Nahia Alkorta: "Oso normalizatuta dugun indarkeria mota bat da indarkeria obstetrikoa"

Txomin Madina Milikua 2025eko abenduaren 2a

Nahia Alkorta (Argazkia: Txomin Madina)

Sabeletik mundura ekimenaren sustatzailea, Nahia Alkortak (Zizurkil, 1986) lehen eskutik ezagutzen du zer den indarkeria obstetrikoa; hau da, haurdunaldian eta erditzean gertatzen dena. Mi parto robado liburua idatzi zuen, haren esperientziatik abiatuta, eta gaiaren inguruko saio bat egin du Oñatiko Jabetze Eskolan. 

Puntua aldizkariaren 478. zenbakian argitaratutako elkarrizketa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Nahia Alkortak ez du ahazteko 2012ko uda: lehen umearen erditzean, indarkeria obstetrikoaren biktima izan zen. Gerora, Nazio Batuen Erakundeak ere aitortu zion hori, nahiz eta epaitegietako borroka judiziala ez den bukatu.

Emakume askorentzat lehen umearen jaiotza bizitzako momenturik politena edo bereziena izaten da; zure kasuan, baina, ez zen horrela izan, ezta?
Ez nago ados, ez da bizitzako momenturik onena; izan ere, iruditzen zait zaplazteko handia izaten dela emakume askorentzat. Eta, maila pertsonalean hitz eginda, indarkeria obstetrikoaren biktima izan nintzen eta, ziurrenik, bizitzako momenturik gogorrenetako bat izan zen niretzat. Momentu hartan biziraute moduan sartu nintzen, baina oso esperientzia traumatikoa izan zen.

Zer gertatu zen, bada?
Ni osasuntsu nengoen, gaztea nintzen, haurdunaldi desiratua zen eta uda zen. Eta uda izatea faktore garrantzitsua izan zen. Izan ere, ez zegoen nahiko oherik plantan, ez zegoen nahiko gelarik erditzeko, eta presarekin hasi zen erditzea. Poltsa hautsi nuen, baimenik gabe beharrezkoa ez zen indukzio bat egin zidaten eta horren ondorioa izan zen beharrezkoa ez zen zesarea bat egin zidatela. Eta hori guztia gertatu bitartean, ahozko tratu txarrak, derrigortzeak, etengabeko zalantzan jartzeak eta ordu luzez iraun zuen jazarpen egoera izan ziren.

Zuk zeuk, egoera hura bizi aurretik, bazenekien zer zen indarkeria obstetrikoa?
Bai, informatua nengoen, baina sinetsita nengoen baita ere hemen ez zela horrelakorik gertatzen. Eta, agian, hori izan zen zaplaztekoaren arrazoietako bat, munduko osasun sistemarik onena geneukan ustea. Banekien gertatzen zela, eta Espainiako Estatuko kasu asko ezagutzen nituen, baina oso lasai joan nintzen erditzera; esan bezala, hemen gertatzen ez zen sinesmenarekin. Gerora jakin dut ez naizela kasu bakarra, emakume askok bidaltzen dizkidate-eta testigantzak; hamahiru urteotan nirearen oso antzekoak diren bizipenak ia-ia astero iristen zaizkit.

Zer sartzen da indarkeria obstetrikoaren barruan?
Indarkeria matxistaren adierazpide bat da eta horrelaxe dago jasota Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legean. Barruan hartzen Erditzearen araberakoa da. Nik zortea eduki nuela esaten dut, nirea nahiko erditze normala izan zelako eta ez daukagulako ondorio fisiko larririk. Beste kasu batzuetan eragin ditzake ondorio fisikoak; badaude bizi osorako gernuinkontinentzia edo fekala dutenak. Erditzea bortitza denean, umeak ere jasan ditzake lesioak. Niri sortu zidana trauma osteko trastornoa izan zen, gerra egoeretan gertatzen den hori. Gauzak horrela, ondorio fisikoak zein psikologikoak sortu daitezke.

"Osasun sistema bera da matxista, erdigunean gizon zuri diruduna kokatzen da"

Zu ez zinen eskuak gurutzatuta geratu; epaitegietara jo zenuen eta Nazio Batuen Erakundeak ebatzi zuen indarkeria obstetrikoaren biktima zinela. Aitortza jasotzeaz harago, zer ekarri dizu horrek?
Ni momentuan bertan oso kontziente izan nintzen gertatzen ari zen guztiak ez zuela gertatu behar. eta zesarearen osteko errekuperaziotik gelara igotzean egin nuen lehen gauzetako bat izan zen, umea ekartzeko eskatzeaz gain, nik ez nuela ezer ere sinatu esatea. Hori horretan geratu zen, baina, zorionez, ginekologo pribatu batek esan zidan nire erditzean gertatu zenak ez zuela gertatu behar; nolabait ere, nire buruak klik egin zuen eta pentsatu nuen: "Nik ez dut hau beste inori gertatzerik nahi". Haurrak hiru hilabete bete zituenean, abokatu batengana jo nuen; asmoa zen ospitalera gutun bat bidaltzea, ni nola sentitu nintzen jakin zezaten eta aldaketa bat egon zedin. Horrelakorik ez zen iritsi, eta Espainiako Estatuko bide guztiak agortzera eroan ninduen prozesu judizial bati ekin nion. Pentsatzen nuen epaileek ulertuko zutela gizon bati baimenik gabe basektomia bat egin ezin zaion bezala, emakume bati ezin zaiola baimenik gabeko zesarearik egin. Baina dugun justizia patriarkalak ez zuen horrelakorik ikusi. Momentu batean, nire eta beste hiru emakumeren kasuak Nazio Batuen Erakundera iritsi ziren abokatu talde baten eskutik. NBEk kasuak banaka artatzea erabaki zuen, eta nirea mundu mailan indarkeria obstetrikoa aitortzen duen bigarren ebazpena izan zen. Ze ondorio izan zituen horrek? Sozialki ondorio positiboak ekarri ditu, gaiaz hitz egiten ari garelako eta egindako bideari ere nolabaiteko errekonozimendua delako. Baina oraindik ere bide judiziala ez da amaitu: ebazpenak ez dira bete eta berriro ere Espainiako Estatuko justiziaren ateak jo eta prozesu judizial luzeetan sartzera derrigortuta gaude, horrek denbora aldetik zein ekonomiko eta emozionalki dakarren kostuarekin. Gaiaz etengabe berba egitearen prezio eta neke emozionala oso handia da.


Nahia Akorta Mi parto robado liburua eskuan duela. (Argazkia: Txomin Madina)

Artatzen zaituen osasun langilea gizonezkoa edo emakumezkoa izateak badu eraginik indarkeria gineko-obstetrikoari dagokionez?
Galdera hori askotan errepikatzen da eta tokiz kanpo dagoela iruditzen zait. Indarkeria matxista mota batez hitz egiten ari gara eta hori jendarte matxista baten barnean kokatu behar dugu. Askotan, indarkeria justifikatzeko erabiltzen den argumentua da emagin edo ginekologo gehienak emakumeak direnez ez dela posible indarkeria matxista izatea. Baina osasun sistema bera da matxista, eta erdigunean gizon zuri diruduna kokatzen da; hori da abiapuntua. Egia da tratuan ez dagoela diferentzia askorik; formakuntza bera jaso eta sistema beraren parte direnez, erditzean gizonek edo emakumeek parte hartu, testigantzak, normalean, oso antzekoak dira. Halere, osasun-arreta desegoki hori edo indarkeria hori emakume batengandik jaso dutenean, emakumeek modu mingarriagoan bizi dute. Baina arazoa sistema da, eta horretan dago indarkeria obstetrikoaren bereizgarrietako bat beste indarkeria matxista mota batzuekiko: osasun langilea bera ere biktima da, sistemaren presioaren, hierarkizazioaren, denboren eta baliabideen ondorioz indarkeria hori eragitera behartuta dagoelako zenbaitetan, nahiz eta jakitun izan ez dela justua.

"Sinetsita nengoen hemen ez zela indarkeria obstetrikorik gertatzen"

Osasun sistema publikoak zenbateraino bermatzen du bakoitzak jaso nahi duen arreta ginekologikoa aukeratu eta jasoko duela?
Hor barne eztabaidak ditut. Batetik, uste dut ez dugula zertan jaso nahi dugun arreta hori. Hau da, zerbitzuak izan behar du kalitatezkoa, ebidentzia berrienetan oinarritua eta errespetuzkoa. Nik, akaso, nahi dut ez dakit ze musikarekin edo argirekin erditzea eta horretarako baliabiderik ez egotea. Hori ulertu dezaket. Baina errespetua ezin dugu negoziatu. Eta hor dago gakoa, arretak izan behar duela errespetuzkoa mundu guztiarentzat, eta emakumeok ez dugula zertan erditzera informatuta joan. Edozein emakumek, hemengoa izan edo etorri berria izan, hizkuntza jakin edo ez, haren klase soziala bata edo bestea izan, errespetuzko arreta hori jaso behar du. Eta momentu honetan, tamalez, hori ez da bermatzen.

Gerora, beste bi ume izan dituzu. Igarri zenuen gauzak aldatu direnik?
Ez ziren lehen erditzearen modukoak izan, nik neuk ere autodefentsatik bideratutako erditzeak izan zirelako. Ez nintzen ospitale berera joan eta mugak ere oso argi utzi nituen. Txikiena, gainera, pandemia erdian jaio zen; tentsio handiko unea zen osasun arretari dagokionez, eta, zorionez, etxean jaiotzeko aukera izan zuen. Baina, beste emakume batzuen kontakizunak entzunda, ezin da esan arreta aldatu denik.

Nondik hasiko zinateke gauzak aldatzen?
Hasteko, aitortza bat behar dugu, Ginekologia Elkargoak eta mediku elkarteek terminoa bera ukatu egiten dutelako oraindik ere. Behin existitzen dela aitortuta, horren gainean hasi beharko genuke lanean. Nazio Batuen Erakundearen ebazpena oso argia da horretan: ikertzea eskatzen du, baita osasun langileak eta langile judizialak formatzea ere. Eta, bestetik, behar duguna da gai honen inguruan hitz egiten hastea: gure gorputzaren gainean erabakitzeko ahalmenaz eta betebeharraz kontziente izan behar dugu; guk erabaki behar dugu zein tratamendu hartzen dugun eta zein ez, eta osasun sistemak hori errespetatu behar du, pazientearen autonomiaren legeak dioen moduan.

"Gure gorputzaren gainean erabakitzeko ahalmenaz eta eskubideaz kontziente izan behar dugu"

Amatasun feminista aldarrikatu eta zabaltzen duzu zuk. Zerk egiten du feminista amatasun bat?
Betaurreko moreak janzten dituzun momentutik, ezinezkoa da bertatik horiek kentzea. Amatasuna bada zaurgarritasun egoera berezi bat. Asko ari gara eztabaidatzen zaintzaren inguruan, baina gutxi ari gara hitz egiten amez, eta, horiekin hitz egitean, oso ohikoak dira zama mentala, ezin iritsia, antsietatea... Hortaz, betaurreko moreak jantzita dauzkagun belaunaldi oso batek ama izatea hautatzen badu, behar horiek identifikatu eta modu kolektiboan landu behar ditugu. Amatasun batek feminista izateko hasteko hautatua izan behar du, eta horretarako ezinbestekoa da abortatzeko eskubidea bermatuta egotea.

"Haurdunaldiko eta erditze faseko orgasmoak izugarriak dira", esan duzu orain gutxi Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean. Horrelakoek zenbateraino jarraitzen dute tabu izaten gizartean?
Izugarria da. Sareetan zabaldu zenean, bideo horrek sekulako inpaktua izan zuen, eta, gerora, zenbat emakumek esan didate: "Bai, bai, horrela da, baina nik ez nekien!". Has gaitezen horrelakoez hitz egiten! Lehen aipatutako formakuntza faltatik dator dena: ez dugu gure gorputzarekiko kontzientziarik, ez dugu gure artean hitz egiten eta badirudi haurdunak birjina izan behar duela. Eta ez; hormonek gure alde jokatzen dute eta esploraziorako garai oso polita izan daiteke. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak