Ane Elordi Alburquerque: "Debagoiena eskualde jendetsua da eta harrera ona egiten dio Korrikari"

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko urtarrilaren 9a

Datorren martxoaren 28an, petoa jantzita eta lekukoari so, Debagoiena euskararen aldeko lasterketa erraldoira batuko da. Hamaika egunez etenik gabe egingo den Korrikako koordinatzailea izango da, bigarrenez, Ane Elordi Alburquerque (Zornotza, 1991). 

24. Korrika da; beharra dago halako ekimenetarako? Azaroaren 29an, 45 urte bete ziren lehenengo Korrika abiatu zenetik. Ordutik aldarrikapen bera egiten jarraitzen dugu: euskararen sustapenerako beharra dago. Jendarteak behar du Korrika moduko bizigarri bat, euskalduntzearen garrantzia eta euskara bera lehen lerrora ekarri eta ekiten jarraitzeko.

Une erabakigarria da euskararentzat. Oldarraldi batean bizi gara euskaldunok. Azaroaren erdialdean Euskara gara leloa kaleratu genuen, eta sentitzen dugu ziklo baten barruan kokatzen dela 24. Korrika. Jendea kontzientziatzen ari da eta Pizkunde baten beharra dagoela ohartarazi da. Abenduan Miribilla bete genuen, ekainean beste hitz ordu bat dugu Iruñean... beharrezkoak dira horrelako ekimenak; baita Korrika ere.

Zein garrantzi du Debagoienak Korrikan? Eskualde bakoitzak bere berezitasunak ditu. Debagoiena eskualde handia da, Korrikari harrera oso ona egin diona urteetan zehar. Batzuetan ez da erraza herri guztietatik igarotzea, baina saiatzen gara ahalik eta gehienetatik pasatzen; Aramaio eta Elgeta gelditu dira kanpoan. Aurten Oñatitik ere pasako da ibilbidea; hori beti da berri pozgarria guztiontzat.

"Aurten Oñatitik ere pasako da ibilbidea; hori beti da berri pozgarria guztiontzat"

Sartu-irtena egingo duzue Oñatin; salbuespena da? Oñati beti izan da berezia Korrikarentzat, bertan hasi baitzen. Normalean, irizpideetako bat da joan-etorriak ekiditea, kilometro asko galtzen direlako tartean, baina, batzuetan, herri jakin batzuetara iristeko, ez da beste aukerarik gelditzen. Euskararen alde eta Korrikaren alde babesa erakusten diguten horiengatik egin izan dira salbuespenak, eta hala egingo da Oñatirengatik aurten.

Herri batzordeak martxan; zein eginkizun dute? Korrika egitasmo erraldoia da, nazio mailan hogei bat lagun ari gara lanean, baina hau ez litzateke posible izango Euskal Herrian dagoen sarea martxan ez balego. Batzordeak herrika antolatzen dira eta edonork hartu dezake parte, herritar zein eragileak. Aurten dei berezia egiten dute Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek, gazteek ere parte hartu dezaten eta erreleboa modu naturalean eman dadin.

Laster zabalduko da lekuko hartzeak eskuratzeko aukera. Kilometroak eskuratu beharrean, lekuko hartzeak eskuratuko dira aurten, otsailaren 1etik aurrera. Terminoa aldatu egin da, zuzenagoa delako, besterik gabe.

Zeintzuk dira Korrikarekin bat egiteko moduak? Korrika laguntzaile izan, arropa edo petoak eskuratu eta Korrika Kulturalaren baitan Kaka lana ikustera joan daitezke; Arrasate eta Aretxabaletan ikusgai egongo da, martxoan. Martxoaren 19tik aurrera Korrikarekin bat egitea ere bada modua: arineketan, oinez edo txaloka espaloitik, bakoitzak ahal duen gisa. Debagoiendarrek gauez, baina, beti bezala, harrera jendetsua espero dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak