALLESTEROS, ARAMAIXO TROPIKALEKO GAZTE ASANBLADA

ARRASATEN, BERGARAN, OÑATIN, ANTZUOLAN ETA ARAMAION DAUDE GAZTETXEAK MARTXAN DEBAGOIENEAN; GAINERAKOETAN GAZTE LOKALAK DAUDE
Elgeta eta Leintz Gatzaga: gazte lokalak
Elgetak ez du gaztetxerik, baina asanblada martxan dago. "2026rako gure lehen helburua gazte berriak erakartzea da. Gaztetxea behar dugu; orain bertan beste talde batzuekin partekatzen dugun lokal bat dugu kultura etxean, baina bertan ezin ditugu nahi ditugun ekimenak garatu", adierazi du Elgetako Gazte Asanbladako Leire Belamendiak. Azkenik, Leintz Gatzagan, 2014an sortutako Gatza City Krew gazte taldea dago, besteak beste, maiatzerako Makilakorta jaialdia antolatzen duena. Gaztetxerik ez dute, baina lokala bai, gimnasio berriaren ondoan.
"GAZTETXEA BEHAR DUGU, KULTURA ETXEKO LOKALAREKIN EZIN DITUGULAKO NAHI DITUGUN EKIMENAK GARATU" LEIRE BELAMENDIA, ELGETAKO GAZTE ASANBLADA
Debagoieneko gaztetxeak eta gazte asanbladak, herriz herri
- Arrasate. Arrasateko gaztetxea kudeatzen du Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuak (AGAKO).
- Bergara. Kartzela zaharra kudeatzen du Kartzela Zaharreko Koordinadorak (KZK); eragileetako bat da 2025eko udan sortutako Ziega Gazte Asanblada.
- Oñati. Antixena gaztetxea bertako asanbladak kudeatzen du.
- Aretxabaleta. Gaztetxea okupatzeko azken saiakera 2022ko abenduaren 10ean egin zen. Atxabaltako Gazte Mugimendua eta Gu Geu Atxabalta taldeak daude egun.
- Eskoriatza. Gaztetxerik ez, gazte lokala bai; Itzartu Gazte Asanblada 2022ko udazkenean sortu zen.
- Antzuola. Gaztetxea asanbladak kudeatzen du.
- Aramaio. RK gaztetxea 2025eko abenduaren 13an ireki zuten; Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak (ATGA) kudeatzen du.
- Elgeta. Gaztetxerik ez dago, asanblada bai.
- Leintz Gatzaga Gaztetxerik ez, gazte lokala bai – gimnasio berria dagon eraikinaren alboko gela batean–; Gatza City Krew gazte taldea dago.
