Puntua aldizkariaren 480. zenbakiako Banoa etxetik atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Aste osokoa, prest
Izan daiteke denbora faltagatik edo gurasoek prestatutakoak ordezkatzea ezinezkoa izateagatik, baina ohikoa da emantzipatutako gazteek norbere etxean otordu guztiak ez egitea. Haientzat guztientzat badago azken urteetan modan jarri den metodo bat: batch cooking-a.
Ulertzeko oso sinplea den metodologia da, eta oinarritzen da aste osorako otorduak aurrez planifikatzean eta prestatzean. Irati Gardoki nutrizionista antzuolarrak dioenez, "modu praktikoan, egun bat hartu eta oinarrizko elikagaiak prestatzen dira – proteina iturriak, karbohidratoak, barazkiak–; ondoren, astean zehar horiek konbinatuz plater osasuntsuak eta errazak egiten dira".
Metodologia horrek laguntzen du aste osoko otorduak aurrez planifikatuta izateko orduan, eta, era berean, horrek "denbora aurreztea eta elikadura orekatua izatea" dakar, Gardokiren arabera.
Edonori zuzenduta
Emantzipatu berri diren gazteen inguruan hitz egin arren, batch cooking-a "edonork" uztartzeko bezalakoa dela dio Gardokik, nahiz eta salbuespenak dauden. "Orokorrean, astea ondo planifikatuz gero, edonork jarrai dezakeen teknika da; izan ere, gomendagarria eta onuragarria da alderdi ekonomikoari zein osasunaren alderdiari dagokionez. Halere, astean zehar elikadura aldaketa handiak edo gaixotasun baten ondorioz dieta oso zehatzak jarraitzen dituzten pertsonen kasuan, posible da metodologia bere osotasunean aprobetxatzea zailtzea", azaldu du.
Aste osorako otorduak ondo planifikatzea da 'batch cooking' metodologiaren gako nagusia
Kontuak kontu, metodologia hori jarraituta, egun baten aste osoko otorduak presta daitezke. Gardokiren arabera, honako hau izango litzateke guztia prestatzeko beharrezko denbora: "Asteko planifikazioa egiteko, hamabost minutu ingururekin nahikoa izango litzateke. Ondoren, planifikatutakoaren arabera, bizpahiru orduko lana izango litzateke; betiere, elikagaiak prestatzeko beharrezko denboraren araberakoa, jakina". Gainera, Gardokik dio ez dagoela denbora horretan sukaldean sartuta egon beharrik: "Kozinatu bitartean egin daitezke beste gauza batzuk ere".
Janariarekin zer?
Aste osorako janaria kozinatuta, ezinbestekoa da prestatutako guztia ondo mantentzea. Hala, Gardokik janaria mantentzeko bi aukera proposatzen ditu: "Hozkailuan edo izozkailuan sartzea gomendatzen da; bi moduak daude ondo. Bat epe motzerako izango da eta bestea, epe luzeago baterako. Hozkailuan ez dira hainbeste galtzen ezaugarri organoleptikoak; izozkailuan, aldiz, bai. Halere, kontserbazio epe luzeagoa dauka izozkailuak, eta arrisku gutxiago hartzen du elikagaiak. Hozkailuan gehienez hiruzpalau egunez gordetzea gomendatzen da, kristalezko ontzi hermetikoetan. Ondoren, izozkailuan sartu beharko litzateke".
'Batch cooking' sistemarako aholkuak

IRATI GARDOKI LARREA
Nutrizionista
Asteko otorduak antolatzeko batch cooking sistema erabiltzeko gakoa da plangintza ona izatea. Lehenik eta behin, janaria asteko zein egunetarako prestatu behar den erabaki behar da, eta, horretarako, kontuan hartu behar dira etxetik kanpoko otorduak; izan ere, garrantzitsua da bermatzea kozinatutako janaria alferrik galtzen ez dela eta astean zehar denbora aurrezten dela.
Batch cooking-a egiteko elikagai ugari hautatu daitezke, baina honako hau da adibide errazena: proteina gisa oilasko paparra eta lekaleak – txitxirioak, adibidez– aukeratu daitezke; karbohidrato gisa, arroza eta patata; eta azkenik, barazkiak wok erara prestatu daitezke. Prestatutako janariak ontzietan gorde behar dira, eta, modu horretara, astean zehar askotariko konbinazioak egiteko aukera egongo litzateke, eta otordu azkarrak eta osasuntsuak sortu. Adibidez, oilaskoa eta arroza wok barazkiekin batera prestatu daiteke, edo lekaleak wok barazkiekin batera.
Era berean, konbinazio bakoitza apur bat aldatuta, osagai berekin plater ezberdinak sortzea lor daiteke astetik astera: barazkiak hainbat modutara prestatuta, oilaskoari saltsa ezberdin bat gehituta eta lekaleak entsaladetan erabilita, adibidez. Otorduak antolatzeko sistema horrek malgutasuna ematen du antolaketari dagokionez, eta asteko elikadura orekatua izatea errazten du.