Gaur arratsaldean banatu dituzte Andoaingo Bastero Kulturgunean 37. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Kazetaritza saria, Mendez mende dabilen lanbidea garai berrietara egokitu nahian, Argia hedabiderako Jenofa Berrokoirigoinek sorturiko erreportajeak irabazi du, eta komunikazio saria, ON.EUS atariak irabazi du.
Goiena Komunikazio Taldearen Datuetatik tiraka saioa, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako zortzi finalisten artean egon da. Epaimahaiak aitortu duenez, saioko emanaldiek "askotan hotz eta urruneko jotzen ditugun datuak, gertutasunez eta giza-beroz janzten ditu".
Miren Berasategi, Eneko Bidegain, Itxaro Borda, Angel Erro, Pantxika Maitia, Libe Mimenza, Marta Lasa eta Arantza Aguadok osatutako epaimahaiak kazetaritza sarietarako aukeratutako beste hautagaiak hauek izan: Ur handitan. Palestina, gatazka amaigabea, Baleukok ETBrentzat ekoitzitako ikus-entzunezkoa, eta Boiseko Jaialdiari buruz Nagore Arinek Berria hedabiderako sorturiko dokumentala eta kronikak.
Horrez gain, komunikazio sarian hauek izan dira beste finalistak: Zurrunbilo, Elhuyarrek gazteen osasun mentalari buruz sorturiko proiektua, ULUA, Ulu Mediak gazteentzat sortutako hedabide digitala eta Erdalduntze makina, GUKA Euskaltzaleen mugimenduak Bilbon eginiko kanpaina.