Kh-7 Ecovergy taldearen Man 6×6 kamioia dabiltza gidatzen Saudi Arabiako lasterketan urtarrilaren 3tik Jordi Juvanteny, Jose Luis Criado eta Xavier Ribas pilotuak. Ibilgailu horrek mugarri teknologiko bat markatu Dakar Rally-an, sistema hidrogenoa eta elektrikoa uztartzen dituen lehenengo kamioi hibridoa izanik.
Kh-7 Ecovergy taldea hasia zen aurretik ere hidrogenoa erabiltzen. Aurten, baina, urrats berri bat egin nahian, hibridazio elektriko sistema bat gehitu dio Man 6×6 kamioiari, eta Fagor Ederbattek hornitu ditu horretarako ezinbesteko bateriak. "Horiei esker, kamioiak energia berreskuratu dezake, balaztatzean eta dunetako jaitsieretan sortzen den energia aprobetxatuta; indarra gorde dezake, jasotako energia baterietan metatuta, potentzia handia behar den uneetan motor nagusia laguntzeko; eta isuriak saihestu ditzake, tarte laburretan %100 elektrikoan gidatuta", azaldu dute Fagorreko arduradunek.
Gehitu dutenez, ekarpen horrek "sendotu" egiten du Fagor Ederbattek ibilgailu industrial eta astunen elektrifikazio prozesuan duen "erreferentzialtasuna", baita Fagorrek mugikortasun iraunkorraren bidean ekarpena egiten jarraitzeko duen "konpromisoa berretsi" ere.