Euskaltzaletasuna indartzeko eta hizkuntza-politiketan jauzia egiteko deia

Mirari Altube Arrese 2025eko abenduaren 2a

Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten euskararen aldeko gizarte eragileen ordezkariek adierazpen bateratua.

Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten euskararen aldeko gizarte eragileen ordezkariek adierazpen bateratua irakurri dute gaur, abenduak 2, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan. Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuak bizi duen "kinka larriaren"
irakurketa eta hura gainditzeko bidearen proposamena azaldu ditu Idurre Eskisabel idazkari nagusiak.

Euskararen biziberritzeko prozesuaren erronka nagusiak zerrendatu ditu Kontseiluak, larrialditik indarraldirako bidean hizkuntza politiketan jauzi bat bultzatzea eta euskaltzaletasuna indartzea eskatu ditu. Hala, euskararen aldeko ekimenak bultzatzeko deia egin du Eskisabelek, eta abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez
betetzera gonbidatu, Pizkunde berri baten "lehen txinparta" izan dadin.

Euskararen Eguneko adierazpena

Orain urtebete, 2024ko Euskararen Nazioarteko Egunaren kariaz, euskara eta euskal
hiztun komunitatea hizkuntza-larrialdian geundela adierazi genuen Euskalgintzaren
Kontseilua osatzen dugun eragileok. Larrialdian ginela adierazi eta argudiatu genuen
datu soziolinguistikoak, estatusarekin ditugun arazoak eta globalizazioaren egungo
aldaerak parez pare jarri dizkigun erronka itzelak aintzat hartuta. Baina orain urtebete
egin genuen adierazpen garrantzitsuena ez zen hori izan, baizik eta euskal gizartearekin hartu genuen konpromisoaren azalpena. Izan ere, hitz eman genuen etsipenari iskin egin eta larrialdia indarraldi bihurtzeko ahaleginari ekingo geniola kementsu.

Gaur, urtebeteren buruan, zoritxarrez, euskarak eta euskal hiztun komunitateak larrialdian segitzen dugu. Amaitzear den 2025 honek ekarri digun albisteetako bat da Siadecok UEMArentzako egindako ikerketaren arabera hizkuntza-politiketan jauzi bat
egin ezean 2036an euskarari ez zaiola arnasgune geografikorik geratuko. Beste
albiste bat: oldarraldi judizial, mediatiko eta politikoak ez duela atsedenik izan. Astean
behingo maiztasunez datoz euskararen normalizazioaren aurkako epaiak,
ofizialtasunaren eraisketa sistematiko bat ari da gertatzen… Ez da dudarik, etorkizuna
dago jokoan.

Baina albistea da, baita ere, Kontseiluak aurrera egin duela orain urtebete hartutako konpromisoan, larrialdia indarraldi bihurtzeko bidean. Batetik, euskararen normalizazioan jauzia ematearen aldeko adostasun soziala zabaltzeko engaiamenduari dagokionean. Hain justu, irailaren 26an aurkeztu genuen Batuz Aldatu prozesuaren emaitza: ‘Itun soziopolitiko berrirako eskaintza’. Dagoeneko Euskal Herri osoko 130tik gora gizarte eragile dira euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko zumeak jartzen dituen proposamen honekin bat egin dutenak: Athletic edota Reala, Bizkaiko Abokatuen Elkargoa zein Gipuzkoako Erizainena, Mondragon Korporazioa zein Iparraldeko Laborantza Ganbera, Bilgune Feminista eta pentsionisten elkarteak, Euskal Aktoreen Batasuna zein Nafar Ateneoa… Gure gizarte askotariko eta konplexuaren lagin zabala. Azkena batu direnen artean daude EHU, Deustuko Unibertsitatea edota Labayru Fundazioa.

Horien denen artean jositako akordio soziopolitiko berrirako proposamenean argi
jasotzen dira zeintzuk diren euskararen normalizazioan aurrera egiteko ez ezik, gure
gizartean hizkuntzaren inguruan ditugun korapiloak askatzeko bi gakoak: batetik,
etorkizunean herritar denek euskararen jabe izango diren gizarte baterako zumeak
jartzea. Bestetik, erabileran eragitea, normal erabiltzeko eremuak sortuz, garatuz eta
hedatuz. Finean, horiek dira hizkuntza ideologia supremazista eta baztertzaileak
gainditu, eta hizkuntza berdintasunean, justizia sozialean, askatasunean eta
bizikidetzan aurrera egiteko bidea. Laburbilduz, demokrazian sakontzekoa.
Kontseiluak hartutako konpromisoaren beste emaitza bat da euskarari Pizkunde berri
bat emateko helburuz euskaltzaletasunaren giharra indartzeko abiatutako bidea. Orain urtebete esan genuen larrialditik indarraldirako urratsa egiteko modua euskara
lehentasunetara ekartzea dela, lehen lerrora. Eta horrek izen bat dauka: euskaltzaletasuna.

Aingeru Mimentza Sanchez komunikazioa@kontseilua.eus 696 981 662
Hain zuzen ere, lehenago ere izan da euskararen etorkizuna jokoan, eta galtzear izan
den une horietako bakoitzean, euskaltzaletasunak, euskaltzaleek, eragin dute
euskararen Pizkundea. Milaka herritarren eguneroko erabaki, ekintza eta keinuek.
Euskaltzaletasunak ekarri du euskara bizirik gaurdaino. Euskaltzaletasuna itxaropena
baita. Mundua ikusteko modu bat. Arestian aipaturiko jarrera supremazisten aurrean
hesi bat, hizkuntza, herri, kultur, hiztun komunitate eta hiztunen berdintasunarekin
engaiatua. Mundua hain aldrebes dabilen garaiotan oinarrizko gizatasun balioekin
uztartzen den jarrera politiko bat. Izan ere, mundua hainbeste eskubide eta balioren
aurka datorren honetan, euskara dugu guk munduaren alde.

Beraz, kinka larri honetan ezinbestekoa da berriro ere euskara lehen lerrora ekartzea,
euskaltzaletasuna indartzea. Gizarte eragileak horretan ari gara. Milaka herritar
sumatzen ditugu horretarako prest. Eta, orain urtebete esan genuen bezala, indar
politikoek eta, bereziki, instituzioek beren erantzukizun eta eragin gaitasunetik euskara lehen lerrora ekartzea eta euskaltzaletasunera lerratzea ezinbestekoa da. Euskara larrialdian dago eta hizkuntza-politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa da etorkizuna bermatzeko. Luzamendurik gabe. Itxaropena jorratzeko garaia da, baina ez
itxarotekoa. Jauzia orain behar dugu, berandu izan ez dadin.

Orain urtebete bezala jauzi horretan erakundeen lagun eta kide izateko prest segitzen
du euskalgintzak. Elkarlanerako besoak zabalik. Azken hamarkada luzeetan
euskararen normalizazio eta biziberritzearen egunerokotasun xumearen garraiatzaile
nagusi izan den euskalgintzak: hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean,
euskaltzaleen saretze eta aktibazioan, eremu sozio-ekonomikoan, kulturan,
hedabideetan, ezagutza soziolinguistikoaren lanketan, teknologia berrietara
egokitzen… Sarritan borondatezko ekimenez, sarritan baldintza prekariotan, baina beti itxaropena eta euskararekiko eta gizartearekiko konpromisoa ipar. Euskarari
etorkizuna emateko ezinbestekoak dira euskalgintzak metatutako ezagutza, giza
kapitala eta engaiamendua. Eta, jakina, euskalgintzako eragileei horren aitortza egitea.

Honekin batera, euskaltzaletasuna indartzeko deia egiten diegu norbanako euskaltzale guztiei, bizi diren herri eta auzoetan, lantokian, ikastetxeetan, zein arlo guztietako elkarteetan batzera, elkarrekin antolatzera, hizkuntzaren auzia mahai gainera eta lehentasunetara ekartzera, ekimenak biderkatzera.

Beraz, hel diezaiogun honi guztiari bihartik. Hasteko, 2025eko Euskararen Eguna izan
dadila guztiok euskararen Pizkunde berriari begira jarriko gaituen data. Eta horren
ostean, abenduaren 27an, bihur dezagun Bilbao Arena Pizkundearen lehen txinparta:
batu gaitezen bertan euskaltzaleok, hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta
justizia sozialean sinesten dugun herritarrok. Eta, jakina, euskarari etorkizun bizi eta
oparo bat eman nahi diogun guztiok.

Euskaltzaleon garaia da, badator Pizkundea!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak