Autoa erosi berri dut; zer estaltzen dute aseguruek?

Julen Murua Mesonero 2025eko abenduaren 23a

Pertsona bat errepidean autoaren kapota irekita duela. (Irudia: Freepik)

Demagun 18 urte bete berri dituen gazte batek gidabaimena atera eta bere lehenengo autoa erosten duela. Autoarekin lehenengo bidaiak egin aurretik, haren asegurua egitea da lehenengo urratsa. Noski, sekula egin gabeko zerbait izanda, zalantza asko izatea eta aseguruen bueltako nomenklatura ez ezagutzea da ohikoena.

Puntua aldizkariaren 481. zenbakiko Banoa etxetik atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Mapfre aseguruetxeko langile Ibai Rodriguezek dioenez, aseguruen gainean ezer ez dakien gazte batek jakin beharko lukeen lehen gauza da "auto baten asegurua egiterakoan ez dabilela soilik haren autoa aseguratzen; autoaren, oinezkoen, bizikleta-gidarien eta errepidean egon daitekeen edozeren asegurua egiten ari da, baita norbere bizitzarena ere. Autoaren asegurua egitera goazenean uste dugu soilik autoaz ari garela hizketan: Kolpe bat joz gero aseguruak bere gain hartzen du eta tailerrera eramango dut autoa. Baina, horrez gain, norberaren eta gainontzekoen bizitzaz ere ari gara".

Aseguru-motak

Autoaren asegurua egiteko orduan hainbat aukera eskaintzen dituzte aseguruetxeek, eta horietako bi dira hirugarrenentzako asegurua eta arrisku osotarako asegurua.

Aseguru motetan ezagunenak dira hirugarrenentzako asegurua eta arrisku osotarako asegurua

"Hirugarrenentzako asegurua zera da: demagun kolpe bat izan duzula eta erruduna zu izan zarela. Zure autoa tailerrera eraman behar baduzu, zure gain hartu beharko duzu kostua. Kolpea jaso duenak autoa tailerrera eraman behar badu, aseguruetxeak hartuko luke bere gain kostu hori. Arrisku osotarako aseguruei dagokienez, izan daitezke frankiziadunak edo frankiziarik gabeak. Frankizia da ezbehar bakoitzean aseguratuak bere poltsikotik ordaintzen duen kopuru finkoa edo kostuaren ehunekoa. Adibidez, 200 euroko frankizia izanez gero eta konponketa batek 1.200 euro balio badu, aseguratuak 200 euro ordainduko ditu eta konpainiak, berriz, gainerako 1.000 euroak", azaldu du Rodriguezek.

Kontuan hartzekoak

Aseguru-mota bat edo beste bat aukeratzeko orduan prezioak eragin handia du; izan ere, aseguruak bere gain hartzen duen kopuruaren arabera prezioa aldatu egiten da. Aseguru-etxeen arteko aldea ere ezberdina da prezioari dagokionez, baina Rodriguezek dio ez dela prezioan bakarrik oinarritu behar kontratatu nahi den aseguru-etxea aukeratzeko orduan: "Konpainia bat edo beste bat aukeratzeko orduan, garrantzitsuagoa da konparatzea norekin duzun konfiantza handiagoa prezioa konparatzea baino. Azkenean, larrialdi bat gertatzen bada asko baloratzen da telefonoaren aurrean pertsona bat laguntzeko prest egotea.

Prezioa garrantzitsua da, ez dago horren gaineko zalantzarik. Baina telefonoaren beste aldean dagoen pertsonak ere garrantzia du. Interneten aseguru asko daude gaur egun, baina ez dakizu nor dabilen telefonoaren beste aldean. Istripu baten zaudenean larri zaude, eta halako momentuetan asko eskertzen da aseguru-etxera deitzea eta erantzuten duen pertsonak lasaitasun-mezuak helaraztea eta laguntzea".

Ezinbesteko estaldurak

Auto baten asegurua egiteko orduan, Rodriguezek dio ezinbestekoa dela "auto berria bada arrisku osotarako asegurua izatea, frankizia txiki batekin edo. Besterik gabe, berria delako. Autoa zaharra bada, hirugarrenentzako aseguruak izan daitezke egokienak. Horiez gain, ezin gara ahaztu besteri eragindako kalteez, kalean ari den edonori kalteren bat eginez gero aseguruak bere gain hartu dezan".

Ohiko aseguru-motez gain, badaude azken urteetako gertakariek eraginda geroz eta gehiago kontratatzen diren aseguruak. "Gaur egun asko sartzen ari dira ehiza-abereek eta fenomeno atmosferikoek eragindako kalteak bere gain hartzen dituzten aseguruak. Edozein basurde, orein edo bestelako animaliaren baten aurka talka eginez gero bere gain hartzen du kalteen kostua ehiza-abereekin lotutakoak. Fenomeno atmosferikoen aseguruari dagokionez, Valentziako tanta hotza gertatu zenean, esaterako, poliza askok ez zuten fenomeno atmosferikoen asegurua kontratatuta, eta aseguru-etxeek ezin zieten aurre egin kalte haiei", azaldu du Rodriguezek. 

ASEGURUEN GAINEKO OHIKO GALDERAK

Ibai Rodriguez - Mapfreko langilea 

Gazteek autoaren asegurua egin nahi dutenean, badaude behin baino gehiagotan errepikatu diren hainbat zalantza. Nire kasuan, honako bi hauek nabarmenduko nituzke: zer gertatzen da autoa lagun edo familiako kide bati utziz gero eta istripua izaten badute? Zenbatean behin gomendatzen da asegurua gainbegiratzea edo aldatzea? Banan-banan erantzuna: nire autoa lagun edo familiako kide batek hartu eta istripua izango balu, autoa aseguratuta badago, hark jasandako kalteak aseguruak bere gain hartuko lituzke. Kontua da istripua izan duen pertsona hori polizan sartuta ez badago, hark jasandako kalteak ez lituzkeela bere gain hartuko aseguruak. Halako kasuetan, gomendatzen da etxekoak aseguruan sartuta egotea. Horrez gain, gazteentzako istripuen asegurua kontratatzea ere oso gomendagarria da, edozer gertatuz gero gastuei aurre egiteko garrantzitsua izango delako –etxeko ohea aldatu beharra, makinaren bat erosi behar bada...–. Bigarren galderari dagokionez, jendeak badu urtero etortzeko ohitura, eta prezioa igo egin dela esaten dute askok. Hala da, baina ohikoak ez diren gertaerek –danaren kasua, esaterako– eragina izaten dute horretan, eta halakoetatik errekuperatu egin behar izaten dute aseguru-etxeek. Kontratatutako asegurua gainbegiratzea ondo dago, eta pare bat urtean behin egitea ondo ikusten dut.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak