Ane Elordik Korrikako arduradunak eta Pello Reparazek Xiberutikan Mendebaldera kantaren egileak, gaur aurkeztu dute 24. Korrikako abestia eta bideoklipa. Lehenengo aldiz, AEK osoak prozesu demokratiko baten bitartez aukeratu du kantaren enkargua nori egin, eta, hala, pertsona hori Reparaz izatea erabaki dute.
Dena den, Reparaz kantuaren eta letren egilea izan arren, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariek ere parte hartu dute abestian. Bideoklipari dagokionez, plano-sekuentzian grabatuta dago, eta Reparaz bera arduratu da zuzendaritza-lanaz. "Ez da enkargu hutsa, kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da", esan du Reparazek. Korrikako arduradunak berriz, "eskerrak" eman dizkio Reparazi, "kanta zoragarria ekoizteagatik".
Euskarara hurbiltzeko gonbita
Pello Reparazek azaldu du, kantari "mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea" ematen ahalegindu dela. Abestiaren helburua, jendarteari euskarara hurbiltzeko gonbita egitea dela ere esan du Repazek: "AEKren euskaltegietan izena ematera lehen urratsa emateko, alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko, edota Korrikan kilometro bat gehiago egitera sustatzeko balio badu, kantak bere funtsa beteko du".
Azkenik, Euskara gara leloaren pisu handia ere nabarmendu du kantaren egileak. "Ez gara bakarrik hizkuntzaz ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara", amaitu du Reparazek.