Idurre Eskisabel: "Euskarak pizkunde berria behar du"

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko abenduaren 1a

Idurre Eskisabel Larrañaga (Argazkia: Esukalgintzaren Kontseilua).

Euskararen egoera larria dela dio Euskalgintzaren Kontseiluko idazkariak, eta Pizkundea aldarrikatzeko unea dela; Bilbon da hasierako ekitaldia, hilaren 27an.

Euskaren aldeko Pizkunde berri baten abiapuntua aldarrikatu zuten Arantzazun duela hilabete, eta hil honen 27an Bilbon egingo den ekitaldirako dei egin. Euskaltzale guztiak gonbidatu ditu Idurre Eskisabel Larrañagak (Beasain, 1970).

Zergatik egin da orain Pizkunderako deia?

Izan zitekeen duela bi urte ere, egia esan, euskararen bueltako gauzak ondo ez doazen sentsazioa orduan ere bazegoen eta. Baina azken hilabeteetako oldarraldi judizialak izan dira nolabaiteko adierazle sentsazio hori gero eta handiagoa dela ikusteko. Ziklo baten bukaeran gaude. Euskarak gero eta erronka handiagoak ditu eta orain arteko diskurtsoa ez da nahikoa horri aurre egiteko. Uste dugu badela garaia larrialdi egoera batean gaudela esateko eta Pizkundearen garaia dela aldarrikatzeko.

Nork eta nola egingo du Pizkundea?

Euskaltzaleek egingo dute, lehen ere egin zuten moduan. Iraganera begiratzen badugu, beste bi aldiz sentitu dute, gutxienez, euskara egoera larrian zegoela eta bietan egin zieten aurre ordukoek aldarte hari. XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera bitartean izan zen lehenengo aldiz; lore-jokoak, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza sortu zituzten orduan, esaterako. XX. mendeko 60ko hamarkadan berriro sumatu zuten krisia eta berriz batu ziren euskaltzaleak hura gainditzeko. Oraingoan ere euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzea da asmoa. Euskaltzaletasuna zerbait bada, hori itxaropena da; ordukoek ere bazuten lortuko zuten itxaropena.

Horrek mundua ere hobetuko duela diozu.

Uste dut euskarak bizi duen egoera larria beste hizkuntza minorizatu askok bizi dutela mundu osoan. Klimaren arazoa krisi sistemiko bat da, eta uste dut hizkuntza horien arazoa ere krisi horren adar bat edo horren parte dela. Bestalde, mundu mailako panorama aldrebesa da, orokorrean, eta uste dut euskararen alde eginda, zeharka bada ere, mundu hobeagoa egiten lagunduko genukeela.

Nolakoa izango da hilaren 27an Bilbo Arenan egingo den ekitaldia?

Kultur giroko ekitaldia izango da, jai girokoa, agian, baina izango da elkarrekin egoteko momentu bat. Arte eszeniko asko egongo dira ordezkatuta –musika, bertsolaritza, dantza...– eta kulturatik egindako proposamena izango da, elkartzeko eta arnasa hartzeko, pozetik eta arduratik. Euskaltzale sentitzen diren denak daude gonbidatuta.

Eta egun horretatik aurrera, zein izango da hurrengo pausoa?

Bilbon egingo den ekitaldi hori izango da hasiera bat. Hortik aurrera sortuko dira beste elkargune batzuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak