Erronka energetikoari heldu, horren gaineko eztabaida zabaldu eta erabakiak hartzeko garaia iritsi da XXI. mendean. Bilakaera, baina, "gazi-gozoa" izan dela dio Unai Pascualek –Ikerbasqueko ikerlaria Klima Aldaketaren Euskal Zentroan–: "Azken bost urteotan iritsi da eguneroko eztabaidara. Hortaz, etxerako lanak berandu hasi ditugu eta orain arrapaladan gabiltza teoriatik praktikara eramaten". Hain zuzen, 2020ko urrian eratu zen Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sarea, erronka horrekin eta beste hainbatekin kezkatuta; helburua zen, besteak beste, eskualde klimatikoki neutroa lortzea 2050erako. Hamahiru erakundek –Gobernu Batzordea eratzen zutenak– sinatu zuten hitzarmena, Eskoriatzan egindako ekitaldian, eta abiapuntu haren ondoren bata bestearen atzetik etorri dira pausoak.
Isurpenetan, gainetik
2024ko otsail hasieran Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea onartu zuten Eusko Legebiltzarrean, 2050erako klima neutraltasuna lortzea helburu. Bilakaera bat izan arren, neutraltasun horretatik urrun dago oraindik Debagoiena.
2019an energia kontsumoaren %30 bakarrik zen elektrikoa Debagoienean
CO2 isurketei dagokienez, beste lurralde batzuekin alderatuta gainetik dago: pertsonako 8,53 tona isurtzen ditu urtean –EAEn 8,4, batez beste, eta Europako Batasunean, 7,9–. Izan ere, Debagoiena industria askoko lurraldea da, eta energia kontsumitzaile handia. Bestalde, garraioari dagokionez ere kontsumo maila handia du; biztanleko 0,52 auto dago –Gipuzkoan eta EAEn 0,46–.
Hala, industria eta garraioa dira isurpenetan kontsumo gehien duten sektoreak, %80tik gora. Etxebizitzak dira hirugarrena, CO2 isurietan %8 eragiten baitute. Kontsumitutako energiari dagokionez, industria da handiena duena (%50), eta gero datoz garraioa (%33), etxebizitza (%9) eta zerbitzuak (%8).
Eolikoa eta fotovoltaikoa
CO2 emisioak murrizteko, elektrifikazioa da helburua. "Elektrifikazio maila oso baxua dugu gaur egun, eta, horretarako, berriztagarrien hedakuntza ordenatu bat behar da", azaldu du Pascualek. 2019an energia kontsumoaren %30 zen bakarrik elektrikoa Debagoienean, eta, sei urteotan gora egin badu ere, oraindik kontsumo elektriko osoaren %14 da berriztagarrietatik datorrena. Berriztagarrien sorkuntza handiena, hain zuzen, Elgeako parke eolikoak ematen du. Debagoienean eraiki zen lehenengoa izan zen, 2000. urtean, Elgeako mendilerroan; 40 errotak osatzen dute eta horietatik hamahiru daude eskualdean.
Azken lau urteetan eskualdean hainbat parke eoliko egiteko baimen eskaerak egin dira
2021etik parke eolikoak egiteko hainbat eskaera iritsi dira eskualdera: Itsaraz, Trekutz, Miritxa eta, azkena, Basalgo. Proiektuak, baina, ez dituzte begi onez hartu herri gehienetan. Aramaixo Bizirik herri plataformak 400 alegazio aurkeztu zituen Itsarazen aurka, eta Espainiako Gobernuak ukatu egin zion baimena Statkraft enpresari; Antzuolan, ostera, Meaka-Irimo herri plataformak 3.000 sinadura jaso zituen Trekutzen aurka. Eta Basalgoren kasuan, oraindik zabalik dago alegazioak aurkezteko epea.
Berriztagarrien aldeko apustuaren baitan komunitate energetikoak sortu dira azken urteetan. Leintz Bailarako Ekiola izan zen lehenengoa, 2021ean, eta dagoeneko martxan ditu instalazio fotovoltaikoak. Ondoren etorri ziren Bergarakoa, Elgetakoa, Eskoriatzakoa eta Oñatikoa –Aramaion hausnarketa fasean daude–.
Adostasunen bila
Elektrifikazioarekin batera murrizketa aipatu du Pascualek: "Desazkunde energetikoa eta materiala behar dira. Horretarako, gizarte eredua aldatu beharra dago". Eta prozesu sozial eta politikoa behar dela gaineratu du. Ildo horretatik, Argitzen prozesua abiatu zuten 2025eko maiatzean. Udal gobernuek, bailarako eragileek, industriek eta ehun komunitarioek elkarlanean lanketa bat egin ondoren, deliberazio prozesu bat jarri zuten martxan urrian, 50 herritarrekin. Horren helburua da gomendio-sorta bat zehaztea, soluzioak adostasunetatik eraikitzeko, trantsizio horretan aurrera egiteko.